Saltatu

Nola komunikatu seme-alaba nerabe batekin

Familian bizikidetza ona mantentzea ez da beti erraza nerabeak etxean ditugunean, haurtzarotik heldutasunera igarotzen ari baitira, prozesu horrek dituen emozio guztiekin batera. Familiei etxean seme-alabekin komunikazio hobea izaten laguntzeko, Cristina Gutiérrez Lestón hezitzaile emozionalarekin hitz egin dugu Etxea sortzen programan. Han, seme edo alaba nerabe batekin komunikatzeko sei aholku ematen dizkigu.

Erabilgarria izatea espero dugu!

Seme-alaba nerabeekin hitz egiteko aholku gehiago

Cristina Gutiérrez Lestón hezitzaile emozionala da, eta "La Granja Ability Training Center"-eko zuzendaria. Heziketa emozionaleko metodo erregistratu bat duen lehen baserri-eskola da. Gainera, adituak, La Granjan egiten duen lanarekin batera, prestakuntza eta dibulgazioa egiten ditu, eta hezkuntza-liburuak eta -ipuinak idatzi ere bai. Azkena iaz argitaratu zen, Crecer con valentía: un libro para que tus hijos conquisten sus miedos y desarrollen su potencial.

Gure Etxea sortzen programan parte hartzen duela aprobetxatuz, elkarrizketa bat egin nahi izan diogu, gure nerabeak hobeto ulertzen laguntzeko eta, horrela, gure familia-komunikazioa eta, azken batean, gure etxearen ongizatea hobetzeko.

Apuntatu haren aholkuak!

Zein da nerabeekin familia-bizikidetza ona edukitzeko gakoa?

Hiru gako nagusi emango nituzke. Lehena, gu, gurasoak, ondo sentitzea da, haiek nola egiten den ikasteko adibiderik onena baita. Bigarrena konfiantza izango litzateke (etimologikoki "fedea edukitzea"). Gure seme-alabengan eta haien aukera guztietan konfiantza edukitzea da kontua, gaizki egiten duten guztiari garrantzi askorik ez emanez. Horrek indarra, autoestimua eta, batez ere, beren buruarengan konfiantza emango die, eta hori funtsezkoa da adin hauetan, eta hobetu beharreko arloak gainditzera animatuko ditu. Azkenik, hirugarren gakoa, eta oso garrantzitsua, da gurasoek etxean emozio positiboak nahita sortzea: irribarre egitea, baikorrak izatea, motibatuta egotea, ilusioz beteta egotea edo itxaropena edukitzea.

Nola lor dezakegu gure seme-alaba nerabeekin konektatzea haiek ulertzeko eta familia-harreman hobea edukitzeko?

Gure seme-alaba nerabeei entzuten diegunean, zertarako entzuten diegu? Erantzuteko edo ulertzeko? Ulertzeko bada, haiekin konektatuko duzu. Bestela, ez.

Nerabe bat etxean dugula, uste dut errotulu handi bat jarri beharko genukeela sukaldean esaldi honekin: "Epaitzen baduzu, ez duzu ulertzen. Ulertzen baduzu, ez duzu epaitzen". Zaila da ez epaitzea, baina, hori ez errepikatzeko, gutxiago epaitzen saiatuko gara, eta haien jarrera eta egoera bati buruz pentsatzen eta sinesten dutena gehiago ulertzen. "Nola iritsi zara ondorio horretara?" edo "Zure iritzia interesgarria da, azalduko didazu?" galdetzen badiezu, haien erantzunak liluragarriak izaten dira, benetan! 

Nerabe asko beren baitan biltzen dira, eta zaila da haiekin komunikatzea. Nola lor dezakegu haiek gurasoekin hitz egitea eta beren arazoen berri ematea?

Zergatik azaldu behar dizkizute beren arazoak zuk zureak azaltzen ez badizkiezu? Dena ondo dagoelako itxurak egiten baditugu, lanean edo nagusiarekin ditugun arazoak disimulatzen baditugu, anai-arrebekin, aitona-amonekin edo koinatu-koinatekin ditugun harremanak beti bikainak direla sinetsarazten badugu, hau da bidaltzen diegun mezua: "etxe honetan ez dira arazoak azaltzen", "gatazkak ezkutatu egin behar dira" edo "dena perfektua dela ikusarazi behar da". Hala, gainera, ez dute arazorik konponduko, ez baitiegu irakatsi.

Ez gaitezen lotsatu gure borroka txikiak egiteaz, eta bezeroren batekin arazoren bat baduzu, azaldu afarian zure semeak edo alabak ulertzen ahal duen moduan. Ez da traumatizatuko. Kontrakoa egiteak traumatizatuko du; hau da, egun osoan zehar disimulatzeak! Hau esan dezakezu: "A zer eguna izan dudan. Oso haserre dagoen bezero bat dut eta ez dakit oso ondo nola kudeatu". Ikusiko duzu zure seme-alabek interesarekin galdetuko dizutela eta ideia sortzaile eta originalak emango dizkizutela (eta ez dizute inoiz errua botako, konponbideak bilatzera bideratu ohi baitira). Trikimailu hau noranzko bikoa da, zure seme-alabak pixkanaka beren batailatxoak azaltzen hasiko baitira.

Nola lor dezakete gurasoek seme-alabek etxean ezarritako arauak betetzea? Zigorrera jotzea egokia da?

La Granjan errotulu bat dugu esaldi honekin: "Hemen ez ditugu akatsak zigortzen; hemen efektuak konpontzen ditugu". Arreba iraindu badu, ez dugu gertaera hori zigortzen (denok huts egiten dugu), baina eragin dion kaltea konpontzeko eskatzen diogu: "Zure arreba negarrez ari da. Nola konpon dezakezu eragin duzuna?". Oihu eta urduritasunik gabe. Soilik pazientziarekin eta zure semeak edo alabak arazoa konpontzeko erantzuna aurkituko duela sinesten.

Beti esaten dut gure semeak edo alabak huts egiten gaituenean dakigula zer guraso mota garen. Huts egiten dutela sentitzen dugunean, bi gauza egin ditzakegu: duindu edo apaldu. Akatsa zigortzeak, "jada ezin dut gehiago, beti arreba iraintzen ari zara!" tipikoak, apaldu egiten ditu, ondoeza eta autoestimu baxua sorrarazten du, eta txarrak direla sinetsarazten die. Duintasuna ematea haiek pertsona onak direla jakitea da, nahiz eta une jakin batean ekintza txar bat egin duten, beraiek ere beren unerik txarrenetan argi izan dezaten. Horrela, konpontzeko modu bat bilatuko dute. Alda dezagun zigortzea konpontzeagatik, eta etxea leku atseginagoa izango da.

Gure seme-alaben "lagunak" edo bakarrik gurasoak izan behar dugu? 

Gurasoak izan behar dugu, eta horrek harremanak preziatuak, bakarrak eta bereziak bihurtzen dituen afinitate eta lotura zati bat dakar. Lagunak adiskideak dira, minak ala ez, baina lagunak, azken finean. Beren funtzioa daukate eta bikaina da. Baina gu adiskidetasuna baino askoz gehiago gara. Aholkulariak, bizitza-maisuak, trebezia-entrenatzaileak, talentu-indartzaileak izan behar dugu. Baldintzarik gabeko maitasuna eman behar diegu, amaierara arte haien alde borrokatzeko itxaropena, familiaren indarra, etxea haien babeslekua dela eta beti ondo hartuko direlako ziurtasuna.

Nola jokatu seme-alaba nerabe baten errebeldiaren aurrean? 

Izaera handiko seme-alabak dituzten gurasoei bi gauzaren berri eman beharko genieke, haurrak oraindik txikiak direnean eta dagoeneko jarrerak nabaritzen hasten direnean. Lehenik eta behin, ohitura eta muga argiak jarri behar dituzte egunero. Bigarrena heziketa emozionalean trebatzen hastea da, behar dutelako; izan ere, seme-alabek ia egunero egingo diete erronka, eta, gure erantzuna amorruz edo frustrazioz betea badago, gauzak ez dira ondo joango. 

Halako izaera duten haur horiek oso adimentsuak dira, eta hain dira indartsuak, ezen mundua aldatzeko baitaude hemen. Eta hobea edo okerragoa izango da, eman diegun hezkuntzaren arabera. Nire lanean eta hezkuntza-sisteman ikusten ditudan "errebeldeengatik", sentitzen dut hainbesteko talentu galdua dagoela, ezen bihotza apurtzen baitzait eta oso bidegabea iruditzen baitzait, ez bakarrik mutiko basati horientzat, baita haien guraso sufritzaileentzat ere. Ez zitzaizkien sekula irakatsi tenperamentuak erregulatzen eta seme-alaben indarra eta talentua aprobetxatzen hainbeste laguntzen duten hezkuntza emozionalaren trikimailuak. 

Noiz jo behar dugu profesional baten kanpo-laguntzara, seme edo alaba nerabe batekiko harremana hobetzeko? 

Etxean bakea eta funtzionatuko duen harreman bat edukitzeko baliabideak eta tresnak amaitzen zaizkigunean. Zuk edo zure seme-alabek gainezka egiten duzuenean edo bera hiru hilabete baino gehiago triste dagoenean (apatiko, adorerik gabe, motibaziorik gabe, ilusiorik gabe, itxaropenik gabe…). Mundu-mailako pandemia baten ondoren, alderdi horiek asko areagotu dira; beraz, jar gaitezen martxan, hala bada. 

Hori guztia saihesteko prebentzio-tresna hezkuntza emozionala izeneko zientzia aplikatu bat da. Aprobetxatu familiarekin eta, ahal bada, naturan, hezkuntza emozionaleko jarduerak egiteko aukera guztiak. Horrelako dinamikak oso dibertigarriak dira eta harremanak hobetu egiten dira (familian nahiz lanean).  Gainera, badira heziera naturaleko zaldiak, baserriko animaliak eta abentura-kirolak erabiltzen dituztenak, La Granjan egiten ditugunek bezala.

Egin amets, lagunok, eta egin, zuen seme-alabekin batera, mundu ikaragarri hau

Cristina Gutiérrez Lestón

Nola lagun diezaiekete gurasoek seme-alabei nerabezaroan pertsona gisa heltzen eta hazten?

Ez da erraza zaintzea, lehenik zu zaintzen ez bazara. Zaila da ondo maitatzea, lehenik zeure burua maite ez baduzu. Zaila da besteekin ondo egotea, zeure buruarekin ondo ez bazaude. Seme-alabei laguntzeko, lehenik zuk ondo egon behar duzu. Hortik hasiko nintzateke. Eta azken iradokizuna ipuin txiki honen bidez emango dizuet:

Haurrak jakintsuari galdetzen dio:

—Zenbat neurtzen du Unibertsoak?

Eta jakintsuak erantzuten dio:

—Unibertsoak zure munduaren neurria du.

Haurrak, bere munduaren tamaina ulertzen ez duenez, berriro galdetzen dio:

—Eta zenbat neurtzen du nire munduak?

Eta jakintsuak erantzuten dio:

—Zure munduak, laztana, zure ametsen neurria du.