Saltatu

Udako mahaien dekorazioa lorategirako

Guztioi udaz gustatzen zaigun zerbait badago, hori familiarekin eta lagunekin jatea da. Eta bazkaltzeko edo afaltzeko lorategi edo terraza bat badaukazu, ez ezazu aukera galdu! 

Aukera piloa duzu mahaia dekoratzeko: mahai-zapiarekin, mahai-zapirik gabe, eleganteagoa, informalagoa, estilo tropikalekoa eta udatiarra, koktelak egiteko barra batekin lagunduta… Lorategirako udako mahaien dekorazio-ideia desberdinak ikusiko ditugu. Hori bai plan biribila!

Estilo tropikaleko mahaia 


Lehen proposamenak ukitu tropikala du, oso egokia iruditzen baitzaigu urte-sasoi honetarako. Berdeak, gorriak, horiak, laranjak edo antzeko koloreek bizitasuna ematen diote jateko erabiltzen dugun kanpoko mahaiari eta modu askotan sar ditzakegu kolore horiek. Kasu honetan oso erosoa eta funtzionala iruditzen zaigun ideia batean jarri nahi dugu arreta: erretiluetan. 

Baliteke bakarrik gaudenean jateko edo bakarka jateko soilik balio dutela pentsatzea. Baina egia esan, otordu informal bat antolatu behar baduzu, gosegarri bat edo mokadu batzuk, oso baliagarriak izan daitezke gauzak mahaira eramateko unean, erraz eta eroso eramango baititugu.

Horrelako estanpatu tropikal bat duten erretiluak aukeratuz gero, gure gomendioa mahai-zapirik ez erabiltzea, edo kolore lisoa eta neutro duen bat aukeratzea da. Horrela, mahaia ez da gehiegi apainduta ikusiko.

Nola jantzi mahaia modu informalean 

Lorategiko udako otorduetarako mahai informal batean, mahai-zapia ez da beharrezkoa. Jarri nahi izanez gero, oso ongi, baina kontuan izan horrelako mokaduetan eta kokteletan (batzuetan bat-batean sortzen direnak, gainera), orbanez betetzen ditugula, zerbait erortzen zaigula… desastre bat! Mahai-zapirik ez erabiltzea gomendatzen dizugu, edo hule-estiloko plastifikatu bat erabiltzea, orbanak erraz garbitu ahal izateko zapi heze batekin.

Mahai informal bat dekoratzeko beste ideia oso on bat estanpatu koloretsuak, udatiarrak eta dibertigarriak dituzten paperezko ezpainzapiak erabiltzea da. Hainbat koloretako baxera desberdinak konbina ditzakezu edota plastikozko plater eta edalontzi berrerabilgarriak ere erabil ditzakezu. Oso egokiak dira kopak eta edalontziak ez apurtzeko.

Barra bat gonbidatuentzat

Udan otordu bat antolatzeko unean bikaina iruditzen zaigun beste ideia bat edarien barra bat izatea da. Horrela, bakoitzak bere edaria atera ahal izango du anfitrioiei etengabe eskatzen aritu gabe. Zure kasuan, erosoago sentituko zara otorduan zehar, ez duzulako “ardurarik izango” zentzu horretan; eta, gainera, oso polita da! 

Hori bai, ez ahaztu izotz mordoa jartzeaz edariak egoera ezin hobean mantentzeko ahalik eta denbora gehien, eta ezpain zapi, edalontzi eta kopa asko eskura uztea, bakoitzak bere edaria atera dezan.

Mokadu bat jateko eta koktelak egiteko txoko bat

 

Uda honetarako mahaiaren dekorazioa argi dugunean eta koktelen barrak eta mokaduak prest daudenean, ezinbestekoa da horretaz gozatzeko txoko bat izatea!

Nahikoa leku baduzu, banku bat, besaulki bat edo hamaka bat (edo hainbat!) jartzea gomendatzen dizugu, gonbidatuak gustura sentitzeko prestatu diezun guztia dastatzen duten bitartean.

Txoko horretarako kolore biziak erabiltzen jarraitzea gomendatzen dizugu mahaian: gorriak, arrosak, urdinak, berdeak edo horiak. Kolore horiek kuxinen bidez sartzea da egiteko modu ikusgarrienetako eta errazenetako bat. Uda amaitzean, kolore lisoko beste zorro batzuengatik ordezka ditzakezu, eta kito.

Piknik bat egingo dugu familian?

 

Azkenik, betiko udako mahaien dekorazioaz haragoko alternatiba bat iradoki nahi genizun. Izan ere, lorategi bat edo patio bat baduzu, beste plan dibertigarri bat piknik bat muntatzea da. Oso gauza gutxi beharko dituzu: maindire bat, tapaki bat edo eskuoihal bat (lurrean jartzeko), edalontziak, platerak eta hozkailu eramangarri bat.

Eta, noski, eman eguzkitako babesa eta jarri itzalean eguneko ordu beroenetan. Guri ideia bikaina iruditzen zaigu. Eta zuri?

Otordurako edo piknikerako ideiak behar badituzu, berriz, ez galdu:

Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.