Etxetik kanpo piknika antolatzeko ideia errazak
Udaberria natura bere horretan gozatzeko sasoi onenetarikoa da, ez baitu hotz edo bero handiegirik egiten. Horregatik da etxetik kanpo piknikak egiteko sasoi perfektua.
Segi irakurtzen eta deskubrituko duzu hondartzan, parkean edo mendian, atari zabaleko egun berezia antolatzeko beharrezkoa duzun guztia. Oso erraza da, ikusiko duzu. Ea bada!
1. Ontziteria arina eta segurua
Hondartzatik gertu bizi bazara, udaberriko egunetan itsasoaren hotsekin lasaitu eta ortzi-mugari begira gera zaitezke. Itzela, ezta? Hala ere, lehen aholku honek beste edozein ingurunetarako ere balioko dizu eta praktikoa izatean datza.
Pikniketako gauza garrantzitsuenetakoa, jakina, janariak eta edariak eramateko prestaketa da. Askoz erosoagoa eta seguruagoa izan dadin, osagarri arinak erabiltzea da onena, argazkian ageri direnen modukoak. Baso eta plater hauek, adibidez, berrerabilitako plastikoz eginak daude eta berrerabilgarriak dira, aukera jasangarriagoa da eta ingurumena zaintzen lagunduko dizute, erabilera bakarreko objektuak erabili behar ez izateko. Ez dira batere pisutsuak, eta bildu eta gehiegi kargatu gabe garraia daitezke. Gainera, kolore bizi horiek maite ditugu, zuk ez ala?
2. Askotariko menua
Pikniketan etxetik kanpo denbora dezente pasatu ohi da, normalean, eguzkiak uzten duen artean, hotz ez garen bitartean, edo zuzenean, argi naturalik ez dagoen arte. Hori dela eta, jateko eta edateko ugari behar ditugu.
Aholku gisa, menu erosoa, askotarikoa eta osasuntsua egin dezazun gomendatzen dizugu. Tuperrak presta ditzakezu zizka-mizketarako, eta plater nagusirako entsalada fresko bat egin dezakezu, egiteko erraza eta merkea baita. Nahiago baduzu, ogitartekoak egin ditzakezu (tortilla beti da aukera ona). Gainera, bukatzean, pisu gutxiago eramango duzu bizkar-zorroan, biltzekoa baino ez baituzu gorde beharko.
Postre edo askarirako fruta ezin dugu ahaztu. Etxetik kanpoko jardueretarako lagun onena da fruta. Angurria-xerrak eraman ditzakezu, beti pozarren hartzen direnak eta egun beroenetan hidratatzen laguntzen dutenak. Bestela, garbitu besterik egin behar diren fruta praktikoagoak eraman ditzakezu: sagarrak, haranak, mertxikak...
Aholkua: elikagaiak fresko mantentzeko, erabili poltsa termikoak eta hozteko plakak.
3. Lurrean jartzeko tapakiak eta kuxinak
Sarri pentsatu izaten dugu piknikera goazenean lurra biguna eta guztiz erosoa izango dela eta ezin hobeto egongo garela gure banketeaz gozatzen. Aitzitik, errealitatea bestelakoa dela ohartzen gara berehala; izan ere kanpamendua jarri behar den lekua ez da uste bezain ona. Gure tuperretan sartzen saiatzen diren xomorroak daude, hautsak, hareak edo lurrak gure jatekoak kalte ditzake, adaxkek ez digute nahi bezala esertzen uzten, eta beste gauza asko.
Zure erosotasuna bermatuta egon dadin, guk koska bat haratago joan zaitezen gomendatzen dizugu; izan ezazu eskura beti, gutxienez, piknikerako tapakia edo mahai-zapia.
Osagarri honek zure gauzak uzteko perimetroa markatuko du, baita eroso jartzeko ere, eta gainera, zure jatekoak babestuko ditu (eta arropak, zertarako engainatu).
Sinplea bezain merkea den elementu honi esker gustura baino gusturago jango duzu, atseden hartuko duzu paisaia ikusten duzun bitartean, edo besterik gabe, zure eleberri gogokoenaz gozatuko duzu. Lekua sobera duzu? Eraman kuxin paren bat harriek molestatu ez zaitzaten.
4. Dena eraman ahal izateko bizkar-zorro handia
Saski batzuk apaingarri hutsak dira zerbait praktikoagoa baino; beraz, erabili soilik objektu guztiak eramaten lagunduko dizutenak. Lagun bat baino gehiago bazarete, pisua bana dezakezue zama handirik ez eramateko eta paseoa atseginagoa izan dadin.
Irudiko saskia, adibidez, eskuz egina dago, ratanarekin, material natural berriztagarria, azkar hazten dena, erresistentea eta iraunkorra. Zerk egiten du ederra bezain praktiko? Erraz, oso itxigailu erosoa dauka, baita bizkar-zorroa balitz bezala jartzeko tiranteak ere.
Kasu hauetarako, biltegiratze-ordena logikoa izatea da onena. Tuperrak pilatu egingo ditugu eta behealdean utziko ditugu pisu handiena izango dutelako. Botilak albo batean jarriko ditugu, eta fruta eta antzeko gauza delikatuak gainean.
5. Egin etxola bat
Jakin badakigu ezohiko kasua dela, baina ezin diogu gogoari eutsi eta hamarreko piknik bat egiteko eskura dituzun aukera guztiak erakutsi nahi dizkizugu. Zer iruditzen zaizu bat-batean egindako etxola hau?
Ideia hau landa-eremuko etxe bateko edo lursail bateko piknik baterako pentsatuta dago, objektu asko jar ditzakezun leku batean, alegia (ez dugu inork arreta deitzerik nahi). Hona hemen efektu zoragarri hori lortzeko erabili ditugun elementuak:
Ez da kanpaldi bat behar kanpin-denda batean lo egitearen sentsazioaz gozatzeko.
Lehenik, bilatu elkarrengandik nahikoa distantziara dauden bi zuhaitz, edo besterik gabe, soka bat eta gainean oihalak jartzeko inolako arriskurik ez duen leku bat. Zabaldu aukeratu dituzun oihalak (aukeran, ez daitezela pisutsuegiak izan) eta ireki itzazu erditik. Harriren bat jar dezakezu gainean, mugitu ez daitezen. Prestatu tapaki bat, edredoi bat eta zenbait kuxin espazioa muntatzeko eta gehitu hainbat argi edo linterna, pilekin zein eguzki energiarekin dabiltzanak, argirik ez dagoenerako. Ez al da magikoa?
Inspirazio gehiagoren bila? Ez galdu ideia sorta hau dekorazio eta ordenari buruzko aholkuekin, udaberriak eskaintzen dizkigun aukera guztiei etekina ateratzeko.
Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.