Eduki nagusira joan
Futbol-zelai moduan dekoratutako egongela, soropil artifizialarekin eta horman margotutako atearekin

Futbolarekin lotutako festa muntatzeko ideiak

Futbolzale batentzako festa bat antolatu nahi duzu? Halako gertaera baterako etxea prestatzeko eta zure familiako kideentzat eta laguntzat plan oso berezi bat prestatzeko ideiak emango dizkizugu. Ziur harri eta zur geratuko direla

Hasteko, garrantzitsua da festaren data zehaztea. Ahal baduzu, aukeratu festa eskainiko zaion pertsonaren taldeak futbol-partidu bat jokatzen duen eguna, askoz ere zirraragarriagoa izango da-eta. Ezusteko festa bat bada, esan iezaiozu partidu bat ikusteko geratu zaretela.

Hasiera batean plan soil bat dirudiena, sekulako plan ahaztezin bihurtuko da. Egun normal baten oso ongi pasatzen baduzue, hau demasa izango da, batez ere txikienentzat, askoz ere gehiago jabetuko direlako xehetasunekin. Dekorazioarekin lortu nahi den helburua futbol-zelai batean partidua ikusten ari zaretela simulatzea da. Ekin!

Muntatu harmailak eta futbol-zelaia

Etxeko edozein geletan futbol-zelai antzeko zerbait sortzea ez da hain zaila ere, irudimen apur bat erabiliz gero.

Zer behar duzu?

  • Altuera desberdineko aulkiak
  • Soropil artifizial zati bat
  • Zinta itsaskorra atea egiteko
  • Futboleko baloi bat

Elementu guztiak lortu eta gero, futbol-zelaia sortuko duzun etxeko gela aukeratzea eta han lekua egitea izango da lehen urratsa. Egongela edo nahikoa leku dagoen beste edozein gela izan daiteke. Erabakitzen duzunean, hasi elementuak jartzen. Harmailen efektua lortzeko, garrantzitsua da aulkiak altueraren arabera jartzea: aulki altuak atzean, ondoren aulki normalak eta, aurre-aurrean, umeen aulkiak.

Ondoren, marraztu ate bat zinta itsasgarriarekin horman. Horretarako, nabarmentzen den kolore bateko zinta aukeratu beharko duzu, edo zerbait jarri beharko duzu hormaren kontra. Sare bat edo umeen ate txiki bat baduzu, erabili lasai. Azkenik, jarri futboleko baloia soropil artifizialaren erdian, eta kito!

Girotu lekua futbol-munduko xehetasunekin

Festa tematikoetan bereziko garrantzia izaten dute xehetasunek. Futbol-zelaia muntatu eta gero, iritsi da gainerako dekorazio-elementuei arreta jartzeko unea. Hasteko, festa antolatzen ari zaren pertsonaren taldearen banderak, bufandak edo beste edozein elementu jar dezakezu. Are gehiago, jokatu behar duten taldeen koloreko goxokiak dituen beirazko ontziren bat ere jar dezakezu.

Kirol-lehiaketetako beste xehetasun klasiko batzuek ere balio lezakete, adibidez dominek edo garaikurrek. Ziur egun horretarako balio duen baten bat edo beste duzula etxean.

Beste ideia bat arbel bat jarri eta jokaldien estrategiak marraztea da, taldearen aldagelan egongo bazinate bezala. Eta festaren protagonista futbolean jolasten ari den argazkiak badituzu, ez egin zalantzarik, itsats itzazu gelako horman festa are gehiago pertsonalizatzeko.

Prestatu futbol-zelaiko mokaduak

Janaria eta edaria hutsik egin ezin duten bi elementu dira festa on batean. Kasu honetan, gonbidatu guztiak kirol-instalazio batean murgildu beharko dituzu prestatzen dituzun mokaduen bidez.

Beraz, bururatzen zaizu saltxitxa-ogitartekoak baino gauza aproposagorik? Oso erraz prestatzen dira eta mahai batean saltsa (ziapea, ketchupa…) eta topping (tipula frijitu kurruskaria, ozpinetako luzokerrak…) desberdinak jar ditzakezu, gonbidatuek ogitartekoa nahieran pertsonalizatzeko. Gozokiak gustuko dituztenentzat, ezin dira falta krispetak, patata frijituak eta beste goxoki batzuk.

Harmailetan jaten arituko balira bezala sentitzeko, jarri bakoitzaren janaria konpartimentuak dituzten erretiluetan, argazkian ikusten den moduan, eta gehitu futbol-taldearen koloreko banderatxoak, edalontziak eta botilak.

Apuntatu duzu dena? Ez egin zalantzarik, festa hau aparta da kirol hau atsegin duten bai txikientzat, bai helduentzat ere. Beraz, ekin diezaiogun lanari ospakizun ahaztezin bat lortzeko. Beste une berezi batzuetarako ideia gehiago nahi badituzu, hona hemen interesgarri izan dakizkizukeen artikulu pare bat.

Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.