Saltatu

Nola aukeratu sofaren tamaina

Esan ohi dena egia da: bai, tamaina garrantzitsua da. Eta asko, gainera. Batez ere 40 m2-ko etxebizitza batean chaise longue-a duen hiru eserlekuko sofa sartu nahi duzunean. Baliteke hori aukerarik egokiena ez izatea. Hortaz, sofa erosi aurretik, neurtu egongela zehazki zenbat leku duzun jakiteko. Beste alde batetik, altzariz hornitzeko zaila den gela baduzu (zutabeak edo erditik berogailuren bat dituelako), kontuan izan elementu horiek aukerak asko murrizten dituztela. Laburbilduz, arazoa izan daitezkeen egongelako elementu guztiak hartu beharko dituzu kontuan.

Xehetasun garrantzitsu bat

Sofa edo egongelaren tamainaz gain, beste gauza batzuk ere badaude. Egongelan duzun toki egokia hauteman ondoren, funtsezkoa da aukerak mugatuko dituzten (eta asko, gainera) beste elementu batzuk neurtzea, hala nola etxeko sarrera-atea, korridorearen zabalera (halakorik balego), sofa jarriko duzun gelaren atea eta eskailera edo igogailua ere. Agian zeure buruari guzti hori "zergatik" egin behar den galdetzen diozu. Erantzuna oso erraza da: sofarik politena eta erosoena erosi ondoren, baliteke etxera igo edo ateetatik sartu ezin izatea.

Telebistarekiko distantzia optimoa

Telebista erosterakoan, kontuan izan behar dugu nondik ikusiko dugun. Distantzia askorik ez baduzu, 60"-ko telebista zure ikusmen-tartetik kanpo gera liteke, eta baliteke dena ikusteko burua edo begiak noizbehinka biratu behar izatea (eta, ondorioz, beti galduko zenuke zatiren bat). Telebista txikiegia bada, ingurunea dela eta galduko duzu arreta errazago, zure serierik gogokoeneko xehetasunak galduz. Distantzia hori ere kontuan hartu beharko duzu sofa gelan kokatzerakoan eta, beraz, aurrez aipatutako elementu guztiak neurtzerakoan.

Erdiko mahaia nahi duzu?

Dagoeneko erdiko mahaia izan zein berri bat erosi nahi, zenbait gauza garrantzitsu izan behar dituzu kontuan. Gehienez sofak mahaiaren bikoitza neurtu behar du, proportzionatuta egon daitezen. Gainera, mahaiaren altuerak ezin du sofaren eserlekua baino 10 cm gehiago edo gutxiago izan, deserosoa izan ez dadin. Beste alde batetik, ziurtatu sofa eta mahaiaren artean 45 cm daudela, hankak ondo sartu ahal izateko eta mahaia altxatu gabe eskura izan dezazun. Azkenik, alboetan mahai osagarriak jarri nahi badituzu, behar adina leku izateaz gain, gehitu 15 cm inguru, sofaren alboen kontra gera ez daitezen. Bestalde, sofak mahai osagarriak baino handiagoa izan behar du. Bestela, etzaten zaren bakoitzean koskorra egiteko arriskua izango duzu.

Sofa baino askoz gehiago

Sofa mota ugari daude, eta ziur aski badakizu sofak, eserlekua izateaz gain, askoz funtzio gehiago dituela. Batzuk chaise longue-a dute, egun gogor baten ondoren hankak erlaxatzeko; beste batzuk behar dituzunean erabiltzeko eta gero beste modu batera kokatzeko oin-euskarriak dituzte; beste batzuk tapakiak, jostailuak, crochet-proiektuak edo maindireak gordetzeko biltoki ezkutuak dituzte; eta moldakorrenak, berriz, ohe-sofak dira, gonbidatuen bisitak nahi adina luza daitezen, edo familiarekin etzanez telebistaz goza dezazun.

Hala ere, horretarako elementu gehiago neurtu beharko dituzu, daukazun lekuan sartzen direla ziurtatzeko. Adibidez, chaise longue-aren eta telebistaren artean pasatu ahal izateko behar adina leku utzi behar da (gutxienez 45 cm). Ohe-sofa edo sofa etzangarria hautatzen baduzu, neur ezazu guztiz zabalduta eta utzi leku apur bat inguruan. Zenbat? Lunbalgia izan gabe pasatu, muntatu eta berriz tolesteko behar adina leku.

Nola aukeratu sofarako alfonbrarik egokiena

Tira, eskailerak ere neurtu eta sofa eta erdiko mahaien modelo eta telebista tamaina askoren artean bilatu ondoren, amaitu duzula uste duzu? "Kontua da polita dagoela eta sofa izugarri erosoa dela, baina ez dakit, zerbait falta da", etortzen zaizu burura.

Gure ustez, jakin gabe bilatzen ari zarena alfonbra bat da. Elementu hori gutxietsi ohi da, baina, egia esan, egongelako alfonbra oso garrantzitsua da. Gune ezberdinak sortuz apaintzen laguntzeaz gain, isolatzaile akustiko eta termiko bikaina da baita ere. Beraz, oso garrantzitsua da alfonbra egokia hautatzea. Egongelarako eta sofarako alfonbra ezin hobea hautatzeko zenbait aholku ditugu zuretzat.

Sofa-planifikatzaileak