Saltatu

Drag izanik, emakume honek barruan duen gizona azaleratu da

"Nire izena Boris da. Nire drag pertsonaia Envy Peru da".

Envy Peru (emakumea/diva drag), 34 

"Ileorde bakoitzak istorio bat du". Hauek dira Envy Peruk, Drag Race Holland 2020 telesaioaren irabazleak, esandako hitzak bere etxea eta jantzigela IKEA-ren taldeari erakusten dizkion bitartean. Haren eta beste artista batzuen artelanak daude etxe osoan. Hozkailuko imanek bikotekideak, amak eta hirurek bisitatu dituzten lekuetako istorioak kontatzen dituzte. Tokiko denda batean erositako Betty Boop panpina batek dir-dir egiten du izkina batean, Envyren emakume-energiaz eta glamourrez beteriko urrezko egunen lekuko.

Baina Envyren istorioa ez da hemen hasten. Boris zela, lau urterekin, Herbehereetara joan zen bizitzera ama eta izebarekin. 30 urte geroago, Perun jaioa izan arren, Amsterdam etxetzat du. 

Armairutik irtetea

21 urterekin, Boris armairutik irten zen amaren aurrean. "Nik banekien nor nintzen, baina armairu barruan jarraitzen nuen", azaldu du. Gauzak oso bestelakoak izan zitezkeen Amsterdametik 20 minutura dagoen hiri txiki batean bizi zen gay batentzat. Borisek ezin zuen bere burua adierazi, eta ez zekien zergatik. Ez zuen inolako asmorik amaren aurrean armairutik irteteko. "Arrazoiren batengatik ari ginen borrokan, eta besterik gabe esan nion: 'Gay naiz'".

Amak, latinoamerikarra jatorriz, ez zuen onartu, eta horrek Boris harritu egin zuen, izebak jada bazekielako, antza. Izan ere, denek bazekiten. Envyren iritziz, amaren ukazio-egoera gai horren inguruan jasotako hezkuntzak eragin zuen. Semea ezkonduko ez zela eta bilobak emango ez zizkiola pentsatzea oso mingarria egin zitzaion. Amak LGBT+ komunitatearen berri izan zuen Perun, baina zeharo harrituta gelditu zen semea komunitate horren kide zela jakin zuenean. Denborarekin, semea onartu zuen eta babes osoa eman zion. Barealdiak hurrengo ustekabera arte iraun zuen: Borisek drag queen izan nahi zuen.

Drag

Bi ahizparekin batera ekin zion Envyk drag ibilbideari. "Mermaids Mansion" goitizenarekin ezagutzen zituzten, Amsterdamgo erregina ederrenak omen zirelako (Envyren hitzetan). Hirian egiten den Super Bowl drag lehiaketa lehenengoan irabazi ondoren, ospea lortu zuten Herbehereetako drag komunitatean. Jende askok uste handiko drag queen deigarria besterik ez du ikusten, agian nortasun (eta ahots) handikoa. Baina Envy pertsonaiaren atzean pertsona bat dago.

Amodio-istorioa

Envy Andyrekin maitemindu zen, drag munduan lehen urratsak egiten ari zen gizon britainiarrarekin. "Nire mutil-laguna hor egon da hasieratik. Amsterdamera bizitzera etorri zen duela zazpi urte, drag unibertsoa ere interesatzen baitzitzaion. Hortik dator gure interes komuna". Andy ondo pasatzeko sartu zen drag munduan, eta hanka egin zuen geroago, baina Envyren ondoan jarraitu du eta errealitate hori beste batzuek ezin duten moduan ulertzeko gai da. Envyren ustez, jende askori drag unibertsoaren alderdi artistikoa gustatzen zaio, baina estereotipotzat baino ez dute hartzen. Bere bikotekideak, Andyk, benetan den bezala ikusten du. 

Zailtasunak eta gorrotoa

2023ko ekaineko gau batean, Boris autobusez itzultzen ari zen etxera. Gizon talde batek irain eta iseka egin zioten, eta azkenean jipoitu zuten. Erasoak erakutsi zion Amsterdam, etxetzat daukan lekua, ez dela dirudien bezain aurrerakoia. Jasandako indarkeriak zeharo hunkitu zuen, eta, nolabait, bere benetako nortasuna ezkutatzen hasi zen jendaurrean erasoaren ondorioz. Hala ere, denboraren poderioz eta Andyren laguntzarekin, gero eta hobeto sentitzen da. Edonola ere, bere pribatutasuna asko babesten du hainbat zentzutan. Erasotzaileak gogor saiatu arren, Envyk dio ez zutela "gaya akabatu". 

Maitasuna etxean

Etxea da Envyk gogokoen duen lekua. Maitasunez eta autoadierazpenez betetako babeslekua da. Amak ulertu gabe armairutik lehen aldiz irten zenean, Envyk eta bere lagunek etxe bat sortu zuten Amsterdamen. Orain, Andyk eta biek maitasunez beteriko etxe segurua sortu dute, non babestuta eta seguru sentitzen diren. Eta onena da orain ama dela Envyren zale nagusia.

Envy Peru jantzigelan dago, erabat makillatuta eta drag jantzita, apain-mahaiko ispiluaren aurrean eserita.

Envyri egin dizkiogun galderak 

Zer esango zenioke armairutik irtetearen beldur den gazte bati?  

Izan zaitez zu. Izan zaitez libre.

Nola lagun diezaiokegu LGBT+ komunitateari?  

Benetan lagunduz, eta ez bakarrik egiten dugunaz gozatuz. Aliatu bihurtuz. 

Erakutsi munduari aliatua zarela

LGBT+ kolektiboaren inklusioa

Etxea norberarenganako konfiantza, zoriontasuna eta pertenentzia-sentipena garatzeko oinarria izan daiteke, bereziki LGBT+ komunitateko pertsonentzat. Onarpenak eta inklusioak guztientzako aukera-berdintasuna sortzen dutenean, norberaren identitatea eta sexu-joera edozein direla ere, denok irabazten dugu. Elkarrekin.

Erakutsi munduari aliatua zarela

Erlazionatutako irakurgaiak