Saltatu

Nola apaindu egongela Gabonetan estilo nordikoarekin

Zure egongelako Gabonetako dekorazioa aldatu nahi duzu edo soilagoa eta dotoreagoa izatea nahi duzu? Apuntatu aholku hauek eta ordeztu betiko gorria eta berdea estilo nordikoaren tonuekin. Ikusiko duzu zein dotore geratuko den! 

Gabonak iristean, etxe gehienetako egongelak eraldatu eta dotorezia hoberenekin jazten dira jai hauek ospatzeko. Dekorazio hori nolakoa den pentsatzen dugunean, normalean oinarrizko osagarri sorta bururatzen zaigu, besteak beste, argiak, tonu gorriko osagarriak eta egun horiei soinu-banda jartzen dien musika. Zer deritzozu eskema hori zertxobait aldatu eta beste zerbait probatzen badugu?

Zure etxeari ukitu oso suediar bat emateko ideia erraz eta ekonomikoak proposatzen dizkizugu, estilo nordiko tradizionaleko Gabonetako dekorazioaren ideiekin. Ez galdu negu-neguko giroa etxera eramateko aholku hauek. Ea bada! 

Gabonetan estilo nordikoarekin dekoratzeko lehen urratsak

Gabonetako betiko estilo koloretsu horretatik aldentzeko, eta iparralderagoko batera hurbiltzeko, sentsazio horien kontratu efektua bilatu behar dugu lehen-lehenik. Hau da, sortuko dugun espazioan hauek nabarmendu behar dira:

  • Kolore-paleta homogeneoa: bilatu tonu neutroak, hala nola zuria, eta lur-kolorearen antzekoak. Gainera, urdin- edo gorri-ñabardura batzuk ere gehi ditzakezu, oso konbinazio ohikoa da Suediako Gabonetarako dekorazio tradizionalean.
  • Elementu naturalak, zura edo landareren bat.
  • Egin soiltasunaren alde: ez dugu lekua gehiegi kargatu behar.
  • Lausotutako epeltasunaren efektua. Beste era batera esanda, leku atsegina eta lasaia lortzea izango da helburu. Horretarako, batez ere, argiek sortutako giroarekin jokatuko dugu.

Erraza dirudi, ez duzu uste? Egongela Gabonetan dekoratzeko oinarrizko urratsen egitura ezagutzen dugun honetan, inspiratzeko adibide praktikoak ikusiko ditugu. 

Nola apaindu Gabonetako zuhaitza suediarren tankeran

Hasteko, Gabonetako dekorazio nordikoko elementu oinarrizkoena beharko dugu: Gabonetako zuhaitza. Aurreratu dugun moduan, etxea dekoratzeko betiko modua “desikasi” (nolabait esatearren) behar dugu. Gabonetako zuhaitzari dagokionez, dekorazio soil eta dotorea erabiltzea da onena.  

Gabonetako zuhaitz gisa betiko izeia erabiltzen baduzu, Gabonetako apaingarri zuriak, gorriak edo urdinak erabiltzea gomendatzen dizugu. Gogoratu azken bi kolore horiek oso kopuru txikian erabili behar direla. Apaingarri zuriak oso erraz aurki daitezke eta neguko itxura emango dio zuhaitzari; hain justu ere, horixe da guk nahi duguna. Ahal dela ez bete gehiegi. Azken ukitu gisa, argi epela duen Gabonetako argi-girlanda bat aukera dezakezu eta, ahal bada, LED argi txikiak dituenak, emaitza askoz ere dotoreagoa lortzeko. Egia esan, emaitza askoz ere minimalistagoa aukera dezakezu, argiak soilik erabilita.

Gabonetako zuhaitz tradizionalaren alternatiba ugari daude, eta hamaika modutan dekora daiteke. Gabonetako dekorazio-estilo honetan garrantzitsuena ñabardura txikiak oinarritzat hartzea da.  

Bildu Gabonetako opariak estilo nordikoan

% 100 nordikoa den dekorazioa lortu nahi badugu, azken xehetasuneraino hartu behar dugu aintzat, eta ezin gara ahaztu Gabonetako zuhaitzaren dekorazioari laguntzen dioten Gabonetako opariez. Mila koloreko estanpatua duen opari-papera erabili beharrean, nordikoek (edo estilo tradizionalean dekoratzen dutenek behintzat) itxura asko “naturalago” batean biltzen dituzte opariak, etxean egindako akabera bat emanez. Bi adibide emango dizkizugu, inspiratzeko:  

Ideia gustatu bazaizu, oso erraza da, bildu Gabonetako opariak paper marroiarekin, zatar-paperarekin, esaterako, gehitu oparitako begizta polit bat (normalean begizta aprobetxatzen da koloreren bat gehitzeko) eta opari-etiketa bat oparia norena den jakiteko. Jarri dekoratzeko moduan, edo aprobetxatu ideia hori benetako opariak zuhaitzaren azpian jartzeko. 

Bigarren proposamen gisa, zer deritzozu betiko oihalezko bilgarri batekin ordezten badugu? Oso erraza da, batez ere, opariak biltzen denbora asko pasatu nahi ez dutenentzat edo opariak biltzen oso mainatsuak direnentzat. Honelako poltsekin opariak modu desberdin, nordiko eta oso original batekin dekoratuko dituzu opariak. Azken xehetasun gisa, soka mehe bat eta adaxka natural batzuk gehituko ditugu.

Giro lasai bat sortzeko Gabonetako argiak

Lehen aurreratu dugu Gabonetako argiek ere garrantzia handia dutela Gabonetako dekorazio nordikoan. Puntu honetan, kontuan hartu behar duzu hobe dela kolore bakarreko argiak erabiltzea eta, ahal bada, koloretakoak ez izatea, zuriak edo epelak.

Ahal dela distira txikiko argiak erabili behar ditugu, egongelari ukitu magiko bat emateko. Horregatik, bonbilla txikiak izan behar dituzte eta gelako argiztapena gaindituko ez duten argia igorri beharko dute. Aparta da, efektu oso polita lortzeaz gain, Gabonetako argietan diru gutxiago gastatuko duzulako. 

Dekoratzeko argi desberdinekin joka dezakezu. Adibidez, betiko Gabonetako argi-girlandak erabil ditzakezu. Ia edozein gune apaintzeko balio dute: Gabonetako zuhaitza (lehen aipatu dugun moduan), altzari edo leiho baten ertza, edo mahaierdiko apaingarri gisa ere erabil dezakezu. 

Bestela, kandela lurrindunak erabil ditzakezu edo, zerbait erosoagoa nahi izanez gero, LED argizko kandelak. Apartak dira etxean ume txikiren bat badago edo, besterik gabe, ez bazaizu suarekin ibiltzea gustatzen.  

Lanparak dira beste alternatiba handi bat. Badira, ohikoak baino handiagoak izanagatik, argi oso leuna duten modeloak, oso egokiak bila gabiltzan efektu soil hori lortzeko. Gakoa gutxi jartzean eta jartzen diren horiek nabarmentzean datza, adibidez, argazkian leihoan dauden eraztun-lanparekin egin den moduan. Izar-formako lanpararako pantaila bat ere jar dezakezu lurrean (hasierako argazkian erakusten den moduan) edo altzariren baten gainean. 

Nola dekoratu Gabonetako mahaia estilo nordikoarekin

Gabon hauetan estilo nordikoarekin dekoratzeko azken elementua egongelako mahaia da. Ideia hauxe izan dugu zuretzat. Gustatzen bazaizu, gogoan hartu! 

Zurezko mahai bat baduzu, oinarri ezin hobea da Gabonetako mahaia estilo nordikoan dekoratzeko. Zergatik? Izan ere, aipatu dugun moduan, zura da estilo hau oinarritzen den elementu naturaletako bat eta, beraz, aprobetxatu egingo dugu. Ez badaukazu, edo mahai-zapi bat erabili nahi baduzu, Gabonetako mahaia estilo nordikoarekin dekoratzeko alternatiba, adibidez, lur-tonu oso argiak dituen mahai-zapi bat izango litzateke.  

Gabonetako dekorazio soil eta merkea da hau. Batez ere, urre-koloreko ertz mehe bat duten kolore gordineko baxera batez (gure GLADELIG), egunero erabil daitezkeen edalontzi garden batzuez eta tonu beltzeko oinarri-oinarrizko mahai-tresnez osatzen da. Gehitu dugun gauza “berezi” bakarra pinu-orratzez eta intxaurrez osatutako mahaierdiko apaingarri txiki bat, altuera desberdinetako argimutil beltzak giroa sortzeko kandela batzuekin eta, azken xehetasun gisa, apaingarri natural batekin lagundutako oihalezko ezpain-zapi bat izan da.

Horixe izan da gure proposamena, elementu desberdinekin joka dezakezu bila zabiltzan itxura nordiko hori lortzeko, adibidez, mahai-zapi zuri batekin edo marrazki txiki bat duen mahai-zapi estu batekin, urre-koloreko xehetasun batzuekin, edo baita lehen aipatu ditugun koloretakoekin ere (gorria eta urdina).

Zer deritzozu? Ikusten duzun moduan, ez dago Gabonetan egongela estilo nordikoarekin edo eskandinaviarrarekin dekoratzeko modu bakarra. Egia esan, aukera desberdin eta baliozko mordoa dago, baldin eta artikuluaren hasieran aipatu ditugun oinarrizko ezaugarrien barruan mugitzen bazara. Gogoratu: soiltasuna da gakoa.

Anima zaitez eta inspiratu Gabonetako dekorazioaren ideia gehiagorekin etxea puntu-puntuan jartzeko. Ez galdu aholku hauek:  

Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.