Saltatu

Gabonetan mahaia apaintzeko etxean egindako dekorazioa

Aurten Gabonetan mahaia apaintzeko etxean egindako dekorazioa nahi duzu? Aukera ekonomikoago, jasangarriago edo pertsonalago bat nahi baduzu (edo hori guztia), zuretzat da hau! Hainbat DIY dekorazio-ideia emango dizkizugu mahairako, etxean egiteko modukoak. Denbora pixka bat bakarrik eman beharko diezu, eta ikusiko duzu zeinen emaitza ederra.  

Mahaia beti da familiako eta lagunekin egindako ospakizunen protagonista handiena, baina are gehiago Gabonetan. Horregatik, maite dugu mahaia dekoratzea eta detailez betetzea, afari-bazkarietarako are bereziago izan dadin. Dena den, egia da gastu handia izan daitekeela, batez ere jaietako data berezi bakoitzeko dekorazio ezberdina nahi badugu.

Hori dela eta, eta gabon hauetan nahi duenak etxea apaintzea nahi dugulako, zerrenda bat prestatu dugu Gabonetako mahairako dekoraziorako etxean egiteko moduko ideiekin. Hoberena? Emaitza askoz pertsonalagoa izango da. Has gaitezen! 

Gabonetan mahaia apaintzeko landa-dekorazioa  

Prestatu dugun lehen proposamena landa-inspirazioko dekorazioa da. Soila da, eta, beraz, oso elementu gutxi beharko dituzu, baina, aldi berean, oso toke fin eta zaindua izango du. Kolore nagusiak dira zuria, oinarri gisa, eta marroia, argitik hasi eta ilunera. Osatzen duten elementu guztiak errepasatuko ditugu, baita mahaia muntatzeko urrats guztiak ere.   

 

  • Ontziteria zuria: formak ez du axola, garrantzitsua da kolore zuria izatea, protagonismoa mahaiko detaile marroiek izan dezaten. Etxeko egunerokoa izan daiteke, ez du zertan berezia izan.   
  • Oihal beixezko ahozapiak: etxean duzun oihalen bat erabil dezakezu. Argazkian ikus dezakezunez, ez du molde perfektua izan behar; kontrakoa, landa-giro handiagoa emango baitu.
  • Pinaburuak: lortu hainbat pinaburu eta jarri katilu batean, mahaierdiko apaingarri gisa. Bere horretan utz ditzakezu, edo urre-kolorez margotu, itxura finagoa emateko.  
  • Adarrak: jarri mendian topatutako adar batzuk platerak apaintzeko. Jarri aurretik ondo-ondo desinfektatu beharko dituzu. Ez kezkatu bata eta bestea ezberdinak badira, horrek dekorazioa bereziago bihurtuko baitu.  
  • Camel koloreko kartoi mehea eta soka: azken ukitua emateko, ebaki txarteltxo batzuk eta idatzi bertan mahaikide bakoitzaren izena. Behin hori egindakoan, egin zulotxo bat eta lotu dagokion adarrari sokaz.  

Gabonetako tonu klasikoetako dekorazioa 

Gabonetan hain tipikoak diren kolore gorri-berdeak maite dituzu? Dekorazio klasikoa gustatzen zaizu? Orduan mahairako ideia hau zuretzako da. Jarraian azalduko dizugu behar duzun guztia.  

 

  • Ontziteria zuria: beste behin, kolore zuria hautatu dugu plateretarako. Oinarri onena da protagonismo guztia mahai-zapiari emateko.  
  • Oihal gorria: kolore horretako oihala beharko duzu mahai-zapi estuak edo banako mahai-zapiak egiteko, nahiago duzuna. Horretarako, zure mahaiaren neurriak hartu beharko dituzu, eta mahai-zapi estuak egitea erabakitzen baduzu, utzi apur bat soberan. Gero, ebaki ezazu. 
  • Oihal edo ahozapi beixak: kolore horretako ahozapiak badituzu, zoragarri! Bestela, etxean duzun tonu horretako edo antzeko bateko oihala beharko duzu soilik. Zaila badirudi ere, bilatuz gero, baliteke erabiltzen ez duzun arropa edo oihalen bat edukitzea, kolore horretakoa. Nahikoa da hori garbitzea eta ebakitzea mahaikide bakoitzarentzako ahozapi bat lortzeko.  
  • Pinu adartxoak, soka gorria eta Gabonetako bolatxo txikiak: xehetasun horiek emango diote azken ukitua. Lehenik eta behin, lotu ahozapiak pinu adartxo batekin eta etxean duzun bolatxo edo apaingarri gorri batekin, eta jarri plater bakoitzaren gainean. Gero, gainerako adartxoak eta apaingarriak mahai gainean, guztiz dekoratzeko.  

Gabonetan mahaia apaintzeko dekorazio erromantikoa 

Orain Gabonetan etxe gehienetan egon ohi den estilo tradizionaletik urrun xamar dagoen dekorazio batera joko dugu, baina horrek ez dio berezitasunik kenduko. Izenburuan ikusi duzunez, dekorazio erromantiko eta leunagoa da, baina, hostoei esker, ezin hobea da urteko sasoi honetarako ere. Zer beharko duzu? 

 

  • Ontziteria zuria: beste behin, mahaia apaintzeko oinarria plater-sorta zuri bat izango da. Ikus dezakezunez, edozein konposizio motara moldatzen dira eta, horregatik, benetan merezi du bat izatea.  
  • Oihal marraduna: dekorazio ia dena zuria izango denez, mahai-zapirako oihal estanpatu baina neutro bat erabiltzea gomendatzen dizugu. Marra itsas urdinak eta zuriak dituen bat egokia izango da monotonia hausteko, nabarmenegia izan gabe. Aurreko kasuan bezala, nahikoa izango da zure mahaia neurtzea eta oihala moztea mahai-zapi estuak egiteko.  
  • Oihal zuria: ahozapiak egiteko erabiliko duzu. Ez badaukazu, paperezko ahozapi zuriak ere erabil ditzakezu.  
  • Hosto naturalak eta haria: bildu hainbat hosto natural, kalean edo mendian topatutakoak. Aukeratu egoera onenean daudenak, eta tonu ezberdinetakoak badaude, are hobeto! Batzuk zuriz margotu ditzakezu emaitza dotore eta landuagoa lortzeko. Behin hori egindakoan, hurrengo urratsa hari luze batean itsastea izango da, baina ez finegian, mahai gainean jarri ahalko duzun hosto-girlanda bat egiteko. Hori bai, gogoratu mahaikide bakoitzeko hosto bat erreserbatzeaz. 
  • Soka beixa: azken urratsa ahozapiak sokekin biltzea eta bakoitzean hostotxo bat jartzea izango da.  

Gabonetako argi-dekorazioa  

Azkenik, argiak protagonista dituen mahairako dekorazio bat. Argazkian Bizarzuriren itxura duten argiak daude, baina inspirazio hutsa dira.  

Proposamen honen ideia da beste urteren batetik etxean duzun argi-zerrendaren bat erabiltzea mahaiari jai-ukitua emateko. Gabonetako zuhaitzean jartzen duzunetako bat ere izan daiteke. Nahikoa da mahaian zehar jartzea, mahaikideei eragotzi gabe. Horregatik, onena da platerak, kopak eta edalontziak jarri ondoren ipintzea. Horrela bermatuko duzu zerrenda jartzeko modua zoragarri gelditzen dela guztiarekin batera.  

Gainerako elementuei dagokienez, ontziteria zuria, oihal edo ahozapi gorriak eta pinu adar batzuk beharko dituzu, haiek jarriz ukitu bereziago bat lortzeko. Azkarra, erraza baina oso ikusgarria! 

Ideia hauetako zein dator bat zure estiloarekin? Bat baino gehiago gustuko baduzu, egun ezberdinetan proba ditzakezu, esaterako, Gabon-gauean, Eguberri egunean edo Urtezahar-gauean. Gehiago ikusteko gogoz gelditu bazara, hona hemen beste ideia batzuk gabon hauetan zure etxea prezio onenean dekoratzeko.  

Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.