Saltatu

IKEA-rekin janaria prestatzen: ganba-entsalada laranja-chutneyarekin

Beste ezer baino gustukoago dugu gonbidatu guztiak harritzeko moduko errezeta errazak egitea edo, besterik gabe, gure buruari opari gastronomiko bat egitea (geuk ere merezi dugu eta!). Horregatik, aperitibo erraz eta azkarra dakarkizuegu oraingoan, ia ahaleginik egin gabe gozatzeko modukoa. Bikaina dirudi, ezta?

Gaur, #CocinaConIKEA-n , ganba-entsalada gozo eta ezberdina dugu jateko, ogiaren gainean eta laranja-chutneyarekin zerbitzatua. On egin!

Ezagutu gure chef-a

 

Gogoan duzu Julio Fernández? Ziape gozo eta ezamihiluarekin izokin-bolen errezeta gozo bat egiteko aukeratu genuen chef-a da. Hain gustuko izan genuen sukalderako duen esku ona, non bere platerekin gozatzeko gonbidatu baitugu berriro. 

Juliok sei urte daramatza IKEA FOOD-en lanean eta, gaur egun, Madrilgo IKEA Goya dendan dagoen jatetxeko Kitchen Specialist da. Sukaldaritza zale amorratua izan da Julio txikitatik, eta ikaste-gose aseezina du. Izan ere, sukaldeburu izateko ikasketak egiten ari da Ostalaritza eta Turismo Eskolan (ESAH).

Gainera, errezetei buruzko blog pertsonal bat du; bazkariak eta afariak prestatzeko ideia mordoa aurkituko duzu bertan. Bere hitzetan, blogean “guztiok egiteko moduko sukaldaritza erraza aurkitu duzu, baina ukitu bihurri batekin”. Eman begiratu bat: www.laollacanalla.com

 

Ba al zenekien...?

Gaurko errezetaren protagonistak zuritutako ganba gozoak dira, nola ez. IKEA-n, gure konpromisoarekin jarraituz, bermatu egiten dugu produktu honek jasangarritasunari buruzko nazioarteko MSC estandarra betetzen duela.

Ipar-ekialdeko eta ipar-mendebaldeko Ozeano Atlantikotik datoz, eta modu arduratsuan arrantzatu dira. Gure ganbek osagai naturalak baino ez dituzte (beraz, ez dute ez gehigarririk ez kontserbatzailerik). Arrantzatu eta berehala izozten direnez, zapore, kalitate eta nutrizio-balio osoa gordetzen dute. Horregatik dira hain gozoak! Ingurunearekin errespetu handia duen produktua da, oso prezio onean eta erabilteko eroso.

 

Eta orain, goazen gure errezetarekin. Ekin diezaiogun lanari!

Zailtasun-maila: txikia

Prestatzeko denbora: 30 min

Itxarote-denbora: 30 min

Osagaiak 4 mahaikiderentzat

  • SJÖRAPPORT  izoztutako ganba zurituen poltsa 1 (aurretik desizoztu behar da)
  • KNÅDA ogi legamiagabekoa egiteko prestakin poltsa 1
  • 10 g curry
  • 220 g laranja eta intsusa-lore marmelada  
  • 50 g errefau-saltsa mina
  • 75 g jogurt greko
  • 30 ml oliba-olio
  • 5 g jengibre
  • 70 g tipula gorri
  • 30 ml sagar-ozpin
  • 5 piperbeltz ale
  • 5 koriantro ale
  • Martorria (nahierara)

Osagairen bat falta zaizu? Ez kezkatu, gure denda suediarrean aurki ditzakezu guztiak.

Prestatzeko modua 

Entsaladaren oinarriarekin hasiko gara. Aurreratu dugun bezala, legamiagabeko ogia izango da. Horretarako, KNÅDA ogi legamiagabekoa egiteko prestakinaren poltsan dauden argibideak jarraituko ditugu.

Oso erraza da prestatzea: 

  1. Prestakinaren poltsan bertan 50 ml oliba-olio gehituko ditugu. 
  2. Jarraian, bota 200 ml ur kristalezko pitxer edo botila baten laguntzaz.
  3. Poltsa zigilatuko dugu, berez duen itxiera erabiliz. 
  4. Orain, eutsi poltsari zuzen, eta oretu nahastea, pasta leuna izan arte (5 bat minutuz gutxi gorabehera). 
  5. Ondoren, atera pasta poltsatik eta zatitu bola itxurako zati biribiletan. Aperitibo gisa zerbitzatuko baduzu, saiatu zati handiegiak ez egiten.
  6. Jarri zartagin bat berotzen.
  7. Zati bakoitza prestatu aurretik, forma apur bat emango diogu esku-ahurraz zapalduz, orea lau gera dadin. Aholkua: Zurezko mozteko taula bat erabil dezakezu, gainean jarri eta bi eskuez berdintzeko. 
  8. Egosi banan-banan zartaginean, nahi duzun beste txigortu arte (3 minutu inguru nahikoa izango da). Sukaldeko pintzak edo espatula erabil ditzakezu buelta emateko. 
  9. Denak prest daudenean, atera opil guztiak eta jarri plater batean. Ondoren, estali itzazu trapu edo sukaldeko zapi heze batez, harro manten daitezen. 

Errefau-saltsa prestatzea

Orain saltsaren txanda da! Jarraitu urrats hauek errefau-saltsa mina egiteko: 

  • Sukaldeko katilu handi batean, potean dugun errefau-saltsa jogurtarekin nahastuko dugu
  • Koilara baten laguntzaz, dena ondo irabiatuko dugu, bi osagaiak nahastu daitezen. 
  • Erabat elkartu direnean, nahasketa sukaldeko biberoi batean gordeko dugu eta hozkailuan sartuko dugu, entsaladan zerbitzatzeko ordua heldu arte. 

Laranja-chutneya prestatzeko modua

Ganba zurituen entsalada honekin jarraituko dugu. Laranja eta intsusa-lore marmeladarekin prestatuko dugun laranja-chutneyaren txanda heldu da

  • Espeziak (piperra eta koriandroa) su ertainean gorritzen jarriko ditugu zartagin batean. 
  • Tipula gorria zatitu eta txikitu egingo dugu.
  • Jengibrea zuritu eta txikitu egingo dugu. Birrindu ere egin dezakezu, errazagoa iruditzen bazaizu.
  • Espeziak gorritu direnean, oliba olioa, tipula eta jengibrea gehituko ditugu. 
  • Dena erregosiko dugu su ertainean, harik eta tipula ia garden egon arte
  • Orain laranja-marmelada eta sagar-ozpina gehituko ditugu.
  • Egosi egingo dugu, dena ondo trinkotu arte. 

Zerbitzatzeko modua

Errezeta amaitzeko, egindako osagai guztiak muntatuko ditugu. Zerbitzatzeko ordua heldu da: 

  1. Ogi zati bat jarriko dugu oinarri gisa. 
  2. Laranja-chutneyaren geruza bat jarriko diogu.
  3. Eskukada bat ganba gehituko dugu (gogoratu aurretik desizoztu behar dituzula).
  4. Errefau- eta jogurt-saltsa gainetik gehituko dugu. 
  5. Martorri txikitu apur bat botaz amaituko dugu. 
  6. Prozesua beste errazio guztiekin errepikatuko dugu.
  7. Listo!

Zer deritzozu? Prestatu plater onenak errezeta erraz hauekin, zailtasunik gabe profesional handien emaitzak lortuko dituzu. A! Ez ahaztu sare sozialen bidez zure errezetak gurekin partekatzea, erabili #CocinaConIKEA traola. Poz handiz ikusiko ditugu zure sortze-lanak!

Ez galdu errezeta gozo horiek guztiak. 

Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.