Saltatu
Etxean denbora pasatzeko haurrentzako jolasak

Teknologiarik erabili gabe denbora pasatzeko haurrentzako 10 jolas

Egun asko ditugu aurretik, eta bideo-jokoak eta telebista ez dira nahikoak denbora pasatzeko eta tarte bat elkarrekin familian egoteko.
Zer iruditzen teknologiarik behar ez duten haurrentzako jolasen zerrenda bat egiten badugu? Deskonekta ezazue elkarrekin, eta primeran pasatuko duzue! Adin eta gustu guztietarako jolasak daude.

1- Zer diozu?

Etxe askotan “telefonoaren jolasa”, “telefono hautsia” edo “hondatutako telefonoa” esaten zaio; era batera edo bestera deitu, garbi dago jolas hau benetan dibertigarria dela!

Jar zaitezte denak biribil batean. Orain, batek hitz edo esaldi bat pentsatu beharko du, eta ondoan duenari belarrira xuxurlatu (behin baino ez). Ondokoak hurrengoari esan beharko dio (ea zer ulertu duen!). Biribileko azkenak ozen esan beharko du zer mezu iritsi zaion. Ikusiko duzue nola aldatzen diren mezuak. Barrez lehertuko zarete.

 

2- Asmakizunak

Bizitza osoan jolastu gara asmakizunetara; entretenitzeaz gain, garuna landu ere egiten dugu. Asko ez badakizkizue, aurretik batzuk bila ditzake bakoitzak, eta denon artean zerrenda osatu. Zeuen buruari erronka egin diezaiekezue: egunero asmakizun bat jar dezakezue, eta aste osoan puntuak metatu. Nor izango ote da etxeko azkarrena?

Etxean denbora pasatzeko haurrentzako 10 jolas

3- Ipuin-kontalari animatua

Denoi gustatzen zaizkigu istorio onak; beraz, zergatik ez duzue arratsaldean edo gauean ipuin-kontalari animatu bat prestatzen?
Presta dezagun ingurua. Itzali gelako argiak eta jarri esku-argi batzuk gorantz jarritako plastikozko poltsa baten barruan, etxean egindako giro-lanpara bat sortzeko. Eser zaitezte inguruan, kanpamentu bateko su bat balitz bezala, eta bakoitzak istorio bat asma dezala, edo haurrentzako gogoko ipuinetik aukeratutako bat. Askoz ere dibertigarriagoa izango da osagarri batzuk prestatzen badituzue ipuinei ukitu berezi bat emateko: superheroiarentzako kapa bat, gerrari ausartarentzako ezpata bat, ate magikoa irekitzeko giltza bat…

Ohitu zarete interpretatzera eta istorioak kontatzera? Egin txotxongiloen antzoki bat eta gozatu zaletasun polit eta dibertigarri horretaz oso modu originalean. Irakurri nola, artikulu honetan:

Etxean denbora pasatzeko haurrentzako 10 jolas

4- Filmak itzaletan!

Mimikako jolasak oso entretenimendu ona dira, eta gure irudimena pizten dute. Hortaz, zuen gogoko filmetako batzuk itzalen bidez irudikatzea proposatzen dizuegu. Badakigu zer pentsatzen duzuen… Primeran, baina nola egiten da hori pantailarik gabe? Oso erraza da!

Itzalekin filmetara jolasteko, hauek baino ez dituzu behar: maindire argi bat (ahal dela, zuria), makila luze bat (adibidez, lanbasarena edo erratzarena), matxarda batzuk, flexo bat, eta kito!

Matxardekin, lotu maindirearen mutur luzeetako bat makilaren inguruan, eta zintzilika ezazu. Ate bikoitz bat baldin baduzu, jarri muturretako bakoitza ate irekietako batetik zintzilik, oihal bat edo zinemako pantaila bat balitz bezala. Orain, jarri flexo bat atzean, zuzenean maindireari begira. Eta kito! Txandaka, irudikatu aukeratu duzun filma mimikaren eta soinuen bidez. Gainerakoek maindirearen beste aldetik asmatu beharko dute.

Aholkua: ondoan, utzi kutxa bat osagarriz beteta: tapaki bat (adibidez, kapa edo gona egiteko), txapel bat, aterki bat (adibidez, hagaxka magikoa edo ezpata izateko), panpina bat, etab. Horrela, errealagoak izango dira zuen pertsonaiak.

5.- Mahai-jokoak

Klasikoetako klasikoa. Mahai-jokoak eta karta-jokoak ezinbestekoak dira etxe guztietan. Izan ere, beti dago joko bat pertsona mota bakoitzarentzat: eraikuntzakoak eta jabetzenak, hitzenak, estrategiakoak… Ken iezaiezue hautsa eta gozatu taulaz, dadoez, fitxez eta mahai-jokoen gainerako osagarriez.

Ez duzue bat ere etxean, edo nekatu zarete etxean dituzuenez? Deskarga ezazue "Izarretako erronkak” jokoa eta gozatu erronka berri eta zirraragarriez familia osoarekin. Egin klik botoi honetan, ebaki piezak eta taula, eta jolastera! Primeran pasatuko duzue!

Etxean denbora pasatzeko haurrentzako 10 jolas

6.- Karaokea familian

Abestiez lagunduta, penak arindu egiten dira. Kanporatu zuen etorri artistikoena eta abestu gogoko kantak. Instrumentuen soinua ere egin nahi? Atera zartaginak, txirulak eta soinua egiten duen beste edozein objektu, eta jarri erritmoa arratsaldeari. Sortu musika-talde oso bat.
Nahikoa entseatu ondoren, nork daki… agian salbuespen bat jar diezaiokegu zero teknologiaren arauari, eta familiako gure lehenengo single-a grabatu mugikorreko kamerarekin. Ziur barrez lehertuko zaretela! Gainera, hor gordeta geratuko da, ahatz ez dezazuen.

7- Nor naiz?

Hartu papera eta arkatza, eta idatzi hitz bat (ahal dela, letra larriz eta ondo ikusteko moduan). Fikziozko pertsonaia baten izena izan daiteke, pertsonaia ezagun batena, objektu batena, elikagai batena… bururatzen zaizuena.
Orain, hartu papera eta eman iezaiozue ondoan duzuenari, beherantz jarrita. Hartu paper berria (ez begiratu zer jartzen duen!), eta erakuts iezaiezue gainerakoei.
Txandaka, “bai/ez” moduan erantzuteko galderak egin beharko dituzue, eta nor edo zer zareten asmatu. Baiezkoa erantzuten badizute, galderak egiten jarrai dezakezu. Ezezkoa erantzuten badizute, eman txanda hurrengo jokalariari. Zorte on!

Etxean denbora pasatzeko haurrentzako 10 jolas

8.- Ikusi-makusi

Soinu-banda izan ala ez, joko bikaina da txikienekin alfabetoa errepasatzeko. Kontzentratzen ikasiko dute, eta, zergatik ez, aitzakia ezin hobea ere bada etxeko xehetasun txikiak ondo ezagutzeko.

Jokoari ukitu desberdin bat eman nahi badiozue eta ezin hobeki ezagutzen baduzue, hau egin dezakezue: atera daitezela denak gelatik eta gera dadila pertsona bat soilik. Ezkutatu objektu bat, nahi duzuna, edo alda ezazu tokiz. Orain, utzi gainerakoei sartzen. Aldea ikusteko gai dira?

9- Zer da?

Zoragarria da zentzumenekin jolastea, baina… bakarrarekin probatzen badugu? Zer gertatuko litzateke? Poltsa batean edo kartoizko kutxa batean, jarri objektu bat, nahi duzuna. Estali norbaiti begiak, eta barruan zer dagoen asmatu beharko dute, hura ukituta soilik. Peluxe bat edo telebistaren urrutiko agintea jar dezakezue, edo, bihurriagoak izan nahi baduzue, zerbait likatsuagoa; besteak beste, jogurt bat edo gelatina bat (ziur beste pertsonak ez duela espero). Jolastu testurekin!

 

10.- Altxorraren bila

Zure etxea uharte sorgindu bat bihurtuko da, abenturaz, arriskuz eta ezkutuko altxor ugariz betea. Nola aurki ditzakezu? Egin etxeko toki garrantzitsuenen mapa bat eta markatu non dauden ezkutatuta lur berri honetako aberastasunak. Buru-hausgarriak, igarkizunak, etab. erabil ditzakezu, eta, azkenean, altxor handia jarri. Batek daki… txokolatezko tarta goxo bat izan daiteke.

Ea ideia hauek lagungarriak zaizkizuen primeran pasatzeko, bai familiakoekin, bai lagunekin. Artikulu hau gustatu bazaizu eta berrogeialdian seme-alabekin etxean egin ditzakezun planetarako ideia gehiago nahi badituzu, irakurri artikulu hau:

Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.