Aste Santua etxean igarotzeko 10 ideia
Ez dakizu zer egin Pazkoan? Eman begirada bat planen zerrenda honi, oporrei ahalik eta etekin handiena ateratzeko eta jaiegunen minutu guztiak topera aprobetxatzeko zeure etxetik bertatik. Bakarrik nahiz familiarekin, inspira zaitez Aste Santua etxean igarotzeko honako ideia hauekin.
Apuntatu gustukoen dituzunak!
1. Pazkoko eskulanak
Has gaitezen etxeko txikienentzako plan dibertigarri eta entretenigarri batekin. Izan ere, sasoi honen bereizgarrietako bat kolore-eztanda da; beraz, ez dago plan hoberik primeran pasatzeko, eskulan eta marrazkiak egiteari eskainitako arratsalde bat baino. Helduek ere parte har dezakete!
Hona hemen ideia original bat: marraztu, margotu eta moztu Pazko-arrautzak etxea apaintzeko. Bakoitzak berea sor dezake eta norberaren etxeko tokirik gogokoenean jarri. Adibidez, atzean makilatxo bat itsats diezaiokezue (kartoi zati batez egindakoa, edo izozki baten makila aprobetxatuz), eta loreontzi batean jarri, landareak apaintzeko. Itxura ederra izango dute, eta, gainera, festa-giroa sortzen lagunduko dute.
Beste ideia bat nahi duzu? Ederki! Margotu arrautzen oskolak! Modu askotara egin daiteke, hala nola esprai bereziekin, errotulagailuekin edo pintura akrilikoarekin.
2. Aste Santuko jakiak prestatu
Etxeko janaria ezinbesteko osagaia da etxean Aste Santu on bat igarotzeko. Aprobetxatu opor-egun hauek estres eta ordutegirik gabe janaria prestatzeko eta gozatu Aste Santuko plater tipikoez.
Hainbat errezeta tradizional daude urteko sasoi honetarako, hala nola torrada goxoak, kausera hanpatuak edo pestiño atsegingarriak. Badakigu, ahogozoa egin zaizu, ezta?
Noizean behin zeure buruari gutiziaren bat eskainiko badiozu ere, askatasun handiagoa izango duzun egun hauetan hobeto eta lasaiago jateko aukera izatea nahi dugu. Beraz, ireki errezeta-liburua eta ohore egin iezaiozu zeure buruari modu orekatuan jateari uko egin gabe.
3. Piknik bat terrazan
Terraza bat edo beste kanpoko espazio bat duzu? Atera iezaiozu ahalik eta etekinik handiena! Udaberrian, beste gauza batzuen artean, eguzkiaz gozatzeko aukera izugarria dugu, distiratsu badago ere, ez gaituelako gogaitzen. Hortaz, atera zaitez balkoira edo terrazara eta presta ezazu piknik txiki bat!
Ideia ona iruditzen bazaizu, lehenik eta behin espazioa prestatzea gomendatzen dizugu. Ea, ba! Ekin prestatzeari! Hasteko, kendu hauts eta zikintasuna eta gehitu behar diren osagarriak: mahai tolesgarria, zoruan eseri edo etzateko kuxinak, etab. Nahi duzuna jar dezakezu! Bukatzen duzunean, aire zabaleko egun ezberdin batez gozatzeko prest egongo zara, baina etxean duzun erosotasunari uko egin gabe.
Ez duzu piknik bat egiteko espaziorik edo ez du eguraldi ona egiten? Sormena izugarri gustatzen zaigu, eta horregatik, ez dugu alde batera utzi nahi barruan piknik bat egitearen ideia. Gelak itxura ezberdina izan dezan, mugitu altzariak lekua egiteko eta gehitu osagarri batzuk, ehun-gaiak batez ere: kuxinak, tapakiak eta… voilà! Prest duzu piknika!
4. Familiarekin egiteko jarduerak
Aste Santuan egiteko eskulan batzuk aipatu ditugu jada, baina orain jolas bat proposatu nahi dizuegu ideia hori osatzeko. Zer deritzozu? Hori bai, gaia alde batera utzi gabe. Nabari dadila oporrak iritsi direla!
Azalduko dugun jolasak "Pazko-arrautzaren bila" du izena, eta, izenak ongi adierazten duen bezala, Pazko-arrautza bat etxean ezkutatzea eta aurkitzea du helburu. Jolasteko modu asko daude, baina hona hemen gure proposamena:
Marraztu etxearen plano bat altxorraren mapa bat izango balitz bezala, eta adierazi bertan gelaz gelako ibilbide bat Pazko-arrautza aurkitzeko. Probak edo erronkak presta ditzakezue tarteka egiteko (igarkizunak, adibidez), jolasak denbora gehiago iraun dezan eta abentura dibertigarriagoa izan dadin. Saria edozer gauza izan daiteke, baina, kasu honetan, guk txokolatezko arrautzez betetako poltsatxoa aukeratu dugu. Primeran pasatuko duzue!
5. Mahai-jokoen txanda
Inoiz ez gara zaharregiak izango mahai-jokoetara jokatzeko. Izan ere, gustu eta adin guztietarako jokoak daude. Batzuk, dinamikoagoak dira, eta beste batzuk, tradizionalagoak; horregatik, beti aurkituko dugu senide edo lagunekin luzaroan jokatzeko eta ondo pasatzeko mahai-joko bat. Aukera hau aprobetxatu nahi dugu aholku bat emateko: utzi teknologia alde batera eta ekin jokatzeari. Animatuko zara?
6. Zereginen zerrenda marratu
Badakigu ez dela Aste Santuko oporretarako planik dibertigarriena, baina egiteke dituzun zeregin guztiak behingoz bukatzeko parada ezin hobea izan daiteke. Gainera, nahiz eta hasieran lanari ekitea kostatu, dena bukatzen duzunean ezin hobeto sentituko zara. Izan ere, zereginen zerrenda hutsik izatea baino gauza hoberik ez dago buru-bakea lortzeko.
Zer gauza egon daitezke “egin behar diren baina inoiz egin nahi ez ditudan” zereginen zerrenda ospetsu horretan? Burura etortzen zaizkigun lehendabiziko atazek garbiketa-lan handiekin zerikusia dute, noizbehinka egiten ditugun arren, izugarrizko garrantzia duten horiekin, hain zuzen ere. Bestalde, apalak, tiraderak edo tuperren armairua txukuntzeko ere aukera bikaina izan daiteke. Hala ere, egiteko guztiek ez dute zertan garbiketa zein antolaketa-lanekin lotura izan. Ziur gaude beste jarduera dibertigarriago batzuk ere badituzula zereginen zerrendan; argazkien albuma betetzea edo ordenagailuko fitxategiak antolatzea, adibidez.
7. Armairu-aldaketa
Esaerak dio: “apirilean sarri, euri eta euri", eta zuzen ibili ohi da. Hala eta guztiz ere, neguko arropa lodienak armairutik ateratzen has gaitezke, eta sasoi artekoak erabiltzen hasi.
Horregatik, ideia hau aurrekoarekin lotuta dago, lehenago edo geroago jantziak antolatu beharko dituzulako. Arropa pixkanaka-pixkanaka antolatzen baduzu, garbitu eta gordetzea ez da lan-karga hain handia izango, eta argiago izango duzu sasoi berri honetarako dituzun jantziak.
Gogoratu! Momentuz ez gorde tapakiak edo mahuka luzeko jantzi finak, oraindik egun hotzak baititugu aurretik.
8. Kirola egin
Ohitura onak mantendu behar dira. Horregatik, etxean kirola egitea gomendatzen dizugu, batez ere zure eguneroko bizitzan kirola egiteko astirik ez baduzu.
Ez duzu ekipamendu askorik behar; hori argi eta garbi geratu da aurten. Izan ere, nahikoa izango da egongelako altzariak alde batera mugitzen badituzu. Terrazarik baduzu? Askoz hobeto!
Gure aholkua serie luze edo zailegiak saihestea da, are gutxiago kirola egiteko ohiturarik ez baduzu. Moldatu ariketak zure mailara eta prestatu 20-30 minutuko saioa. . Gutxi egiten baduzu ere, ederki sentituko zara, zin egiten dizugu. Gainera, kirola egin osteko dutxa saririk pozgarriena da.
9. Spa-unea etxean
Eta dutxaz ari garela… Zer deritzozu kirol-errutinaren ondoren dutxa hartzeko momentua zeure burua zaintzeko aprobetxatzeari?
Jarri musika lasaia denbora-tarte hori askoz bereziagoa izateko. Baina, kontuz! Horrek ez du esan nahi ur-txorrotaren azpian betiko egon behar zarenik; gogoratu ura modu arduratsuan erabili behar dugula. Dena den, dutxaren aurretiko eta ondorengo xehetasunak zain ditzakezu, adibidez, girotzeko musika, ilerako maskara edo aurpegiko tratamenduren bat erabiliz.
10. Ezer ez egin
Zure Aste Santuko plana ezer ez egitea da? Ideia ezin hobea iruditzen zaigu. Adi, ez gaizki ulertu: ez dugu nahi egunero sofan etzanda egotea, baina zilegi da zeure buruari egun batez askatasun osoa eskaintzea. Izan ere, atseden hartzea ezinbestekoa da.
Hain justu, ez gara geure buruarekin errudun sentitu behar une oro gauzak egiteko energia ez izateagatik. Batzuetan, hobe da geuretzako egun bat, arratsalde bat edo ordu batzuk hartzea gauza asko ez egiteko, edo, behintzat, gauzak planifikatuta ez izateko.
Zer deritzozu? Espero dugu ideia hauek baliagarriak izatea etxean Aste Santu atsegina igarotzeko. Ideia gehiago nahi badituzu, ez galdu artikulu sorta berezi hau; Pazkoan plan ezberdinak egiteko ideiaz beteta dago.
Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausart zaitez zu ere bai! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero, ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, indargabetu egiten dira IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea.