Saltatu

Etxean umeekin egiteko 4 errezeta erraz

Berrogeialdian etxean egon behar dugunez, txikiek eta zuk barruan daramazuen chefa atera dezakezue. Entretenituta egongo dira, eta asko ikasiko dute, eta oso ondo pasatuko, bereziki platerak probatzean. Umeekin egiteko 4 errezeta erraz proposatzen dizkizugu; txundituta utziko zaituztete.

Txikiak energiaz beteta daude, eta beharbada aspergarria egingo zaie hainbeste denbora etxe barruan egotea. Horregatik, asteotan, ondo pasatzeko eta entretenituta egoteko jarduera desberdinak prestatu behar dituzu.  

Asko gustatuko zaie sukaldean testurekin eta zaporeekin esperimentatzea. Gainera, une horretan, eskuak eta oro har etxea garbitzea zeinen garrantzitsua den gogoraraz diezaiekezu, batez ere elikagaiak erabiltzen ditugunean. Onena: gauza berriak ikasten dituzun bitartean, bazkaria edo afaria ere prestatuko duzue. 2x1! 

Oraingoan, bi errezeta gazi eta bi errezeta gozo erraz proposatzen dizkizugu. Lehenengoak ezin hobeak dira bazkarirako edo afarirako, eta azken biak gosarirako edo askarirako. Nahiz eta osagai batzuk iradokitzen dizkizugun, kontua da haietako asko etxean duzunera egoki daitezkeela. Prest? 

1. Barazki quiche-a

 Osagaiak (4 lagun): 

  • 1 brisa-masa 
  • 2 arrautza 
  • 150 g txanpinoi 
  • 1 tipula 
  • 2 porru 
  • 1 kuiatxo 
  • 1 azenario 
  • 200 ml kozinatzeko esne-gain likido 
  • 100 g gazta birrindua  
  • Oliba-olio birjina estra 
  • Piperbeltza 
  • Oreganoa 
  • Gatza 

 

 

Prestatzeko modua: 

 

  1. Berotu labea aurretik 180º-an. 

  2. Hartu molde biribil bat eta koipezta ezazu gurin pixka batekin. Txikiek oso ondo pasatuko dute! 

  3. Jarri brisa-masa moldearen gainean, ertzak ondo egokituz. 

  4. Laberatu masa 15 minutuz 180º-an, egin dadin, eta gorde gerorako. 

    Orain, betegarria prestatuko dugu! Horretarako, lehenik, garbitu, zuritu eta zatitu dadotan barazki guztiak. tipula eta porruak izan ezik; tipula juliana eran moztu behar da, eta porruak xafla txikitan. 
  5. Garbitu txanpinoiak ere, eta moztu itzazu xaflatan. Jakina, umeek moztuko badute, heldu batek egon behar du ondoan. SMÅBIT labana eta azal-kentzekoa gomendatzen dizkizugu, 8 urtetik gorako umeentzat berariaz diseinatuak. 
  6. Gero, zartagin batean, jarri oliba-olio birjina estra pixka bat su ertainean, eta sueztitu barazkiak 15 minutuz. Kontu handiz, barazkiak mugitzen utz diezaiekezu txikiei. Ez ahaztu piperbeltza botatzeaz. 
  7. Orain, irabiatu arrautzak ontzi batean, nahas itzazu esne-gainarekin, eta gehitu oreganoa nahierara; ziur hori ere oso gustuko izango dutela umeek.  
  8. Hori egindakoan, irauli barazkiak nahasketa egin duzun ontzira, eta nahasi dena. 
  9. Bota dena masaren gainera eta gehitu gazta birrindua gainetik.  
  10. Laberatu 25 edo 30 minutuz 180º-an, gorritu arte. 
  11. Azkenik, utzi hozten 15 bat minutuz. On egin! 

2. Batata edo patata beteak 

Osagaiak: 

  • 1 patata handi edo batata pertsonako 
  • 1 arrautza pertsonako 
  • Urdaiazpiko egosia zerrendatan (hauetako bat ere erabil dezakezu: hirugiharra, indioilar-bularkia, oilasko-bularkia, etab.) 
  • Gazta birrindua 
  • Oliba-olio birjina estra 
  • Oreganoa 
  • Piperbeltza 
  • Gatza 

Prestatzeko modua: 

  1. Berotu labea aurretik 180º-an. 
  2. Txikien laguntzarekin, garbitu eta lehortu patatak edo batatak. 
  3. Labera itzazu 40 bat minutuz eta utzi hozten.  
  4. Hozten direnean, moztu patataren edo batataren gainaldea eta kendu behealdea, patata- edo batata-geruza fin bat utzi arte. Sobera geratzen dena patata-purea egiteko erabil dezakezue.  
  5. Bota oliba-olio pixka bat patataren gainean eta ondu gatzaz eta piperraz. 
  6. Bete patata bakoitza gazta birrinduz eta zerrendatan moztutako urdaiazpikoz, eta apurtu arrautza bat. 
  7. Hautseztatu oreganoa gainetik, beste gazta apur bat, eta laberatu 20 bat minutuz, arrautza eginda egon arte.  
  8. Hatzak miazkatuko dituzu! 

3. Olo-opilak

Osagaiak (4 lagun): 

  • 75 g bihi osoko olo-irin (haren ordez, gari-irina erabil daiteke) 
  • 2 arrautza 
  • 1 platano heldu handi 
  • Kanela (nahierara) 
  • Fruta, apaintzeko 
  • Urtzeko txokolate beltza 

Prestatzeko modua: 

  1. Utzi etxeko txikiei platanoa sardexka batekin zapaltzen. 
  2. Irabiatu arrautzak ontzi batean. 
  3. Gehitu irina, platanoa eta kanela.  
  4. Nahas itzazu ondo eta, behar izanez gero, erabili irabiagailua, masak pinportarik izan ez dezan. 
  5. Jarri zartagin itsasgaitz bat su ertainean. Oliba-olio birjina estra edo gurin pixka batekin koipezta dezakezu, baina, zartagina egokia bada, masa ez da zertan itsatsi. 
  6. Beroa egotean, isuri masaren kantitate txiki bat zartaginera eta itxaron burbuilak atera arte biratzeko (une hori oso garrantzitsua da!) 
  7. Utzi beste aldetik egiten eta egin gauza bera masaren gainerakoarekin. 
  8. Urtu txokolatea Maria bainutan eta zerbitzatu opilekin eta frutekin batera (marrubiak, sagarra, platanoa, ahabiak…). Umeek beraientzat egokia den laban edo azal-kentzeko batekin zuritu eta zatitu ditzakete. Gozatu opilez! 

Laranjazko bizkotxoa 

Osagaiak: 
 

  • 2 arrautza 
  • 1 laranja (birrindura eta zukua) 
  • 110 g irin 
  • 80 g gurin, pomadan (giro-tenperaturan) 
  • 100 g azukre 
  • 1 koilarakada txiki legamia 

Prestatzeko modua: 

  1. Berotu labea aurretik 180º-an. 
  2. Birrindu laranja eta utzi txikiei zukua ateratzen. 
  3. Ontzi batean, nahasi azukrea, birrindura eta gurina. 
  4. Gehitu arrautzak eta jarraitu nahasten. 
  5. Gero, gehitu irina eta legamia. 
  6. Koipeztatu bizkotxoetarako molde bat oliba-olio birjina estra edo gurin apur batekin. 
  7. Isuri masa bertan eta laberatu 35 edo 40 bat minutuz. Eginda dagoen ziurtatzeko, zula ezazu galtzorratz batez, adibidez, eta ziurtatu garbi ateratzen dela. 
  8. Gozatu askari zoragarri batez! 

Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.