Saltatu

Haurrek elikadura osasungarria edukitzeko aholkuak

Haurtzarotik elikadura osasungarria edukitzea funtsezkoa da haurren garapen fisiko eta emozionalerako. Nekazaritza Ministerioaren datuen arabera, elikagaien eta edarien bolumenaren % 85 baino gehiago etxe barruan kontsumitzen da. Beraz, etxe bateko elikagaien kalitateak eta aniztasunak garrantzi handia dute familiako kide guztien osasunean eta elikadura-ohituretan. 

Etxea sortzen programan Boticaria García dibulgatzaile eta adituarekin hitz egin dugu, eta haurrek elikadura osasungarria edukitzeko zenbait aholku eta jarraibide eman dizkigu. Ea erabilgarriak zaizkizuen!

Boticaria Garcíaren aholku gehiago

Marián García, Boticaria García izenez ezagunagoa, Farmazian doktorea da, eta Giza Nutrizioan eta Dietetikan graduatua. Landa-farmazia batean egiten zuen lana utzi, eta zientziaren eta osasunaren dibulgazioan murgildu zen. Horrekin batera, Isabel I.a Unibertsitateko Nutrizio Graduan eta Zientziaren Dibulgazioko Masterrean irakasten du eta irratian, prentsan eta telebistan kolaborazioak egiten ditu. Gainera, arrakasta handiko hiru libururen idazlea da: El paciente impaciente (2015), El moco radiactivo (2017) eta El jamón de York no existe (2019).  

Mariánek Etxea sortzen programan utzi dizkigun aholku guztiez gain, gurasoek seme-alaben elikadurari buruz edukitzen dituzten zalantza gehiago ere galdetu nahi izan dizkiogu. Ez galdu haurren elikadura osasungarria izateko gomendioak, haurrek etorkizunean osasun fisiko edo psikologikoko arazoak jasan ez ditzaten!

Zein dira familiaren dieta osasungarria izateko gako nagusiak?

Elikadura ona supermerkatuko orgatxoan hasten da (erosteko aukera onak), sukaldean jarraitzen du (sukaldaritzako teknika onak), mahaira iritsi arte. Familiako kideek prozesuaren atal desberdinetan parte hartzeak, ahal duten neurrian, ohitura osasungarriak sustatzen ere laguntzen du. 

Noiz eman behar dizkiegu haurrei helduei adina elikagai eta plater? 

Sei hilabetetik aurrera, salbuespen argiak izan ezik (hala nola esnekiak), haurrek helduen dieta osasungarri batean sartzen diren elikagai gehienak jan ditzakete: frutak, barazkiak, lekaleak, bihi osoko zerealak, hegaztiak edo arrainak (jakina, elikagaiak haurraren heldutasun-mailara egokituz). Bai handiek bai txikiek elikagai berak mahaian partekatzea oso positiboa da. 

Ba al dago haurrek otordu bakoitzean jan behar duten janari kantitate bat zehaztuta?  

Egoera normaletan, haurrek gosearen arabera jan behar dute. Ez da inoiz derrigortu edo behartu behar, estimulatu baizik. 

Zer elikagai mugatu behar ditugu haurren elikaduran? Debekatu beharko lirateke batzuk; adibidez, opilak eta litxarreriak?

Ez naiz debekuen aldekoa. Opilak edo litxarreriak noizbehinka jan daitezke. Hala ere, bai debekatuko nuke opilei, galletei edo antzeko elikagaiei buruzko nutrizio-adierazpen osasungarriak egitea. Adibidez, supermerkatuan "kolesterola jaisten" duten baina % 20ko azukrea duten galletak aurki ditzakegu. "Kolesterola jaisteko" modurik onena % 20ko azukrea duten elikagaiak kontsumitzea da? Eta gauza bera litxarreriekin… haietako batzuen ontzietan badirudi ia fruta jaten ari zarela, eta, jakina, hori errealitatetik oso urrun dago. 

Zein gosari da egokiena haur batentzat? Eta askaria?

Berri ona da ez dagoela ez gosari ez askari perfekturik… ehunka daude eta! Gosari edo askari perfektuak bihi osoko ogi txigortua eduki dezake tomatearekin edo ahuakatearekin, baina baita jogurta, oloa, fruitu lehorrak, edozein fruta edo barazkizko kruditeak, esnea, arrautzak, indioilarra… ere. Edozein elikagai osasungarri gosari on baten parte izan daiteke. Ez dago arrazoirik elikagaiak eguneko otorduetakoren batean sailkatu eta etiketatzeko.

Nola lor dezakegu gure seme-alabek frutak eta barazkiak jatea?

Lehenik eta behin, haiekin supermerkatura edo merkatura joan behar gara, eta aukeran duten aniztasunean parte hartu behar dute, erabaki ahal izan dezaten. Sukaldean ere parte hartu behar dute, ahal duten neurrian, eta, jakina, haientzat erakargarriak diren egosteko eta aurkezteko aukerak hautatzea da onena. Zerbak irakitetik baino gehiago ere bada!

Zein dira haurren elikadura txar baten ondorio nagusiak?

Obesitatea, dislipemiak, hipertentsioa, minbizia, diabetea eta hezurren garapen-arazoak, baina baita arazo psikologikoak ere; esaterako, bullying-a.