Saltatu

Barbakoa perfektu eta desberdin bat egiteko 5 errezeta

Maite ditugu barbakoak! Baina are gehiago gustatzen zaizkigu betiko errezetetatik apur bat aldentzen diren barbakoak, urrats bat gehiago eman eta aire librean sukaldaritza-jai batez gozatzeko benetako esperientzia. Zuri ere berdin gertatzen bazaizu, apuntatu hurrengo baterako ideia hauek.

Barbakoaz ari garenean, bizkor etortzen zaizkigu burura plater jakin batzuk: txitxi-burruntziak, txorizoa edo hirugiharra, baietz? Alabaina, parrilan askotariko gauzak presta daitezke, eta oso gozoak, gainera. Beraz, behingoagatik zure gonbidatuak harritu nahi badituzu, hatzak miazkatzeko moduko barbakoako errezeta batzuk proposatzen dizkizugu.

Eta ez kezkatu, originalagoak direlako ez du esan nahi prestatzeko zailagoak izango direnik. Egia esan, ikusiko duzun moduan, hainbatetan nahikoa da buelta bat ematea betiko proposamenei, berezi egiteko. Ekin diezaiogun lanari!

1. Oilasko iztertxo glasatuak barbakoa-saltsarekin eta ananarekin

 

Osagaiak:

  • 10 oilasko-izter
  • 1 anana
  • 6/7 koilarakada barbakoa-saltsa
  • 1 koilarakadatxo soja-saltsa
  • 1 koilarakadatxo azukre beltz
  • Pikillo-piperrak

 

Prestatzeko modua:                                                         

  1. Garbitu oilasko-izterrak, eta lehor itzazu.
  2. Katilu batean, nahastu barbakoa saltsa, soja-saltsa eta azukre beltza.
  3. Sartu iztertxo guztiak saltsaz estalita geratu arte, eta utzi hozkailuan ordu erdiz.
  4. Prestatu baino lehen, zatitu anana xerratan eta garbitu piperrak.
  5. Eraman guztia barbakoara eta prestatu nahi den puntua lortu arte.

2. Hanburgesa koloretsuak

 

Osagaiak:

  • Txahal- edo oilasko-hanburgesak
  • Hanburgesa-opilak
  • 1 aza gorri handi
  • 3 edo 4 ahuakate handi
  • Cherry tomateak
  • 2 edo 3 tipuleta
  • 1 edo 2 limoi
  • Piperbeltza
  • Gatza
  • Saltsak (ketxupa, ziapea…)

Prestatzeko modua:                                                         

  1. Egin hanburgesak parrilan.
  2. Moztu tipuleta juliana-eran eta egin horiek ere parrilan.
  3. Garbitu aza gorria eta moztu zerrenda laburretan.
  4. Ireki ahuakateak eta moztu xerra ez oso handietan.
  5. Ondu itzazu limoiarekin, piperbeltzarekin eta gatzarekin.
  6. Zatitu cherry tomateak bitan.
  7. Haragia eta tipuleta prest daudenean, muntatu hanburgesak: jarri aza gorria, ahuakatea, haragia, cherry tomateak eta tipula.
  8. Utzi gonbidatuen esku gogoko dituzten saltsak gehitzea.

3. Ezamihilu-saltsarekin eta limoiarekin marinatutako arrain-burruntziak

 

Osagaiak:

  • Arrain gogorren 3 puska burruntzi bakoitzean (zapoa, meroa, hegalaburra…)
  • ½ limoi burruntzi bakoitzeko
  • Gure ezamihilu- eta limoi-saltsa
  • Tipulina
  • Piperbeltza
  • Gatza

Prestatzeko modua:                                                         

  1. Arraindegian eskatu arraina burruntzian egiteko puskatan zatitzeko.
  2. Garbitu arraina.
  3. Jarri saltsa katilu batean, sartu marinatu beharreko arrain puskak, eta utzi 2 orduz hozkailuan.
  4. Denbora igarotzen denean, zatitu limoiak.
  5. Jarri hiru arrain puska eta hiru limoi puska, txandakatuz, burruntzi bakoitzean.
  6. Bota piperbeltza eta gatza nahieran, eta apaindu tipulinarekin.

  7. Egin burruntziak parrilan bi aldetatik, gorritu arte.

4. Burrito beganoak

 

Osagaiak:

  • Saltxitxa beganoak
  • Gari-tortilak
  • Askotariko kimu berdeak
  • 2 edo 3 ahuakate handi
  • 2 tipula gorri
  • Oliba-olio birjina estra
  • Piperbeltza
  • Gatza

Prestatzeko modua:                                                         

  1. Egin saltxitxak parrilan.
  2. Ia eginak daudenean, jarri tortilak parrilan xigortzeko.
  3. Ireki ahuakateak eta zatitu xerratan.
  4. Garbitu kimu berdeak eta txikitu tipula.
  5. Nahastu landare guztiak kikara batean eta ondu nahieran oliba-olioarekin, piperbeltzarekin eta gatzarekin.
  6. Muntatu burrito beganoak. Saltxitxak osorik utz ditzakezu, edo zatitu egin ditzakezu.

5. Ziapean egindako izokina orburuekin

 

Osagaiak:

  • 6 izokin trontzo
  • 100 ml oliba-olio estra birjina
  • 2 limoi
  • 2 koilarakada ziape pikortatu
  • Piperbeltz beltza
  • Gatza
  • Orburuak

Prestatzeko modua:                                                         

  1. Atera zukua bi limoiei.
  2. Kikara batean nahastu olioa, tipula, limoi-zukua, ziapea, piperbeltza eta gatza.
  3. Jarri arrain trontzoak katiluan, estali film-paperarekin eta utzi marinatzen gutxienez ordu pare batez hozkailuan.
  4. Egin baino apur bat lehenago, zatitu orburuak eta bota gatza eta piperbeltza.
  5. Eraman guztia barbakoara eta prestatu nahi den puntua lortu arte.

Hauetako zein errezeta prestatuko dituzu? Janaria prestatzen hasi baino lehen, artikulu hauek irakurtzea gomendatzen dizugu xehetasun guztiak dituen barbakoa bat prestatzeko. Alde batetik, lagungarri gisa atera daitezkeen zenbait errezeta (adibidez, entsaladak) eta, bestetik, apaintzeko ideiak. Apuntatu!

Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.