Saltatu

Etxeko gauzak berrerabiltzeko 8 ideia original

Bota beharko zenituzkeen gauza asko dituzu etxean? Lehenik eta behin, honako berrerabiltzeko ideia hauei begirada bat ematea gomendatzen dizugu. Harri eta zur geratuko zara kutxa zaharra, kristalezko ontziak, kortxoak edo esekigailuak erabiliz egin dezakezuna ikusi eta gero. 

Aurtengo asmoetako bat jasangarriagoa izatea bada, hau zuretzat da. Hasiera batean dirudiena baino askoz errazagoa da. IKEA-n badakigu gauzak pausoz pauso egin behar direla eta aldaketa txikiek ondorio izugarriak izan ditzaketela ingurumenaren zaintzari dagokionez.   

Jasangarritasunaren oinarrizko printzipio bat baliabideak modu arduratsuan erabiltzea da edo, beste modu batera esanda, daukagunari etekin handiena ateratzea. Horregatik, artikulu honen bidez etxeko gauzak berrerabiltzeko ideia batzuk emango dizkizugu, bai eta itxuraz funtziorik ez duen horri bigarren bizitza bat emateko ideiak ere. Zaborretara bota nahi zenituen gauzei etekina ateratzeaz eta euro batzuk aurrezteaz gain, ederki pasatuko duzu. Gehiagorik behar duzu? Goazen, bada! 

1. Sortu apalategi praktiko bat kutxa berrerabiliekin

 

Zurezko kutxa batzuk baldin badituzu etxean espazioa alferrik betetzen edo trastelekuan ahaztuta, zure zorioneko eguna da gaur! Kutxa horiekin non jarri ez dakizun gauza horiek guztiak gordetzeko apalategi batzuk egin ditzakezu. Osagarriak, idazmahairako materiala eta oinetakoak ere gordetzeko balio dezakete.

Muntaketa oso erraza da; egin beharko duzun gauza bakarra kutxak bata bestearen gainean jartzea da, nahi duzun altuera lortu arte. Egonkortasuna lortzeko, lot itzazu torlojuz edo zurarako itsasgarri bereziarekin. 

Behin kutxak lotuta, pentsatu non jarriko duzun apalategi berria eta hasi betetzen. Goiko aldean apaingarriren bat jar dezakezu (landare bat, esaterako), apalategia askoz politagoa izateko.  

2. Egin margotzeko paleta bat inoiz erabiltzen ez duzun molde batekin 

 

Zuri edo zure senideei margotzea gustatzen bazaizue, ideia hau oso baliagarria izan dakizueke. Erraz-erraza da; madalenak egiteko molde bat margotzeko paleta baten modura berrerabiltzean datza.

Maiz, erabiltzen ez ditugun sukaldeko tresna asko pilatzen ditugu. Ideia honi esker, pinturazaleentzat (heldu zein haur) koloreak nahasteko paleta bat sor dezakezu; eta, aldi berean, leku asko hartzen duten tresnei bigarren bizitza bat eman diezaiekezu. Etxeko txikientzat oso praktikoa da. Izan ere, konpartimentuak sakonagoak izanik, pintura kantitate handiagoa erabili ahal izango dute, eta paleta konbentzionalekin baino gutxiago zikinduko dira.   

3. Prestatu loreontzi originalak beirazko ontziekin

 

Maiz, sukaldean beirazko ontzi huts asko pilatzen dira, jatorrian zekartzaten elikagaiak bukatu direlako, edo hasiera batean betetzen zuten funtzioa jadanik betetzen ez dutelako. Hori bada zure kasua, beste bizitza bat emateko modu bat loreontzi bilakatzea izan daiteke, eta barruan janaria prestatzeko erabil ohi dituzun usain-belarrak landatu.

Kakoak dituzten errailak jar ditzakezu janaria prestatzen duzun tokitik gertu. Horrela, eskura izateaz gain, sukaldeari natura-ukitua ere emango diote. Ontziak beiraz eginda daudenez, landareen kolore berdea ez ezik, lurraren kolore marroia ere egongo da ikusgai.  

4. Diseinatu amets-harrapatzaile polit bat esekigailu batekin eta kordoiekin  

 

Zure logelak apaingarri bat behar duela iruditzen zaizu? Erosi beharrean, zuk zeuk egin dezakezu etxean dituzun gauzak erabiliz. Kasu honetan, logelarako amets-harrapatzaile bat egingo dugu. Jarraitu argibideak amets-harrapatzailea egiteko. Zer behar duzu: 

  • Zurezko esekigailu bat 
  • Luzera ezberdinetako kordoi eta begiztak (10-12 inguru)
  • Zurezko aleak 
  • Lumak  

Aurreko guztia duzunean, prozesua oso erraza da: korapilatu kordoiak eta begiztak esekigailuan, mota ezberdinetakoak txandakatuz emaitza askoz ikusgarriagoa izan dadin. Goiko muturrean ale bat jar dezakezu, eta behekoan, korapiloak egin baino lehen, beste bi. Beheko aldean lumak ere jar ditzakezu, baina ez da gomendagarria kordoi guztietan jartzea, gehiegi ez apaintzearren. Azken ukitua begizta laburrago bat aleekin gehitzea izango da, eta esekigailuaren goiko aldean luma bat jartzea. 

5. Sortu hiriko baratze bat plastikozko hazitegi batean  

 

Plastikozko kutxek erabilera asko izan ditzakete, hala nola jostailuak, oinetakoak, arropa, liburuak eta abar gordetzekoa. Baina, asko badituzu eta ez badakizu haiekin zer egin, hazitegi bilaka ditzakezu, eta hiriko baratze txiki bat etxean sortu.

Horretarako, besterik gabe, jarri substratua eta zure gogoko landareak, eta urezta itzazu eta ipin itzazu eguzkitan, landare mota bakoitzaren beharrak kontuan izanda. Ildo horretatik, landare mota bakoitzari buruz informatzea gomendatzen dizugu, bizi zaren lekura eta urtarora hobeto moldatzen diren landareak aukeratzeko. Horrela, arazorik gabe hazteko aukera gehiago daude. Aurrerago, eta haien tamaina kontuan hartuta, baliteke birlandatu behar izatea.  

6. Lortu artelazkiz egindako osagarri-antolatzailea  

 

Lepokoak hemen, eskumuturrekok han… osagarri guztiak sakabanatuta dauzkazu? Orduan ideia hau zuretzat da. Zure logela edo jantzigelan osagarriak gordetzeko txoko txiki bat sortzean datza; eta horrela, beti eskura izango dituzu.

Horretarako, artelazkizko panel txikiak eta sukaldean dituzun botilen kortxoak beharko dituzu. Argazkian ikusten den bezala, guk HEAT zamau-babes biribilak erabili ditugu; zuk, ordea, etxean dituzunak erabil ditzakezu (karratuak, laukizuzenak, etab.). Zuk erabaki! Artelazkizko tapoiek kakoen funtzioa beteko dute, eta behar duzun guztia zintzilikatu ahal izango duzu. Ondo finkatuta egoteko, artelazkizko panelera torlojuz lotu beharko dituzu, argazkian ikusten den bezala.

Guk bere horretan utzi ditugu, baina, nahi baduzu, jarri irudimena martxan eta kolorezta itzazu. Gelaren dekorazioaren bidez lortu nahi duzun efektuaren araberakoa izango da.  

7. Sortu esekigailu zaharrekin egindako aldizkari-gordetzeko original bat

 

Etxearen dekorazioari ukitu berritzaile eta ezberdina ematea oso erraza da. Eta honako ideia hau horren adierazgarri da: erabili esekigailu batzuk aldizkari-gordetzeko gisa. Aldizkariak, egunkariak edo liburuxkak zintzilika ditzakezu, eta beti eskura eduki irakurri ohi duzun tokian (egongelan, bulegoan, logelaren txoko batean…). 

Horman pare bat kako jarri eta behar dituzun esekigailuak zintzilikatu, eta kito! Hainbat kolorez margo ditzakezu, emaitza deigarriagoa izan dadin. Ziur zure inguruan inork ez duela zurea bezain aldizkari-gordetzeko originala! 

8. Apaindu zure lorategia berrerabilitako kutxekin 

 

Lorategiaren dekorazioa gehiago landu nahi baduzu, kutxa zahar pare bat erabiliz emaitza bikaina lor dezakezu. Kolore deigarriekin margotu eta jarri barruan ondo konbinatzen duten landare batzuk, landareen erakustaltzari erakargarria sortzeko. Deigarriagoa izateko, tamaina ezberdinetako kutxak jar ditzakezu, argazkian ikusten den moduan.

Kokapenari dagokionez, zuzenean lurrean jar ditzakezu, edo, bestela, leiho-koskan edo beste kutxa batzuen gainean altuago egoteko. Baietz bizilagun bati baino gehiagori atentzioa eman lortuko duzun ukitu paregabe eta pertsonalizatuak

Zer iruditu zaizkizu ideia horiek? Ikusten duzunez, gogoa baino ez da behar printzipioz balio ez duten elementuei etekina ateratzeko. Gehiago jakiteko gogoz geratu bazara, hemen aurkituko dituzu berrerabiltzearen arteari buruzko pare bat artikulu. Ez itzazu gal! 

 Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.