Zaintzen jarraitzeko Gabonetako 5 errezeta osasuntsu
Gabon hauetan gozatu eta aldi berean zeure burua zaindu nahi duzu? Ezinezkoa iruditu arren, egin daiteke. Horretarako, kalitatezko elikagaiak dituzten platerak aukeratu beharko dituzu, elikagai prozesatu gutxiago dituztenak eta naturalagoak. Apunta itzazu Gabonetako errezeta osasuntsu hauek eta ahaztu data hauekin lotutako gehiegikeriez.
Osasuntsu jatean ez diozu zaporeari muzin egin behar eta jarraian proposatzen dizkizugun platerak dira horren adibide. Ikusiko duzun moduan, arreta apur bat gehiago jarri beharko duzu platerak egiteko aukeratu beharreko elikagaietan. Gabonetako menu osasuntsu eta arin bat egiteko gakoa zein den? Errezetako kolorea barazkiek eta frutek jartzea. Dirudiena baino askoz errazagoa da; beraz, atera barruan daramazun sukaldari hori, eta ekin lanari! Bat baino gehiago zur eta lur geratuko da dastatzen ari den gutiziak % 100 osasuntsuak direla azaltzean.
Hori bai, Gabonetako errezeta osasuntsuak prestatzen hasi baino lehen, janaria ahalik eta gehien aprobetxatzea zein garrantzitsua den gogorarazi nahi dizugu; batez ere, data hauetan, ohi baino kantitate gehiago prestatu ohi dugulako. Horretarako, gorde soberako janari guztia hozkailuan, ongi antolatutako edukiontzietan, behar bezala gordetzeko eta hurrengo egunetan kontsumitzeko.
1. Izokin-biribilkiak barazkiekin
Osagaiak:
- Bihi-osoko tortillak
- Izokin ketua
- Errukula
- Ardi-mihia
- 1 greziar jogurt natural
- Oliba-olio birjina estra
- Limoi erdia
- Albaka
- Baratxuri-hautsa
- Piperbeltza
- Gatza
Prestatzeko modua:
1. Bota ontzi batera jogurta eta nahasi limoi erdi baten zukuarekin, oliba-olio birjina estraren zurrusta batekin eta gatzarekin. Aholkua: eman ukitu gehigarri bat gustuko espezia batzuk gehituta.
2. Nahasi dena ongi, saltsa homogeneo bat lortu arte.
3. Mahaikide kopurua kontuan izanik, jarri erretilu baten gainean edo sukalde-gainekoan bihi osoko hainbat tortilla.
4. Igurtzi saltsarekin tortilak, geruza bat eduki arte.
5. Estali saltsa hori izokin ketuaren geruza batekin eta albaka, ardi-mihi eta errukulazko nahastearen beste geruza batekin.
6. Biribildu tortillak, ebaki biribilki txikietan eta eutsi txotxekin.
7. Landare-kimu samurren gainean zerbitza ditzakezu, eta ukitu berezi bat eman ziape pikortsuaren saltsarekin.
2. Gabonetarako kanape osasuntsuak
Osagaiak:
- Bihi osoko ogia
- Ahuntz-gazta samurra
- Izokina
- Indioilar-bularki txingarretan erreta
- Oilasko-bolak edo barazki-bolak
- Tipula gorria
- Erremolatxa
- 1 greziar jogurt
- 1 luzoker
- Oliba-olio birjina estra
- Aneta
- Piperbeltza
- Gatza
Prestatzeko modua:
1. Zuritu eta txikitu luzokerra puska txikitan.
2. Nahasi jogurt grekoarekin eta gehitu oliba-olio birjina estraren zurrusta bat, ezamihilua, piperbeltza eta gatza nahieran.
3. Nahasi saltsa homogeneo bat lortzeko, eta gorde geroko.
4. Ebaki bihi osoko ogia hainbat xerratan eta gehitu osagai desberdinak.
5. Gaztarekin oinarria egin dezakezu eta, gero, nahi dituzun konbinazioak gehi ditzakezu: gazta, izokina eta tipula gorria; gazta, haragi- edo barazki-bolak eta erremolatxa; indioilar-bularkia eta luzoker-saltsa… Irudimena izan dadila muga!
3. Zitrikoen entsalada epela
Osagaiak:
- 1 laranja
- 1 pomelo
- 1 granada
- Bimia
- Aza gorria
- Kalea
- Sesamoa
- Oliba-olio birjina estra
- Modenako ozpina
- Piperbeltza
- Gatza
Prestatzeko modua:
1. Garbitu barazkiak.
2. Berotu zartagina su ertainean olio zurrusta batekin eta salteatu bimia, aza gorria eta kalea edo aza kizkurra.
3. Zuritu laranja eta pomeloa eta zatitu ataletan.
4. Ireki granada eta atera haziak.
5. Nahasi barazkiak frutekin plateran eta ondu oliba-olio birjina estrarekin, ozpinarekin, piperbeltzarekin eta gatzarekin.
6. Eman azken ukitua sesamoarekin.
4. Patata- eta izokin-pastela
Osagaiak:
- 4 izokin-xerra
- 6 patata
- 3 arrautza
- 1 tipula
- 250 ml esne
- 250 g gazta fresko
- Aneta
- Piperbeltza
- Gatza
Prestatzeko modua:
1. Zuritu patatak eta zatitu xerra meheetan.
2. Jarri patatak estalkidun mikrouhin-labe baterako ontzi batean. Bota oliba-olio birjina estra koilarakada erdi bat eta gatza eta piperra nahi eran.
3. Nahasi dena ongi, estali ontzia eta jarri mikrouhin-labean 2 minutuz 800 W-tan.
4. Atera, nahasi eta errepikatu prozesua samurrak geratu arte.
5. Txikitu tipula dado txikietan (edo brunoise eran, profesionalek dioten moduan) eta gorritu zartaginean.
6. Egin izokin-xerrak plantxan.
7. Berotu labea aurretik 180 ºC-tan.
8. Irabiatu esnea arrautzekin, gaztarekin eta piperbeltz apur batekin.
9. Azpil handi batean, jarri patata eta tipula geruza bat eta izokin-geruza bat (aldez aurretik zatituta), txandakatuz.
10. Bota ezamihilu apur bat gainetik eta estali dena esne-, arrautza- eta gazta-saltsarekin.
11. Sartu labean 40 minutuz, eta prest dago!
5. Barazki-bolak ahuakate-saltsarekin
Osagaiak:
- Barazki-bolak
- 1 tipula gorri
- Barazki-kimu samurrak
- Zainzuri berdeak
- 1 azenario
- 1 ahuakate
- Limoi erdiaren zukua
- Oliba-olio birjina estra
- Ura
- Baratxuri-hautsa
- Piperbeltza
- Gatza
Prestatzeko modua:
1. Ireki eta hustu ahuakatea. Irabiagailuaren ontzian, jarri ahuakatea, limoi erdi baten zukua, oliba-olio birjina estraren koilarakadatxo bat, baratxuri-hautsa nahieran, piperbeltza eta gatza.
2. Irabiatu ongi eta gehitu ura, saltsa lodiegi ez geratzeko. Gorde kristalezko ontzi batean, eta gorde geroko.
3. Garbitu barazki-kimu samurrak.
4. Zuritu azenarioa eta, zuritzeko batekin, ebaki zerrendatan.
5. Txikitu tipula gorria xerra oso mehetan.
6. Zartagin batean, berotu oliba zurrusta bat eta egin zainzuri berdeak plantxan.
7. Egin barazki-bolak.
8. Plater batean, egin ohea kimuekin eta zainzuriekin. Gainean, jarri tipula, azenario-zerrendak eta, azkenik, barazki-bolak.
9. Zerbitzatu saltsa aparte, mahaikide bakoitzak nahieran gehi dezan.
Zein da gehien gustatu zaizun errezeta? Gustatu zaizuna gustatu zaizula, guztiek lagunduko dizute Gabon hauetan zeure burua zaintzen. Eta gogoratu, ez alferrik galdu janaririk!
Amaitzeko, hona eman Gabon hauetan otordu osasuntsu eta jasangarriak egiteko aholkuak dituzten zenbait artikulu. Jarraitu aholkuak!
Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.