Hazi mahaira eramateko perretxikoak kafe-hondarretan.
Bazenekien iragazitako kafe-kikara hartzen duzunean, kafe-aleen nutrienteen ehuneko 1 baino gutxiago aprobetxatzen duzula? Geratzen den ehuneko 99 zaborrera bota ordez, bihur ezazu zure perretxiko-baratzearen oinarri.


Future Food Today (Etorkizuneko janaria gaur) errezeta-liburu berrian, SPACE10 ikerketa- eta diseinu-laborategiak jakinarazten digu nola lortu mahairako perretxikoak. Behar duzun guztia hauxe da: kafe-hondarrak, mizelioa, beirazko ontzi bat eta pazientzia. 6-8 aste behar dira emaitzaz gozatzen hasteko.
Hauxe da behar duzuna
Zinta mikroporotsua
Farmazietan aurkituko duzu.
Tapa hermetikoa
Metalezko tapa hariztatua errazago zulatzen da beira baino.
Beirazko ontzi handia
Erabilitako kafe-hondarrak
Ziurtatu kafe-hondarrak hotz daudela, bestela beroak mizelioa hilko du biak nahastean.
Mizelioa
Mizelioa onddoen landare-egitura da. Hori eskuratzeko, jarri harremanetan tokiko perretxiko-ekoizleekin.
Honela egiten da
- Perretxikoak hazteko, higienea ezinbestekoa da. Beraz, hasi baino lehen, garbitu ongi eskuak xaboiarekin eta eskuetako desinfektatzailearekin.
- Egin bi zulo tapan, 20 mm-ko diametro ingurukoa bakoitza. Metalezko tapan ertz zorrotzak ez geratzeko, jarri metala bi egur zatiren artean, finkatu guztia laneko mahai batean eta zulatu egurra eta metala batera. Ziur ez bazaude, bilatu informazio gehiago Interneten.
- Ondoren, esterilizatu tapa eta ontzia, ur irakinetan sartuta minutu batez edo. Lehortu, estali tapako bi zuloak zinta mikroporotsuarekin, bakteriarik sartzen ez dela ziurtatzeko.
- Nahastu mizelioa duela gutxi iragazitako kafe-hondarrekin ontzian, estali eta gorde toki ilun batean. Mantendu 20-25 °C-ko tenperatura 2-3 egunez, hondarrak mizelio zuriz erabat estali arte. Ondoren, gehitu 1-2 cm-ko iragazitako kafe-hondarrak (duela gutxikoak) eta itxaron mizelioak berriz ere guztiz estali arte. Jarraitu horrela kafe-hondarrekin ontzia bete arte.
- Azken kafe-hondarrak zuri bihurtzen direnean, jarri ontzia toki heze eta argitsu batean, 15-20 °C-ra. Saihestu eguzkiaren zuzeneko argia. 10-14 egun igaro ostean, belarri landuak tapako zuloetatik irtengo dira, zinta mikroporotsua erditik kenduz. Zinta ez bada bere kasa kentzen, lagundu apur bat perretxikoari.
- Jaso belarri landu sorta bat dagoenean eta buruak horizontal dituztenean. Bigarren edo hirugarren uztaren ondoren, ontziak ez du perretxiko gehiago ekoitziko. Kendu ongarriaren ehuneko 80, jarri zinta mikroporotsua eta gehitu kafe-hondar berriak ontzian. Bigarren txanda hasteko prest zaude.
Future Food Today eta SPACE10
Perretxikoen argazkia: Kasper Kristoffersen
Atsegin dugu bezeroek beren sormena ateratzea gure produktuekin. Has zaitez! Baina kontuan izan IKEA produktuak aldatuz edo eraldatuz gero ezin direla berriro saldu, ez eta jatorrizko xederako erabili ere, eta bai IKEA-ren berme komertzialak bai produktuak itzultzeko duzun eskubidea galduko direla.