Balkoia oasi lasaigarri bihurtzeko 4 ideia
Balkoi txiki bat edo terraza bat lasaitasunaz gozatzeko ihesbidea izan daiteke, zukua nola atera baldin badakizu. Hemen hori lortzen lagunduko dizugu eta hainbat ideia proposatzen dizkizugu balkoia edo terraza etxeko txoko lasaigarriena bihurtzeko.
Helburua gustura egongo zaren toki bat sortzea da, zuretzat eta etxekoentzat toki bakar hori. Prest?
1. Girotu balkoia hondartzan egongo bazina bezala
Hondartzatik irten gabe biziko liratekeen horietakoa bazara, eguzkitakoaren azpian, liburu bat irakurtzen edo zerbait fresko-freskoa hartzen, zergatik ez duzu giro hori sortzen balkoian?
Balkoia bihur daiteke zure hondartzako txoko partikularra. Bai, badakigu ez dela gauza bera ez dagoelako itsasorik, baina etzanda lasai egotearen sentsazio hori imita dezakezu, hondartzan egongo bazina bezala, baina etxetik irten gabe. Abantaila bat ere badu, ez duzu hondarrik ekarriko etxera. Gainera, udan hirian egon behar duzun denbora hori askoz ere eramangarriagoa izango da, ez duzu uste? Bertan egoten zaren unetxo hori kostaldera ihesalditxo bat egitea bezala izango da.
Horretarako, ezinbesteko oinarrizko batzuk beharko dituzu: hamaka edo etzaulki bat eta eguzkitako bat. Are bereziagoa eta erosoagoa izan dadin lor dezakezu eskuoihal handi batekin, kuxin koloretsuekin, landareekin eta apaintzeko beste xehetasun batzuekin. Gainera, bozgorailu bat jartzen baduzu zure gogoko musikarekin, eta edari freskagarri bat eta zizka-mizka goxo bat eramaten badituzu, ez duzu handik irten nahiko.
Eta, noski, ezinbestekoa izango dira kapela on bat, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babesa. Zaindu egin behar da, aizu!
2. Egongela txiki bat kanpoan
Munduko ezerengatik sofa aldatzen ez duten horientzat ere sor liteke toki lasai bat balkoian edo terrazan. Gure ideia egongela txiki bat sortzea da udan aire librean egon nahi izaten den une horietan kanpora joateko, baina erosotasunari muzin egin gabe.
Horretarako, ezinbestean beharko dituzu kanpoko sofa edo besaulki bat, kuxinak, lanpara bat eguzkia sartzen denerako (girlandak ere jar ditzakezu) eta beharrezko guztia jartzeko mahai txiki bat: aldizkari bat, edari bat edo manikura egiteko kit bat.
Badakigunez intimitatea egongela bezalako leku batean falta ezin den zerbait dela, gustura sentitzeko eta nahi duguna egiteko, jarri gortina edo errezel bat sofa jartzen duzun eremua estaltzeko. Horrela, kanpoan egongo zara, baina eguzkitatik eta bizilagunen begiradetatik babestuta. Zer iruditzen zaizu?
Pentsatuko duzun moduan, inprobisatutako ideia bat da, eta kanpoko eremuak estaltzeko elementu jakin batekin ordezka daiteke: toldo batekin, barandarako pantaila batekin, pergola batekin edo eguzkitako batekin.
3. Eman protagonismoa naturari
Natura ezinbestekoa da bakea eta lasaitasuna arnastu nahi den toki baterako. Horretarako, gure aholkua balkoian edo terrazan landareak eta loreak barra-barra jartzea da. Hiriko baratzea ere munta dezakezu etxean.
Eta ez baduzu zaintzeko denborarik, ez kezkatu! Landare artifizialak jar ditzakezu, giro goxo hori emango diote eta kanpoko txoko horri. Kolore argia edo pastelak dituzten loreak, landare berdeekin alderatuta, konbinazio ezin hobea lor dezakete gune lasai baten bila bazabiltza.
Alabaina, kolore deigarriagoak ere aukera ditzakezu emaitza alaiagoa lortu nahi izanez gero. Zuk aukeratu!
Hiriko baratze bat egin nahi duzu? Bideo honetan di-da batean nola egin azaltzen dizugu.

4. Muntatu gutizien txoko txiki bat
Aire zabalean jatea oso atsegina izan ohi da eguraldi ona iristen denean. Horretarako, ez duzu etxetik atera behar jatera, balkoian munta dezakezu zure jatetxeko terraza eta, horrela, sarriago egin.
Garrantzitsuena kanpoko mahai bat eta aulki batzuk erostea izango da, eta kuxin batzuk gehi diezazkiekezu are erosoagoak izateko. Gainera, tokirik izanez gero, sukalde txiki bat munta dezakezu zure otorduak hantxe bertan prestatzeko. Udan jaten ditugun plater asko hotzak izaten dira; beraz, nahikoa izango da apal batzuk, oinarrizko ontziteria, sukaldeko taula bat eta zaborrontzi bat jarrita.
Eta giro bereziagoa lortu nahi baduzu, txokoa argi-girlanda batzuekin apain dezakezu. Egin energia eraginkortasunaren alde, IKEA-koak jarrita.
Zerbait prestatu nahi baduzu, indukzio-plaka eramangarri bat erabil dezakezu. Ikus dezakezunez, dirudiena baino askoz errazagoa da balkoian sukalde txiki bat edo gutizien txokoa muntatzea.
Gainera, otordua aire zabalean prestatzean, oraindik gehiago gozatuko duzu esperientziaz eta txosna batean bezala sentituko zara. Eta ez duzu sukaldera joan beharko zerbait behar duzun bakoitzean, behar-beharrezko guztia eskura izango duzulako.
Ideia gehiago behar dituzu? Eman begiratu bat artikulu hauei!
Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.