Saltatu

Seme-alabekin etxean egiteko eskulan eta jarduera errazak

Etxean denbora pasatzen dugunean, batez ere asteburuetan edo oporretan, uneak behar ditugu gure umeak entretenitu eta lanpetuta mantentzeko. Hortaz, zergatik ez diogu haien irudimenari hegan egiten uzten, eta entretenituta egoteko eta alderdi sortzaileena kanporatzeko eskulan eta jardueren zerrenda bat prestatzen? Ez duzu material zailik beharko haurrak artista handiak izan daitezen.  
Gogoan izan hori, eta badakizu… gurasoak ere gonbidatuta daude parte hartzera.  

Egokitu eremua jarduerarako 

Pinturaren magiaz gozatzen hasi aurretik, hobe da neurri batzuk hartzea, dena ez zikintzeko. Beraz, egokitu gune bat seme-alabak eroso egon daitezen eta zikintzerik nahi ez duzun ezer zikindu ez dadin.  

Babes bat jar dezakezu mahaian, edo zoru-babes bat; halakorik ez baduzu, erabili egunkarien papera, mahai-zapi higatu bat edo maindire zahar batzuk.  
Jarri txikiei amantal bat edo arropa zaharra. Bai haiek bai zuek lasai-lasai egon zaitezten behar duzuena. Ez dugu nahi okerreko mihisea erabili eta behar ez duguna margotu, ezta? 

Artistak nagusi! 

Arkatz markatzaileak, itsasgarria, koloreteak, guraizeak, akuarelak, hatzekin margotzekoak… Era guztietako teknikak eta materialak erabiltzen utzi behar diozu zure artista txikiari. Ikusiko duzunez, gauza errazekin eta irudimen apur batekin, oso gauza politak eta dibertigarriak sor ditzakezu.  Ideiak banan-banan aipatuko ditugu; aukeratu gehien gustatzen zaizuna. 

  • Paisaia metalizatuak: erabili aluminio-papera, oinarri ezin hobea koadroak margotzeko (eta are gehiago etxean orri zuririk gabe geratzen ari bazara). Gainera, pintura lehortzen denean, oso kontraste originala eta galaktikoa sortzen da. Pintzelekin edo hatz txiki horiekin margo dezakete. Ziur asko gustatuko zaiela! 
  • Objektuekin margotzea: ez baduzu pintzelik edo hatzekin margotzekoak bukatu bazaizkizu, ez kezkatu. Une ezin hobea da beste edozein objekturekin esperimentatzeko eta hark sortzen duen efektua ikusteko. Adibidez, botilen tapoiak pinturan busti ditzakezu, eta aurrealdetik zigiluak balira bezala margotu, edo ertz erliebeduna soilik busti eta paperean nola gelditzen den ikusi. Hortzetako eskuila zahar bat primerakoa izan daiteke euria margotzeko. Beste gauza batzuk ere erabil ditzakezu; esaterako, kotoi-bolatxoak, zuhaitzen hostoak edo hodei harroak egiteko.  
  • Orri-markatzaile pertsonalizatuak: Oso erraza da! Margotu eta ebaki angeluzuzen bat orri zuri batean, eta apain ezazu nahierara. Nahi duzuen forma eman diezaiokete, xingola politen bat zintzilikatu, eta, harekin, beren liburu guztiak apaindu. Eta, zergatik ez? Baita zureak ere! Gero, ikastolako materialean erabil ditzakete, eta beren liburuez harro ibili. Gogoratu bestelako materiala erabil dezakezula, hala nola kartoi meheak, EVA goma, aldizkariak… Eta, luze irautea nahi baduzu, forra itzazu, urtero ikastetxeko liburuak forratzen dituzun bezala!
  • Hatzetarako irudi txikiak: ezin hobeak gogoko pertsonaiak hezurmamitzeko eta haiekin jolasteko. Eskala txikian marraztu behar dituzte, euts dadin, hatz erakuslearen tamainan, gutxi gorabehera. Ebaki itzazue, eta moztu, baita ere, zerrenda txiki bat eraztun bat egiteko; itsatsi eraztuna irudian (barra-kolarekin), eskutik zintzilikatu ahal izan dezaten. Gustuko duzu? Etxean egindako txotxongiloen antzoki bat ere egiteko erabil dezakezu ideia hau. Ikusi nola hemen klik eginda.
  • Ebakinekin egindako paparrekoak: Etxean oihal- edo feltro-ebakinak baldin badituzu, paparrekoak diseinatzeko erabil ditzakezu. Oihalaren gainean, gehien gustatzen zaizkien formak marraztu beharko dituzte, eta, gero, haiek ebaki eta itsatsi (ez da orratzik erabili behar!). 
  • Galtzerdi zaharrekin egindako panpinak: Pare zaharren bat edo bikotekidea falta zaion galtzerdiren bat baduzu, beste zerbaiterako erabil dezakezu. Galtzerdia eta irudimena besterik ez da behar. Botoi batzuk jos diezazkiokete, begiak egiteko, edo xingola batzuk edo artilea lotu, ile-adats polit bat egiteko.  
  • Paperezko maskarak: Txantiloi ugari daude Interneten, deskargatu eta margotu ahal izateko. Txantiloiekin, margotu eta ebaki egin beharko dituzte; bestela, hutsetik sor ditzakete.  

Margotu etxea!

Lasai, ez dugu nahi umeak hormak eta altzariak margotzen bukatzean. Baina, zergatik ez eman kolore pixka bat marrazki horiei? Ziur oso ondo pasatuko dutela beren etxea diseinatzen eta koloretako margoekin edo gogoko arkatz markatzaileekin margotzen. Irudi horietako bat gustatzen bazaizu, PDF fitxategi batean deskarga ditzakezu, eta inprimatu. Besterik gabe, egin klik irudian.

“Detektibeen akademia” jokoan jokatzea

Etxeko txiki bizkor eta ausartenen beharra dugu misterio handi bat argitzeko! Lagunduko diguzue? Detektibe bihurtu nahi baduzu, gainditu 22 laukitxo hauetako proba guztiak. Bakoitzean, erronka desberdin eta oso dibertigarri bat dago. Gai izango zarete?

Deskargatu PDF fitxategia (beheko botoia sakatuta); ebaki taula, fitxak eta dadoa, eta jokatu Detektibeen akademia jokoan. Ondo pasatu!

Sumendi apartsuak

Esperimentu zientifikoak beti dira ongi etorriak ondo pasatzeko eta ikasteko. Guk sumendi apartsu bat sortzea proposatzen dizuegu. Gustuko duzue, ezta? Oso erraz egiten da!

Eta, are interesgarriagoa izan dadin, zer deritzozue erreakzio kimikoaren jatorriari buruzko erantzun guztiak idazten badituzue eta, gero, galderaren erantzuna elkarrekin bilatzen baduzue? Horrela, benetako azalpenetik hurbilen nor egon den ikusiko duzue, eta elkarrekin ikasiko duzue.

Jarduera apur bat gehiago luzatzeko, hasi aurretik, ezkutatu esperimentuko elementuak etxean barrena. 

Adin desberdinetako seme-alabak badituzu, handiagoak presta dezakete bilatzeko jolasa, zuk apur bat denbora gehiago izan dezazun lana aurreratzeko. Baina badakizu guk beti animatuko zaitugula familiarekin izaten diren tarte berezi horietan parte hartzera. 

Botoi honetan klik eginda, esperimentuaren argibideak deskarga ditzakezu. 

Zure pentsamenduak idaztea 

Amaitzeko, proposamen lasaiago bat dakarkizuegu, egunaren amaierarako. Egoera hau denontzat berria denez, seme-alabentzako ariketa ona izan daiteke etxean eman beharreko denboraldi honen eguneroko bat edo memoria bat idazten hastea. Sentimenduak eta pentsamenduak islatzen lagunduko die horrek, eta, gainera, idazketa landuko dute, eta oroitzapen bitxi bat izango dute etorkizunerako.  
Etxeko guztiek parte hartu nahi izanez gero, bideo bidezko eguneroko bat egin dezakezue, eta gauero azaldu zer egin eta ikasi duzuen egunean zehar. Berrogeialdiaren amaieran, bideo bakar batean elkartu ahal izango dituzue, eta zer bilakaera izan den ikusi.  

Badakizue: ideia gutxi batzuk baino ez ditugu bildu, baina milaka daude; bidal iezazkiguzue. Irudimena askatzean dago koska. Artikulu hau gustatu bazaizu eta txikiekin etxean nola antolatu eta aste hauek hobeto nola pasatu jakiteko inspirazio handiagoa nahi baduzu, irakurri artikulu hauek.

Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.