Saltatu

Nola diseinatu lanerako gune ergonomiko bat

Bizkarreko mina? Eta zerbikaletakoa? Agian lanean ari zarenean gorputzak duen jarreraren errua da hori, pentsatu duzu inoiz? Tamalez, zure lanorduak ezin ditugu murriztu, baina egin dezakeguna da zuri gomendio batzuk eman, gai izan zaitezen etxean lanerako gune hobe bat sortzeko. Zer deritzozu?

6 puntutan laburbilduko dugu nola lortzen den lanerako gune ergonomiko bat, zure ongizate korporalari eta mentalari mesede egiteko, eta nekea eta estresa murrizteko. Hoberena? Aholku hauek erabilgarri zaizkizu bai telelanean aritzen bazara, bai bulegoan ordu asko igarotzen badituzu; beraz, ez dago aitzakiarik. Goazen!

1. Ezarri atsedenak

Idazmahaian edo bulegoko mahaian ordu asko pasatzeak nekea eta gorputzeko mina eragiten ditu. Ikusmen nekatua, bizkarreko edo zerbikaletako mina, edo karpoko kanalaren sindromea sagua gehiegi erabiltzeagatik: pantaila baten aurrean lan egiten duten pertsonen ohiko gaitzak dira.

Hori dela eta, eman diezazukegun lehenengo gomendioa da, aditu guztiek esaten diotenari jarraikiz, altzari egokiak izateaz gain, noizbehinka altxatzea hankak luzatzeko, burua baretzeko eta begiek ere atseden hartzeko; ezinbestekoa da hori lanerako gune ergonomiko bat lortu ahal izateko. 

Keinu txiki honek onura handiak dakarzkio zeure buruaren eta gorputzaren osasunari. Ez baduzu ahaztu nahi, "x" orduz behin alarma bat ezar dezakezu, eta automatikoki minutu batzuk eman zeure buruari atseden hartzeko. Parada aprobetxa dezakezu komunera joateko, edo sukaldera, ur pixka bat edatera (oso garrantzitsua da hidratatuta egotea), ala etxetik pasea zaitezke zure abestirik gogokoena entzuten. Garrantzitsuena mugitzea da. 

2. Idazmahairako aulkirik onena 

Lehenago aipatu dugu etxean edo bulegoan lanerako gune ergonomiko bat eduki ahal izateko altzariak oso garrantzitsuak direla. Has gaitezen, adibidez, idazmahairako aulkiarekin. 

Idazmahai batean lan egiteko, beharrezkoa da bizkarreko euskarri ona eskaintzen digun aulki bat, erregulagarria eta birakaria dena, aisetasunez mugitu ahal izateko. Aulki ergonomikoak gure gorputz osora moldatzen dira, eta erosotasunez eta arriskurik gabe lan egiten laguntzen digute. Baina, nahikoa al da aulki egoki batekin? Erantzuna ezezkoa da. 

Eserita gaudenean, beste zenbait faktore hartu behar ditugu kontuan jarrera zuzena lortzeko; adibidez, ordenagailuko monitorearen altuera. Begien altuerara izan behar dugu, eta besoak eta ukondoak 90 °-ko angeluan jarrita, eskuak teklatuaren gainean. Beso-euskarria duten aulkiek jarrera horri eusten lagunduko digute, kasu honetan. 

3. Altuera erregulagarriko idazmahaiak

Laneko gune benetan ergonomiko bat bilatzen baduzu, aholkatzen dizugu mahai erregulagarri bat eskuratzea. Hemen doaz arrazoiak:

Altuera erregulagarriko idazmahaiak idealak dira, jarreraz maiz aldatzea ahalbidetzen digutelako. Horrela, eserita eta zutik lan egitea aldizka dezakegu, eta odol-fluxua aktibatzen dugu, denbora gehiegi eserita egoteak dakartzan efektu kaltegarriak murriztuz. Zer deritzozu?

Baina kontuz ibili: zutik lan egiten dugunean, eserita gaudenean jarraitzen ditugun ergonomia-arau berak bete behar ditugu. Monitorearen goiko aldea begien altuerara izan behar dugu, eta besoak teklatuaren altueran jarrita. A! Horrez gain, saia zaitez hankak ez gurutzatzen, zure zirkulazioa ez kaltetzeko.

Beste aholku bat: lurra gogorra bada, aukera on bat izan daiteke alfonbrak jartzea, belaunak mindu ez daitezen (oinetako erosoak janztea ere ez legoke gaizki). 

4. Estresa murrizteko teknika osagarri bat

Gure artikuluren bat irakurri baduzu, arau hau buruz jakingo duzu: ordenak eragin zuzena du gure emozioen ongizatean, eta lanean kontuan hartzekoa da hori, noski.

Altzarien kokapenak laneko gune praktiko eta eroso batez gozatzen lagun diezaguke. Horregatik da gomendagarria biltegiratze-sistema ezberdinak izatea, hala nola tiradera-altzariak edota idazmahaiko beste antolatzaile batzuk, gure ingurua guztiz harmoniatsua izan dadin. 

Gomendagarria da maiz erabiltzen ditugun gauzak idazmahaitik hurbil edukitzea, eta gutxitan erabiltzen ditugunak txoko baztertuetan edota garaietan uztea, trabarik egin ez dezaten. Bulegoko material txikia idazmahaiko antolatzaile batean gorde dezakegu, edo gurpilak dituen biltegiratze-orgatxo batean, behar dugun aldiro idazmahaira hurbil dezakeguna. Gainera, orgatxoak arindu egiten du laneko materiala ateratzeko edo biltzeko momentua, horretarako etxean toki finkorik ez baduzu.

Hurrengo bideoan azkar ikusiko dituzu aholku batzuk zure idazmahaia modu errazean antolatzen ikasteko:

5. Lan egiteko argi egokia 

Etxetik lan egiteko argiztapenari dagokionez, hiru argi mota daude: naturala, orokorra eta girokoa.

Oro har, ondo argitutako lekuek kontzentraziora laguntzen dute, eta begien narritadura saihesten dute. Guztien artean, argi naturala da argi-iturririk atseginena eta gure ongizaterako egokiena. Hori dela eta, laneko gunea diseinatzen duzunean, altzariak argi naturala ondo aprobetxatzeko moduan jartzea da gomendagarriena. Hortik abiatuta, girokoarekin jolastuko dugu espazioari berotasuna emateko, eta orokorra baliatuko dugu beti argiztapen egokia edukitzeko, nahiz eta eguzkirik ez egon. 

Ahal bada, eduki laneko gunea leiho batetik hurbil, pantailan erreflexurik izan gabe, noski. Hori ezinezkoa bada, jarri eguzki-argiaren antzekoa den argi-espektroa daukaten bonbillak (gutxienez, 5 000 K). Ez ahaztu lanerako lanparak eta flexoak baliatzeaz, lanerako erabiltzen dugun eremu jakina zuzenean argiztatzen dute eta. 

6. Zaindu zure inguruak

Hitz egin dugu landareek dituzten onura guztiei buruz. Horregatik, interesgarria da landareak edukitzea laneko gunean, bai etxean, bai bulegoan.

Aire freskoak kontzentrazioa hobetzen du! Landareek oxigenoa eta hezetasuna igortzen dute, eta espazioen giroa hobetzen.

Leihorik ez baduzu, landareak erabil ditzakezu airea garbitu eta oxigenoz betetzeko. Gainera, badakizu landareek gure umorea hobetzen dutela? Denetarik egiten dute!

Eta, listo. Egin kasu aholku hauei zure lanerako gunea eremu erosoa eta bibrazio onekoa izan dadin.

Inspirazio gehiagoren beharra duzu etxean lanerako gunea sortzeko? Hemen doa etxeko edozein txokotan telelanerako gune bat sortzeko bideo estra bat eta interesgarria gerta dakizukeen ideia sorta bat: 

Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausart zaitez zu ere bai! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.