Saltatu

Telelanean ari zaren bitartean umeak entretenitzeko ideiak

Badakigu umeak etxean daudenean lan egitea ez dela erraza. Hori dela eta, zenbait ideia eman nahi dizkizugu datozen asteetan umeak entretenituta egon daitezen zu telelanean ari zaren bitartean. Ez ahaztu inoiz antolaketa. Ordutegi bat ezartzen baduzu, askoz ere hobeto egingo dituzu zereginak.  

Jarraitu aholkuak! 

Ezer baino lehen, antolaketa

Emango dizkizugun ideiek funtziona dezaten, egun guztiek argi eta garbi antolatuta egon behar dute. Horretarako, funtsezkoa da bai zuk bai seme-alabek ordutegiak izatea eta denek argi izatea zer egin behar duen bakoitzak une bakoitzean. Jakina, kontuan izan behar da haur bakoitzaren adina, baina, adin nahikoa izatean, egoera azaldu behar diezue, baita etxean gauzak ondo atera daitezen zer egin dezaketen ere. 

Atseginagoa izan dadin, bereziki txikienentzat, astelehenetik ostiralera bitarteko ordutegi bat presta dezakezue denen artean, eta etxeko toki komun batean zintzilikatu, ondo ikusteko moduan; esate baterako, sukaldean. Horrela, oporretan ez daudela ulertuko dute, eta ordutegi eta arau batzuei jarraitu behar zaiela. Noski, malgutasun apur bat eman behar da, guztiak ohitu arte.  

Halaber, garrantzitsua da kontuan izatea non egongo diren seme-alabak telelanean ari zaren bitartean. Oso txikiak badira, hurbilago izan beharko dituzu, hortaz, idazmahaitik edo bulegotik gertu dagoen lekuren bat egokitu beharko duzu. Aldiz, handiagoak badira, beren logelan edo egongelan egon ahal izango dira.  

Beste aholku erabilgarri bat: jaiki ohi baino apur bat goizago, eta aurreratu zeregin batzuk umeak oraindik lo dauden bitartean. Hala ere,badakigunez ordu batzuetan umeak esna egongo direla telelanean ari zaren bitartean, hona hemen zenbait ideia askoz ere arinagoa gerta dakizun.

1.- Eskolako zereginak 

Haur gehienek, txikienek izan ezik, etxeko lanak dituzte asteotan, online egiteko. Nahiz eta batzuetan zure laguntza beharko duten eta arreta eman beharko diezun, lan horiek goizean eta zu lanean ari zarean bitartean eginez gero, entretenituta egongo dira, eta zuk denbora gehiago izango duzu zure lanak egiteko.  

Hasi baino lehen, begiratu egun bakoitzerako zer lan dituzten; horrela, zenbat denbora beharko duten jakingo duzu, baita zer unetan lagundu beharko diezun ere. Zer deritzozu dena paper batean edo arbel txiki batean jartzeari eta egin ahala lanak marratzeari? Askoz ere gehiago motibatuko dira! Jakina, kontzentratuta egon daitezen, idazmahai bat erabiltzea eta dena eskura izatea da onena.  

Gainera, jolasteko tarte bat programatzea ere interesgarria da, ikastetxean bezala, atseginagoa gerta dakien. Tarte horretan, telelanetik atseden har dezakezu zuk.  

2.- Egunean ordubetez irakurtzea

Eskolako lanak bukatu ondoren, txikiak lasai eta okupatuta egoteko modu on bat irakurtzea da. Gustura aritu daitezen, benetako gustatzen zaizkien gaiei buruzko liburuak aukeratzea da onena; hau da, aisiako une gisa ikusi behar dute, eta ez betebehar aspergarri gisa. Motibazioa handitzeko, irakurtzeko eremu bat sor dezakezue eroso dauden egongelako txoko batean.   
 
Gainera, telelana bukatzen duzunean, zer irakurri duten azal diezazukete, eta jarduera horretan denek parte hartzen duzuela sentituko dute.

3.- Eskulan dibertigarriak 

Irakurtzeaz aspertuta? Txikienek oso gustuko izaten dute eskulanak egitea. Eskulanen tutorialak bila ditzakezue, libururen batean oinarritu, edo, besterik gabe, irudimenari hegan egiten utzi. Jakina, horretarako ere kontuan hartu behar da umeen adina. Kontua ez da artelan bat egitea, baizik eta kolore eta testurekin esperimentatuz ondo pasatzea. 
 
Ziur etxean material asko duzula eta zenbait gauza berrabil ditzakezula eskulanak egiteko, baina, gauzak falta bazaizkizu, hemen aurki ditzakezu.  
 
Eta ez ahaztu! Babestu sortzeko eremua egunkari-paperez eta plastikoz estaltzea, ezer zikindu ez dadin. 

4.- Joko hezigarriak

Jolastea ikasteko modurik eraginkorrenetako bat da; hortaz, ikastetxeko lanak bukatu dituztenean, jolasean aritu daitezke tarte bat, zu telelanean ari zaren bitartean. Kasu horretan, entretenituta edukiko dituen eta askorik mugitzea edo zarata handirik ez egitea dakarten mahai-joko hezigarriak aukeratzea da onena.  
 
Seme edo alaba bat baino gehiago badituzu, elkarrekin jolas dezakete; bestela, ez dago arazorik: banakako jolasak aukera ditzakezu, ikasi eta aldi berean ondo pasatu dezaten. Aukera pila bat daude!  

5.- Zinemarako denbora

Asteko egun guztietan edo batzuetan, ordubetez, gustuko duten film edo telesail bat ikusten utz diezaiekezu telelanean ari zaren bitartean. Ziur oso gustura eta entretenituta egongo direla tarte horretan. Agian hobe da ekintza hori arratsalderako uztea; ordurako, eskolako ordutegia amaituta egongo da, baina beharbada zuk oraindik telelanean aritu behar duzu.  

Jakina, helburua ez da egun osoa pantailari begira egotea; hortaz, denbora mugatzea da onena. Jarduera antolatuagoa izan dadin, elkarrekin aukera ditzakezue filma edo marrazkiak, agian aurreko arratsaldean. 

Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.