Nola gorde Gabonetako dekorazioa
Gabonetako dekorazioa kentzeko unea iritsi da? “San Antonak arte” dioen esaera betetzen duen horietakoa zaren edo urtarrilaren 6an bertan jasotzen duen horietakoa zaren kontuan izan gabe, oso ongi etorriko zaizkizu Gabonetako apaingarriak erraz eta modu eraginkorrean gordetzeko aholku hauek. Zer iruditzen zaizu? Di-da batean gordeko duzu dena!
Kendu Gabonetako dekorazioa egun bakar batean
Badakigu Gabonetako apaingarriak gordetzea ez dela etxea apaingarri horekin dekoratzea bezain dibertigarria, baina gu hasiera berri baten gisan ikusten saiatzen gara. Izan ere, etxea ordenatzea da urte berria ongi hasteko lehen urratsa. Gainera, Gabonetako dekorazioa ez litzateke hain berezia izango 365 egunetan edukiko bagenu, ezta?
Gure lehen aholkua eta nagusiena Gabonetako apaingarriak egun berean gordetzea da. Hartu arratsalde edo goiz bat, lanari ekin eta guztia segidan egiteko. Askoz errazagoa da guztia jarraian egitea objektu bakoitza ongi banatzeko, eta berriro erabiliko ez duzuna bota eta garbiketa orokorra egiteko. Sinets iezaguzu, eskertuko diguzu. A! Hasi baino lehenagorako beste aholku bat. Prestatu erreprodukzio-zerrenda on bat, eta musikaren eta bozgorailuen magiak lagun zaitzatela lanean. Askoz entretenigarriagoa izango da!
Prestatu tamaina desberdinetako kaxak
Baliteke Gabonetako dekorazioak urte dezente izatea eta jatorrizko kaxak zertxobait higatuta egotea edo, besterik gabe, zaborretara bota izana (ez dizugu kargu hartuko birziklatzeko edukiontzira bota badituzu). Edonola ere, osagarri mota bakoitza gordetzeko kaxa sorta bat jartzea gomendatzen dizugu, eta kaxaren tamaina osagarrien tamainakoa edo bolumenaren araberakoa izatea.
Guk, batez ere, kaxa antolatzaileak erabili ditugu osagarriak gordetzeko (betiko Gabonetako bolak edo beste forma batzuetakoak) eta biltegiratze-kaxa gardenak bete dugun kaxa bakoitza sartzeko edukiontzi handiago gisa. Etxean kaxaren bat sobera baduzu, adibidez, zapata-kaxa bat, oso ongi etorriko zaizu Gabonetako apaingarriak gordetzeko. Eta askoz ere merkeagoa izango da!
Nola gorde Gabonetako zuhaitza eta bolumena duten apaingarriak
Ikusiko duzun moduan, zehatzetik orokorrera joango gara, txikienetik handienera. Beraz, bolak eta bolumena duten Gabonetako apaingarriak gordetzeko ideiekin hasiko gara.
Apaingarriak gordetzeko modu asko dago, baina garrantzitsuena ongi babestuta gordetzea da. Adibidez, apaingarri delikatuenak izan ohi diren Gabonetako bolak edo bolumena duen edo konplexuagoa den beste edozein apaingarri gordetzeko, gure aholkua kaxa batean sartzea da, eta burbuiladun paper apur batean bilduta bereiztea, edo bola baten eta bestearen artean osagarri hauskorrentzako bereizle batzuk jartzea, baita beirazko osagarrientzako edo jaiotzako iruditxoentzako ere.
Ez baduzu horretan dirurik gastatu nahi, zerorrek egin ditzakezu kaxako bereizleak. Ebaki kaxaren altueraren antzeko zabalera duten kartoizko zerrenda batzuk eta egin ebaki batzuk gurutzatuko dituzun puntuetan, Gabonetako zuhaitzeko bolak gordetzeko espazioak egiteko. Errenkadak eta zutabeak sortu behar dituzu, baina kaxaren eta apaingarrien neurriak kontuan hartuta.
Apaingarri lauak gordetzeko ideia bikaina
Apaingarri zailenak kendu eta gero, aise gordeko dituzu gainerako Gabonetako apaingarriak. Gabonetako apaingarri lauak gordetzeko, kaxaren metodoa erabiltzen jarraituko dugu, baina zerbait gehituta.
Zer deritzozu osagarri bakoitza formaren edo dagokion bildumaren arabera sailkatzea? Modu oso egokia da Gabonetako apaingarri bakoitza ordenatuta gordetzeko eta hurrengo urtean jarriko dugun dekorazioa errazago aukeratu ahal izateko. Horretarako, ixten diren plastikozko poltsak berrerabiltzea proposatzen dizugu, adibidez, sukaldean erabiltzen dituzun gure ISTAD poltsak, barruan zer dagoen ikusi ahal izango duzu poltsa ireki beharrik gabe, eta tamaina desberdinetakoak direnez, edozein osagarri sartu ahal izango duzu.
Poltsetako bakoitzean izartxoak izartxoekin, animaliak animaliekin, etxeak etxeekin edo koloreka sartu ahal izango dituzu apaingarriak. Sailkapena zure esku uzten dugu!
Nola gorde Gabonetako argiak eta girlandak korapilorik gabe
Inoiz pasatu duzu ordu erdi aurreko urtean gordetako girlandak askatzen? Metodo erraz eta oso merke honekin, ez zaizu berriro gertatuko. Ikusi zein erraza den! Akats nagusia, normalean, girlandak edo LED argien zerrendak mugi ez daitezen inolako seguru edo oinarririk gabe biltzea izan ohi da.
Askotan, eskua erabiltzen dugu zirkulu bat egiteko bildu eta bildu aritzen garen bitartean, eta hori ez da beti eraginkorra izaten.
Kartoi zati bat oso lagungarria izan daiteke Gabonetako argiak di-da batean gordetzeko, eta bere horretan eta korapilorik gabe mantentzeko hurrengo urtera arte. Moztu kartoi laukizuzen bat edo erabili sukaldeko paperaren erdiko biribilkia, eta gorde bueltak emanez edozein zerrenda. Amaieran, itsasgarri garden zatitxo bat jar dezakezu edo soka batekin lot dezakezu ez mugitzeko. Bukatzeko, kaxa batean edo ehunezko poltsa batean sar ditzakezu, maletetan zapatak gordetzeko erabiltzen dituzun horietakoetan, zertxobait babesteko.
Kandelak gorde eta mantentzeko aholkuak
Garrantzitsua da Gabonetako kandelak (edo beste edozein kandela mota) nola gorde jakitea, denborarekin ez hondatzeko edo, are okerrago, ez apurtzeko.
Edozein tamainatako kandela lurrindunak, edo normalak, gordetzeko metodo hoberena kaxa batean etzanda gordetzea da, leku lehor eta fresko batean. Nahi izanez gero, oinarrian paper zati bat jar dezakezu, gainazala zikindu ez dezan.
Mahai-zapiak eta beste ehun-gai batzuk gordetzea
Gabonetako apaingarriez beste, etxeko ehun-gaietan ere Gabonetako dekorazio ugari eduki ohi dugu: mahai-zapiak eta mahai-zapi estuak, oihalezko ezpain-zapiak, kuxin-zorroak, tapakiak eta, baita Bizarzuriren galtzerdiak ere… Gabonetako mahai-zapiak eta bestelako ehun-gaiak bateratu eta dena batera gorde nahi baduzu, aldez aurretik garbitu eta ongi tolestu eta gero, hezetasunaren aurkako poltsatxo bat jartzea gomendatzen dizugu ehun horiek gordeko dituzun kaxan.
Nola gorde Gabonetako koroak
Baliteke aurten etxean Gabonetako koroa bat jarri izana. Ez badakizu nola gorde hondatu gabe, kontuan izan behar duzu batez ere ez dela zapaldu behar, forma gal ez dezan. Bi modutan gorde dezakezu: kaxa batean sartuta gainean beste zerbait jarrita ere arriskurik ez izateko, edo esekigailu batean jarri eta zintzilik jarrita. Azken ideia hori gustatu bazaizu, oihalezko edo plastikozko poltsa batekin estal dezakezu, hautsik ez hartzeko. Oso handia ez bada, umeentzako esekigailua erabil dezakezu, leku gutxiago hartzeko.
Etiketatu eta gorde dekorazioa kaxa bakar batean
Gabonetako apaingarri txiki guztiak taldekatu ditugun honetan, kaxak eta poltsak etiketatzea da hoberena, ireki gabe bakoitzean zer dagoen jakiteko, batez ere kaxetan.
Horregatik, trikimailu erraz eta merkea proposatzen dizugu eranskailu edo etiketa itsasgarri batzuk jartzea barruan zer dagoen deskribatzeko hitz edo erreferentzia batekin (adibidez, bola gorriak, izar zuriak, Jaiotzako irudiak, apaingarri urdinak eta abar). Are merkeago egin nahi baduzu, kaxan bertan idatz dezakezu errotuladore batekin. Izugarri eskertuko duzu datorren urtean keinu txiki hori.
Kaxa edo poltsa bakoitza toki desberdin batean ez uzteko, fardel guztiak bildu eta kaxa handiago eta irmoago batean gordetzea gomendatzen dizugu, edukiontzi baten moduan, dekorazio guztia leku bakar batean dagoela jakiteko. Guri izugarri gustatzen zaigu biltegiratze-kaxa gardenen praktikotasuna, baina opakuak ere erabil ditzakezu barruan zer dagoen ikusterik nahi ez baduzu.
Gabonetako zuhaitza gordetzeko trikimailuak
Askotan uste dugu leku gehien hartzen duen objektua delako, Gabonetako zuhaitza oso zaila dela gordetzeko. Ikusiko duzu ez dela horrenbesterako ere.
Gabonetako zuhaitza gordetzeko, jatorrizko kaxa gordetzea da hoberena, kaxa normalak baino handiagoa izan ohi delako eta, azken batean, zure zuhaitza sartzeko diseinatu zelako. Gabonetako zuhaitzaren diseinuaren arabera, adaxkak kendu ahal izango dizkiozu ala ez. Kendu badaitezke, kendu mailaz maila, adarrak itxiz eta ahalik eta gehien tolestuz, eta taldekatu maila berekoak, gordetzen dituzunean ez nahasteko. Sokatxo bat edo koloretako ehun zatitxo bat jar diezaiekezu hobeto bereizteko.
Gabonetako zuhaitzaren zati gehiago bereizi ezin direnean, kaxan sartu baino lehen, kaxaren barruan oihal bat jartzea gomendatzen dizugu, zuhaitza sartu eta gero hura biltzeko eta, horrela, hainbeste hauts ez hartzeko. Plastiko handi batek ere balio dezake, batez ere gainaldean, hezetasunetik babesteko. Beste aukera bat, batez ere adarrak kentzen ez bazaizkio, oihala lurrean jarri eta zuhaitza haren gainean jar dezakezu etzanda. Ondoren, adarrak tolestu eta guztia oihalarekin bil dezakezu. Askatu baino lehen, lotu soka batzuekin ez mugitzeko eta, orain bai, sartu kaxan.
Ez ahaztu etxea ongi garbitzeaz
Ia amaitu duzu! Gabonetako apaingarriak kendu eta gero falta den azken urratsa egongela apur bat garbitzea da edozein hauts-arrasto kentzeko, batez ere zuhaitza egon den tokian, bertan pilatu ahal izan delako hauts gehien.
Ez du garbiketa oso sakona izan behar, baina bai zereginarekin amaitu eta guztia antolatuta ikustearekin lortzen den lasaitasuna edukitzeko adinakoa. Egongelara lasaitasuna itzultzean, behar duzun moduan hartu ahal izango duzu atseden, eta hurrengo urterako Gabonetako dekorazioa antolatuta eta zailtasunik gabe jartzeko prest dagoen ziurtasunarekin, gainera.
Baliagarriak izan dira ideia horiek? Ez ahaztu, egongela dekoratzea den moduan, Gabonetako apaingarriak gordetzeko zeregina ere familian egitekoa dela. Gainera, askoz lehenago amaituko duzue. Eta inspirazio gehiago behar izanez gero, ez galdu artikulu hauek.
Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.