Saltatu

Gutxiengo bat beste gutxiengo baten barruan

"Nire istorioak partekatuz, beste pertsona batzuen bizitzei ekarpena egitea espero dut" 

Nancy (emakumea), IKEA-ren kolaboratzailea, 48

Nancy IKEA-ren kolaboratzailea da, Malaysiakoa (jatorriz bertakoa ez bada ere), eta "gutxiengo bat beste gutxiengo baten barruan" bezala sentitu omen zen heldu ahala. Aita Indiakoa zuen eta ama, berriz, Txinakoa. Hala izanik, lekuz kanpo sentitu zen beti. Gay izateak are gehiago zaildu zituen gauzak.

Klaseko beste umeena ez bezalako etnia bateko kide izatea zaila izan zen Nancyrentzat. Sentitzen zuen ez zela ezein kategoriatakoa. Izan ere, indiarren eta txinatarren artean ere ez zen eroso sentitzen, ez baitzuen haien antzik. Nancyren gurasoak 70eko hamarkadan ezkondu zirenean, arraza arteko ezkontzak ez ziren oso ohikoak. Ondorioz, ez zuen babesa eman ziezaiokeen familia-nukleo zabalik. Horrela, unibertsitatean onartua izatea erronka bihurtu zen (eguneroko beste gauzen artean), nahiz eta eskolan nota onak atera eta ikasketa-plan zailak aukeratu.

Azkenean, Nancy haur txikitxoen eskola-maistra bilakatu zen. "Imajinatu nire gurasoek gay nintzela jakin izan balute!", dio. "Nire lanbidearen amaiera izango zen. Nire bizitzaren amaiera! Funtsean, besteengandik aparte bizi behar izan nuen, eta kontu handiz ibili. Bizimodu hori zailegia zen. Hain herrialde erlijiosoan jarraituz gero, inoiz ez luke libre bizitzeko aukerarik izango. Bazekien, beraz, beste nonbaitera joan beharko zuela. 

Armairutik irtetea 

Inguruko pertsonekiko arraza ezberdintasunez jabetzeaz gain, Nancy Malaysian bizi zen oraindik gay zela jakin zuenean. Ez zen armairutik irten ate nagusitik. Nancyk dioenez, bere kulturan ez da ohikoa horrelako gauzak ezagutaraztea. Ez dago iragarpen formalik: norberak bere baitan aitortu eta onartzen duen zerbait besterik ez da. Nancyk ez zien inoiz gurasoei aho betean kontatu, baina bikotekide batzuk aurkeztu zizkien. Denborarekin, gero eta erosoago sentitzen zen bikotekideak etxera eramaten ospakizun berezietan. Nancyk uste du gurasoek bere sexu-joera nolabait ere onartu zutela, nahiz eta inoiz ez zuten horrelakorik ahoz adierazi.

Amodio-istorioa

Nancyk ziten plataforma batean ezagutu zuen bere bikotekidea, May. Ia-ia ez zuten elkar ezagutu, Nancy kontua ezabatzeko zorian baitzegoen Mayk bere profila sakatu zuenean. Elkarrekiko errespetu eta zaintza istorio bihurtu zen bien arteko maitasuna. May Thailandiakoa da, baina 35 urte zeramatzan Britainia Handian bizitzen. Nancy Malaysiatik joan zen eta, Singapurren sei urte eman ondoren, bere herrialdera itzuli zen May ezagutu aurretik.

Denboraren poderioz, biek erabaki zuten May ere Malaysiara joango zela elkarrekin egoteko. Hala ere, hiru hilabete geroago, May estresatzen hasi zen hain herrialde murriztaileak inposatzen zien bizimoduagatik. Gay bezala bizi izan zen 20 urtez, eta ez zuen armairuan berriro sartu nahi. Ezin zion Nancyri eskutik heldu jendaurrean, eta hori ez zen imajinatu zuen amodio-istorioa. Mayrentzat, berehala arazo bihurtu zen homosexuala izatea herrialde kontserbadore batean. Horiek horrela, Britainia Handira bizitzera joatea erabaki zuten. 

Zailtasunak eta gorrotoa

Nancy Singapurretik Malaysiara itzuli zenean, eraso egin zioten festa-gau batean. Lagun taldearekin eta orduko bikotekidearekin zegoen (May ezagutu aurretik). Diskotekatik irtetean, pertsona-talde batek Mayri eta haren bikotekideari eraso egin zien. "Sekula ez ninduten horrela jipoitu", dio. Gainera, hori gutxi balitz bezala, lagunek dena ikusi zuten, baina ez zuten ezer egin erasoa geldiarazteko. Singapurren bizi zenean, LGBT+ komunitatearen aurkako jarrera desatseginak ere jasan zituen, baina bertan lagunek elkar zaintzen zuten. Malaysian, aldiz, lagun taldeak ezezagunarena egin zuen, eta bikotea bakarrik utzi zuen gertaera bortitz horren aurrean; Nancyk espero ez zuen desengainu handia izan zen. Une horretan, erabat traizionatuta sentitu zen. Orain, ordea, atzera begira, lagunen dilema eta erreakzioa ulertzen ditu, harreman homosexualak delitu baitira Malaysian. Lagunak ere gay ziren, eta herrialdeak ez du LGBT+ komunitatea gorroto-delituen edo diskriminazioaren aurka babesteko legerik. 

Harro-harro eta IKEA-n ezer ezkutatu beharrik gabe

"IKEA nire historiaren zati garrantzitsu bat da", dio Nancyk. Britainia Handian, "harro eta ezer ezkutatu gabe bizi naiz. Baina bereziki pozik nago lantokian ni neu izateko aukera dudalako". IKEA-ra iritsi aurretik, Nancyk uste zuen ez zutela axola aurreko enpresetan lortutako errendimenduaren funtsezko adierazleek (KPI), inoiz ez zutelako bera aukeratuko maila-igoera baterako edo ordezkari gisa. Ziur zegoen ez zuela inoiz baldintza berdinik lortuko.

Nancy duela 10 urte iritsi zen IKEA-ra, eta nahiko azkar igo zuten mailaz. Orain, IKEA Food taldearen arduraduna da. Agian beste batzuentzat ez da hain garrantzitsua pertsona-talde bat zuzentzea; Nancyrentzat, berriz, agerikotasunean datza garrantzia. Bere ustez, LGBT+ komunitateko kide izateak eta horrelako postua izateak IKEA-ren babesa duela agerian jartzen du. Taldean inklusioa aldarrikatzeko, langileak kontratatzean aniztasuna kontuan hartzen dela ziurtatzen du beti Nancyk. Jatorri sozial askotako pertsonez osatutako taldea sortu du. Bere burua onartzeko egin duen bideak aktibismo moduko batera eraman du, besteek ere beren burua onar dezaten. 

Maitasuna etxean

Nancyrentzat, maitasunak beste itxura bat du orain etxean. Maitasuna era askotara froga daitekeela konturatu da. Malaysian, bikotekideak eta biek ez dute elkar maitatzen familiaren aurrean, baina Nancyk badaki harremana onartzen dutela. "Amak nitaz kexaren bat duenean, Mayrekin hitz egiten du lehenik. Alde horretatik, bada, bikote tradizionala gara".

Etxean, Britainia Handian, Nancy lasai eta libre sentitzen da Mayren ondoan. Bikotekideak ematen dion babesarekin, sekula ez du zalantzan jarri zenbat maite duen. Garai batean, Mayk hiru lan hartu zituen Nancyk Erresuma Batuan bisa lortzeko soldata-baldintzak betetzen zituela ziurtatzeko. Kalean ibiltzean, Nancyk badaki zenbait pertsonak modu bitxian begiratzen diotela gay izateagatik. Baina etxean paradisu bat eraiki du Mayrekin, eta erabat seguru sentitzen da "bere bizitzako maitasunarekin". 

Nancyren aurpegiaren argazkia, zutik aire zabalean; atzeko planoan, landaretza lausotua dago.

Nancyri egin dizkiogun galderak

Zer esango zenioke armairutik irtetearen beldur den gazte bati? 

Aurkitu zuretarrak.

Zer egin dezakegu LGBT+ komunitateari laguntzeko?

Entzutea nahikoa da. 

Erakutsi munduari aliatua zarela

LGBT+ kolektiboaren inklusioa

Etxea norberarenganako konfiantza, zoriontasuna eta pertenentzia-sentipena garatzeko oinarria izan daiteke, bereziki LGBT+ komunitateko pertsonentzat. Onarpenak eta inklusioak guztientzako aukera-berdintasuna sortzen dutenean, norberaren identitatea eta sexu-joera edozein direla ere, denok irabazten dugu. Elkarrekin.

Erakutsi munduari aliatua zarela

Erlazionatutako irakurgaiak