Saltatu

Hiru mokadutxo sinple zure udako otorduetarako

Zure terrazan bazkari bat antolatu duzu? Zer moduz mokadutxo erraz eta goxo batzuk prestatzeko ideia batzuk ematen badizkizugu gosea egiteko? Ez galdu inspirazio kulinario apur bat duen zerrenda hau. Oso azkar prestatzen dira eta beti dute arrakasta! 

1. Pikuen banderillak

Has gaitezen mokadutxo fresko batekin, oso estilo mediterraneokoa eta begetarianoentzat aproposa. Osagai nagusia, pikua, oso fruta ospetsua da urteko hilabeterik beroenetan. Pikuak energia-iturri handia dira, azukre asko dutelako. Gainera, bestelako nutriente asko ere badituzte; besteak beste, zuntzak, potasioa eta burdina. Zer iruditzen zaizu gure mokadutxoan jartzen baditugu ukitu ezberdin bat emateko?

Gure proposamena goxoa eta askotarikoa izan daiteke: banderilla bat. Pikuak zati txikietan moztea (erditik edo laurdenetan moztea nahiko, tamainaren arabera) eta gazta-kubo txikiekin konbinatzea besterik ez duzu. Ia edozein gazta motarekin ondo gelditzen da! Gazta urdina, ahuntz-gazta (aparta ezti-zirrista batekin, gozozaleentzat), gazta freskoa…

Probatu ea zein gustatzen zaizun gehien eta egin minutu gutxian hatzak miazkatzeko moduko banderilla batzuk. Jar itzazu taula batean edo plater polit batean, eta listo!  

2. Saltxitxa eta barazkien burruntziak  

Gure hurrengo proposamena, sendoagoa den arren, hasierako gisa ezin hobeki funtziona dezake. Ba ote dago barbakoan egindako burruntzi sinple bat baino hobeagorik? Guretzat zure terrazako otorduan arrakasta izango duen klasikoetako bat da.

Ideia honetan, gure burruntziak honako osagai hauek ditu: cherry tomateak, gazta-kuboak, arto-xerra txikiak, piper berdea eta saltxitxak. Probatu nahi al dituzu? Aukera begetariano bat bihurtu nahi baduzu, saltxitxa begetalekin egin dezakezu, gure janari-denda suediarrean eskaintzen ditugunak bezalakoak.

Ba al zenekien gure barazki-saltxitxak jasangarriak izateagatik eta duten nutrizio-balioarengatik direla bereizgarriak? Gainera, beganoentzat aproposak dira! Beraz, gazta jartzen ez badiogu (edo baliokide begano bat erabiltzen badugu), ingurumena errespetatzen duen, pertsona ororentzat aproposa den eta goxoa dagoen hasierako bat izan dezakegu.  

3. Entsalada-mokadutxo bat 

Beroarekin eta eguraldi onarekin batera, beti izaten dugu pintxo freskoago eta arinago bat jateko gogoa, ezta? Horregatik, orain aurkeztuko dizugun mokadutxo hau zure lagunik minena izango da: entsalada-mokadutxo goxo bat.

Prestatzeko oso erraza da eta, emaitza ikusitakoan, sukaldari profesionaltzat hartuko zaituzte. Orain gehien interesatzen zaiguna errazio indibidualak prestatzea denez, osasun-arrazoiengatik, hasierako hau ezin hobea da hori lortzeko, estilo handiarekin, gainera.

Mini-entsalada bat da, baina mailaka antolatuta, gutxi gorabehera. Eta konbinazio asko ditu! Guk honako hau aukeratu dugu: zekale-ogia oinarritzat, birrindutako tomate naturalaren geruza fin bat, uraza-orri txiki batzuk, gazta pixka bat, errefau-xerra batzuk, ardi-mihi zotz bat, eta gure sekretua: limoi tanta batzuk freskotasun estra bat emateko. Gogoratu nahi duzuna gehi dezakezula: izokin ketuko xerra pare bat, igurzteko gazta pixka bat… Bururatzen zaizuna! 

4. Zure platerei laguntzeko edari freskagarriak

Dagoeneko zertxobait inspiratu zarenez mokadutxoak prestatzeko errezeta erraz hauekin, ez legoke gaizki otordua biribiltzeko ideia batzuk errepasatzea, edari fresko batzuekin, adibidez.

Mokadutxoei laguntzeko nahiz besterik gabe edateko, ziur zure gonbidatuei izugarri gustatuko zaiela edari goxo eta koloretsu hauen zaporea.  

Poto txorrotadun bat etxeko limonadaz bete dezakezu gonbidatuak euren kabuz zerbitza daitezen. Gehitu limoi- edo lima-xerra estra batzuk zaporea areagotzeko.

Horrelako potorik ez baduzu, betiko pitxer bat erabil dezakezu, bigarren irudian bezala. Ideia honetan, ahabia gorrien edari goxo bat prestatu dugu, fruitu honekin egindako ziropa ur freskotan urtuz. Esan bezala, fruitu gorri batzuk gehitzen badizkiozu laguntzeko, askoz hobe. 

Gozatu zure otorduez eta inspira zaitez hemen uzten dizkizugun gomendio guztiekin. Ez galdu ideien sorta berezi hau!