Kartoizko kaxak berrerabiltzeko 5 ideia
Kartoizko kaxa piloa duzu etxean, eta ez dakizu zer egin? Ezta bota, gero! Jakiten duzuneanzenbat aukera eskaintzen duten, aprobetxatu egin nahiko dituzu. Eta hoberena da kartoizko kaxak birziklatzeko ideia hauek ezagutzeak zuri mesede egingo dizula, baina baita ingurumenari ere.
Jasangarriagoa izateko bideari ekiteko, gure eguneroko ekintza txikiek zer eragin duten eta gure ekintzek Lurrean ahalik eta eragin negatibo txikiena izateko egin ditzakegun aldaketak ezagutu behar ditugu.
Urrats erraz eta praktikoenetako bat berrerabiltzen hastea da, hau da, bigarren bizitza bat ematea etxean ditugun gauzei. Etxean pilatu ohi zaizkigun eta gehiegi pentsatu gabe bota ohi ditugun elementu horietaz ari gara, kartoizko kaxak, esaterako. Alabaina, harago ikusteko gai bagara, erabilera asko dituzte. Ez duzu uste? Jarraitu irakurtzen, zapata-kaxa soil bati atera diezaiokezun probetxu guztia ezagutzeko.
1. Ezusteko kaxa musika-zaleentzat
Kontzertu baterako sarrerak, berez, sekulako oparia dira musika-zaleentzat, baina, horrez gain, modu berezi batean ematen badira, mutu geratuko dira. Estetikaz harago, sarrerak piano baten barruan baleude bezala aurkeztea, opariaren zati izango da eta, eskulan bat izango denez, pertsona hori zuretzat zein garrantzitsua den erakutsiko da.
Horretarako, elementu hauek izan beharko dituzu:
- 1 zapata-kaxa zuri
- Errotuladore beltza
- Erregela
- Zinta itsasgarri beltza
- Zetazko papera edo opari-papera
Gauza guztiak batu eta gero, lehen urratsa pianoaren tekla zuriak margotzea izango da. Horretarako, egokiena kaxaren tapa neurtu eta marra beltzekin zatitzea da, tekla guztiek neurri bera izan dezaten. Ondoren, zinta itsaskorrarekin, tekla beltzak egingo dituzu. Oraingo honetan ere garrantzitsua da guztiek neurri bera izatea, itxura profesionalagoa emateko.
Hurrengo urratsa kaxa betetzea izango da, zetazko paperarekin, sarrerekin eta sartu nahi dituzun beste xehetasun batzuekin (zuen argazki bat, gutun bat, goxokiak…). Azkenik, kaxaren kanpoaldea ere dekora dezakezu, mezu polit bat idazteko pegatina batekin, esaterako. Beti gogoratuko da opari honekin!
2. Pieza handiko “Jenga” jokoa
Zorteko dira gurasoek etxean kartoizko kaxa asko pilatu dituzten umeak. Une atsegin bat pasatu ahal izango baitute apainduz edo jolastuz. Kasu honetan, pieza handiekin egindako jenga joko bat muntatzea proposatzen dizugu: kaxekin dorre bat egiten da eta erabiltzaile bakoitzak piezak kendu beharko ditu baina dorrea bota gabe.
Horretarako, elementu hauek behar dituzu:
- Zapata-kaxak (zenbat eta gehiago, orduan eta hobe)
- Koloretako pinturak
Kaxa guztiak lortu eta gero, jokoaren lehen zatia kaxa horiek apaintzea izango da, jenga politagoa izan dadin. Jarduera are dibertigarriagoa eta bereziagoa egiteko umeentzat, familia guztiak har dezake parte eta bakoitzak hainbat kaxa apain ditzake. Utzi irudimenari hegan egiten!
Kaxa guztiak apainduta daudenean, dorrea muntatu eta txandaka jolasten hasi ahal izango zarete, norbaitek dorrea bota eta galtzen duen arte. Erraza dirudi, baina kontzentratu egin behar da pieza egokia kentzeko. Oso ongi pasatuko duzue!
3. Bonboi-kaxa pertsonalizatua
Bonboiak oparitzea klasiko bat da, eta ez duzu inoiz hutsik egingo, baina baliteke gutxi pentsatu edo gehiegi zaindu ez den opari bat izan dela pentsatzea hartzaileak. Horrelakorik ez gertatzeko, kaxa pertsonalizatzea izan daiteke aukera bat. Bonboiak etorritako kaxa hori bera edo etxean duzun beste edozein apain dezakezu.
Zer beharko duzu?
- 1 kaxa
- Opari-papera
- Zinta apaingarriak
- Pinturak
- Itsasgarria
Kaxa apaintzen hasi baino lehen, garrantzitsua da nori oparitu behar diozun aintzat hartzea, zein estilo gustatzen zaion edo zein gustu dituen. Horrela, errazago asmatuko duzu koloreekin eta estetika orokorrarekin. Gainera, kontuan izan duzula nabarituko da. Hori guztia argi duzunean, kaxa pertsonalizatzen hasteko unea izango da.
Kaxa goitik behera alda dezakezu gustatzen zaizun diseinua duen opari-paper bat edo paper neutro bat (zuria, esaterako) itsatsita, eta gainean, zerorrek zerbait marraztuta. Mezuren bat ere jar dezakezu.
Ondoren, paperezko oinarri bat jarri beharko duzu, gainean bonboiak jartzeko, eta estetikoki ongi geratzen dela ziurtatuz. Noski, ez hartu bonboiak eskuarekin, erabili pintza batzuk, ahalik eta higienikoena izan dadin. Kaxa goxo honi azken ukitu bat emateko, txartel txiki bat lot diezaiokezu zinta edo soka apaingarri batekin, eta kaxa ixteko ere balioko du.
4. “Asmatu nire ametsa” jokoa
Etxean urtebetetzeren bat edo beste ospakizunen bat egiten duzunean, kartoizko kaxa bat eta irudimen apur bat nahikoak izan daitezke berebiziko plan dibertigarria antolatzeko, beste ideia guztiak agortu direnean. Gainera, joko jakin honi esker, hobeto ezagutuko duzue elkar.
Prestatzeko, elementu hauek behar dituzu:
- 1 kartoizko kaxa handi
- 1 kartoizko kaxa txiki
- Koloretako kartoi mehea
- Koloretako pinturak
- Errotuladoreak
- Arkatza
- Guraizeak
Kaxa handiarekin jokoaren dekorazioa egingo duzu, hau da, “dreams” edo “ametsak” hitzaren letrak, jokatzeko giroa sortzeko eta une berezia bihurtzeko. Horretarako, marraztu letrak kartoiaren gainean arkatzarekin eta moztu. Mozten amaitzen duzunean, gogoko koloreekin margotuko dituzu.
Ondoren, kartoizko kaxa txikia apaindu beharko duzu. Kaxa horretan, parte hartzaile bakoitzak paper bat sartuko du gero. Hurrena, kolore desberdinetako paperak moztu beharko dira, parte hartzaile bakoitzari emateko, eta paper zati horretan, parte hartzaile bakoitzak bete nahi duen amets bat idatziko du. Jarraian, amets bakoitza nork idatzi duen asmatu beharko da. Zenbat eta parte hartzaile gehiago izan, orduan eta hobeto! Baliteke zenbait amets espero ez zirenak izatea…
5. Oroitzapenak gordetzeko kaxa
Kartoizko kaxa bati bigarren bizitza bat emateko aukera ezin hobea dekoratu eta zure oroitzapenak edo zuretzat garrantzitsuak diren gauzak gordetzeko erabiltzea da.
Hasteko, elementu hauek beharko dituzu:
- 1 kartoizko kaxa
- Errotuladoreak
- Koloretako pinturak
- Arkatzak
- Guraizeak
Hortik aurrera, askatu irudimena eta apaindu nahi duzun moduan. Aukera bat izan daiteke gorde behar dituzun gauzekin lotutako gai baten inguruan apaintzea. Adibidez, egin duzun kirol baten oroitzapenak gorde behar badituzu, kirol horrekin lotuta dekora dezakezu. Maitasun-gutunak jaso behar badituzu, berriz, estilo erromantikoagoa eman diezaiokezu. Zeuk erabaki!
Zein da zure ideia gogokoena? Ikusten duzun moduan, kaxa soil batek hasiera batean uste daitekeena baino joko handiagoa eman dezake. Materialei bigarren bizitza bat ematen eta jasangarriagoa izaten ikasi nahi baduzu, ez galdu artikulu hauek.
Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.