Saltatu

Etxeko oinarrizko elementuekin umeekin jolasteko 3 ideia 

Umeak azkar aspertzen dira jostailuekin? Ez kezkatu! Irudimen apur batekin, etxean egunero erabiltzen diren objektuak ere jolas bihur daitezkeela erakutsiko dizugu ideia hauetan. Gorde etxean dituzun gauzekin umeekin jolasteko ideia hauek. 

Litekeena da behin baino gehiagotan seme-alabak etxean aurkitu duten edozer gauzarekin entretenituta ikusi izana jostailuekin ibili beharrean, ezta? Umeek sobera zerbait badute, hori irudimena da, baina noizean behin ongi datorkie laguntza txiki bat etxeko objektuekin jolasteko ideiak eskaintzea asper ez daitezen. Horregatik, hainbat aukera eskaini nahi dizkizuegu, oso ongi pasatzeko. Jarraitu aholkuak! 

1. Gozoak arrantzatzen 

 

Joko honetarako hau beharko duzu:  

  • Barra bat
  • Dutxako gortina bat
  • Makila bat
  • Soka edo hari bat
  • Arropa esekitzeko pintza bat
  • Gutun-azalak edo poltsak  
  • Litxarreriak edo gozokiak 

Lehenik eta behin barra jarri beharko duzu gortinarekin atearen hutsunean. Ondoren, prestatu zure kainabera makilari soka bat lotuta eta, sokaren amaieran, jarri pintza bat. Jarraian, bete hainbat gutun-azal zure seme-alaben litxarreria edo gozo gogokoenekin eta beste ezusteko bereziren batekin bakoitzean. Jarri gortinaren atzean, bata bestetik bereizita.

Txikienekin jolasten hasteko, ilara batean jarri behar dira bata bestearen alboan, eta zu litxarrerien ondoan. Bakoitzak aukera bat izango du gutun-azaletako bat “arrantzatzeko” beste aldetik. Gure aholkua ordena zotz eginda aukeratzea da, haserrerik ez sortzeko. Zu gutun-azaletatik edo poltsatxoetatik gertu egongo zara, eta soka lotuko duzu gehien gerturatzen diren gutun-azalera.  

2. Linbo-dantza 

 

Seme-alabak aktiboago edukitzeko jolas baten bila bazabiltza, hauxe ezin hobea da. Linbo-dantzarekin, oso ongi pasatzeaz gain, oreka eta bizkortasuna landuko dute. Nola ez, handiek ere parte hartu ahal izango duzue, eta une oso dibertigarri bat pasa dezakezue familian. Zer behar duzue?

  • Barra bat
  • Koloreko zerrendak, gortina gisa jarrita
  • Zuen musika gogokoena 

Eta, noski, materialaz gain, dantzatzeko eta ongi pasatzeko gogoak ere ezin du falta, jokoa ongi ateratzeko.

Guztia prest duzuenean, zerrendekin egindako gortina duen barra jartzea izango da lehen urratsa. Oso garrantzitsua da aurrean eta atzean nahikoa leku uztea, libre ibili ahal izateko.

Hurrengo urratsa ilaran jartzea izango da eta banan-banan pasatzen joatea musikaren erritmoan, eta ahalik eta gehiena makurtzen saiatuz. Are interesgarriagoa izateko, eranskailuak jar ditzakezue bakoitza pasatu den altuera adieraziz eta lehiaketa txiki bat egiteko guztien artean. Onenak irabaz dezala! 

3. Opari zintzilikariak

 

Joko hau oso egokia da txikienek opari bat eskatzen dizuetenean edo festa bat prestatu behar duzunean etxean haien lagunekin. Ideia oparitxo bat ematea prozesu bereziago eta zirraragarriago bat bihurtzea da. Prestatzeko, elementu hauek behar dituzu:

  • Barra bat
  • Koloretako begiztak
  • Peluxe txikiak edo beste panpin batzuk
  • Begiak estaltzeko ehun bat  
  • Umeen guraize batzuk  
  • Papera eta arkatza 

Material guztia duzunean, jarri barra ate batean edo armairu eta horma baten artean. Lotu begiztak barrara eta muturrean lotu peluxeak.

Hori eta gero, prestatu gogoko dituen filmei buruzko hainbat galdera (edo nahi duzun gai bati buruzkoak) eta apuntatu galderak paper zatietan erantzun zuzen eta guzti.

Egin galdera bat bakoitzari eta, asmatzen dutenean, saria jasotzeko unea izango da. Are dibertigarriagoa izateko, begiak estaliko dizkiezu eta, arreta handiz, begiztatako bat ebaki beharko dute peluxeetako bat lortzeko.   

Hauetako zein jolas gustatuko ote zaie gehien zure txikiei? Ideia gehiago behar izanez gero, hona hemen jolas gehiago dituzten artikulu pare bat etxean minutu bakar bat ere aspertuta egon ez daitezen.  

Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.