Gabon hauetan janaririk alferrik ez galtzeko gomendioak eta errezetak
Janaria, zalantzarik gabe, Gabonetako (eta edozein ospakizuneko) protagonista handietako bat da. Familiarekin eta/edo lagunekin emandako egun berezi hauetan ohikoa da jan gehiago prestatzea eta soberan gelditzea, nahiz eta aurten bilera handirik egingo ez den. Badaezpada, ezer alferrik ez galtzeko gomendioak eta errezetak prestatu ditugu.
Oso garrantzitsua izan da beti guretzat baliabideak ondo erabiltzea. Familia askorengan eragina daukan pandemia dela eta, are garrantzitsuagoa zaigu aurten. Horregatik, gure aletxoa jartzea erabaki dugu, Gabonetan janaria ahal beste aprobetxatzen laguntzeko gomendioak emanez.
Oso urrats errazak dira, sos batzuk aurrezteko eta guztiok gizarte jasangarriago baterantz jotzen laguntzeko. Esan gabe doa, trikimailu hauek Gabonetatik kanpo ere aplikatu ahalko dituzu, jana soberan gelditzen zaizun bakoitzean. Hala ez badirudi ere, soberakinak mokadu fin bihur daitezke irudimen apur batekin... Has gaitezen!
Nola gorde soberakinak hobeto kontserbatzeko
Ospakizuna amaitutakoan behar bezala gordetzea da janari pixka bat ere ez xahutzeko lehen urratsa. Horretarako, hona hemen gomendio hauek:
- Erabili beirazko ontziak: material honek ez du usainik xurgatzen eta, horrela, elikagaiak hobeto kontserbatzen dira. Gainera, saltsek ez dute tindatzen, egokia da laberako edo mikrouhin-laberako, eta, hortaz, elikagaiak beste ontzi batean jarri beharrik gabe berotu ahalko duzu.
- Aukeratu kalitatezko estalkiak: elikagaiek denbora luzeagoz fresko irautea nahi baduzu, funtsezkoa da ontziei jarritako estalkia egokia izatea. Tuper bat bada, tapa hermetikoak erabiltzea gomendatzen dizugu, barruan izotza sortzea eta likidoak irtetea saihesten dutelako, edo silikonazko tapak, IKEA 365+ bildumakoak bezalakoak, hutsune-efektua dutenak eta, kontserbatzeaz gain, tenperatura mantentzen dutenak. Beste ontzi-motaren bat bada, esaterako, entsalada-ontzi bat edo azpil bat, ÖVERMÄTT gomendatzen dizugu, silikonazko estalki suabe eta elastikoa, askotariko tamainetara egokitzen dena eta elikagaiak kontserbatzen laguntzen duena. Hoberena? Berrerabilgarria da, eta, beraz, film-papera edo aluminiozkoa baino askoz jasangarriagoa da.
- Elikagaiak ez nahastu: jana hobeto kontserbatzeko, hobe da ontzi berean soberakin guztiak ez gordetzea, baizik eta bereizita. Horrela, zaporeak edo egoera oker dezaketen likidoak ez dira nahastuko.
- Ontziei etiketak jarri, gorde dituzun datekin: horrela, ez duzu gogoan izan behar noiz gorde dituzun, eta jakingo duzu zer kontsumitu behar duzun lehenago. Gomendatu dizugun bezala beirazko ontzietan gordez gero, begirada batean jakingo duzu zer duten barruan. Ontzi opakua bada, dataz gain, jarri zein elikagai den, ireki beharrik ez izateko.
Soberakinak non gorde
Janari-soberakinak ontzietan gordeta dauzkazunean, ondo estalita eta etiketekin, hobeto kontserba daitezen gordetzeko lekua erabakitzeko unea heldu da. Hozkailuan edo izozkailuan? Bi faktoreren araberakoa izango da, gehienbat. Batetik, elikagai-mota eta, bestetik, noiz kontsumituko duzun. Gutxi barru jan behar baduzu, ez duzu izoztu beharko, baina kanpoan egongo bazara edo beste otordu batzuk programatu badituzu, onena izango da txartu ez dadin.
Hala ere, garrantzitsua da kontuan hartzea elikagai hori zehazki izoztea komeni den ala ez. Izan ere, elikagai batzuei, besteak beste esnekiei, pastari eta arrozari, zaporea edo testura okertu egiten zaie hain tenperatura baxuekin eta, beraz, ez du merezi.
Hozkailua zein izozkailua aukeratuta ere, oso garrantzitsua da ontziak antolatuta gordetzea, irudian bezala, horietara heltzea erraza izan dadin eta batere ahaztu ez dezazun. Esan bezala, etiketak jartzeak eta ontzi gardenak izateak lagundu egingo duzu askoz errazago topatzen.
Soberakinekin egindako errezetak, janaririk ez xahutzeko
Orain, gomendiotxo batzuk errepasatu ditugula soberakinak nola eta non gorde jakiteko, ikus ditzagun elikagai horiek erabiliz egin ditzakezun errezeta batzuk. Has gaitezen!
1. Lasagna
Lasagna gehienak limurtzen dituen plater bat da, bereziki gaztetxoenak. Onena da elikagai askorekin egin daitekeela (haragia, arraina, barazkiak, etab.), eta, beraz, aukera egokia dela soberakinak aprobetxatzeko. Adibidez, haragia soberan gelditu bada, honako osagai hauek beharko dituzu:
- Pasta-plakak (kuiatxo- edo alberjinia-xerra finekin ere ordeztu dezakezu)
- Tipula 1
- Tomate-saltsa
- Gazta birrindua (daukazuna)
- Litro erdi esne
- 2 koilarakadatxo irin
- Intxaur moskatu koilarakadatxo erdia
- Oliba-olio birjina estra
- Oreganoa
- Gatza
Prestatzeko modua:
- Moztu soberan duzun haragia eta tipula txiki-txiki.
- Jarri tarteko suan zartagina, olio zorrotadatxo batekin, eta, bero dagoenean, frijitu tipula.
- Bota haragia eta tomatea. Mugitu dena ondo, bota oregano pixka bat eta gorde.
- Pasta-plakak egosteko, jarraitu paketeko argibideei. Alberjinia edo kuiatxoa aukeratuz gero, moztu xerra fin-fin eta luzangak.
- Jarri su eztian berotzen oliba olio koilarakada bat, bexamela prestatzen hasteko.
- Irina bota eta nahastu hagaxkekin gorritu arte.
- Bota esnea eta intxaur moskatua. Nahastu lauzpabost minutuz nahasketa homogeneo bat lortu arte, pinportarik gabekoa.
- Muntatu lasagna beirazko azpil batean: plaka- edo barazki-geruza bat, bexamel apur bat, haragia eta tomatea, eta horrelaxe nahi beste geruza jarri arte.
- Azken geruza estali gazta birrinduarekin, eta labean utzi 15-20 minutuz, 180 º-tan, gazta gainerre arte.
2. Barazki-saltsak edo -pureak
Barazkiak soberan gelditu zaizkizu eta ez dakizu zer egin? Ideia on bat da barazki-saltsak edo -pureak egitea. Adibidez, tomateak soberan badituzu, etxeko tomate-saltsa gozo-gozoa presta dezakezu. Oso erraza da.
Osagaiak:
- Tomateak
- Tipula 1
- Piper berde 1
- Oliba-olio birjina estra
- Gatza
Prestatzeko modua:
- Txikitu tomateak.
- Moztu tipula eta piperra juliana eran.
- Jarri kazola bat sutan oliba-olio birjina estra zorrotada mardul batekin.
- Sueztitu dena tipula erregosita egon arte.
- Bota tomatea eta utzi su eztian egiten 30 minutuz. Nahastu noizean behin.
- Denbora hori igarotakoan, xehatu saltsa, bota gatza eta piperbeltza, eta utzi su eztian beste ordu erdiz. Eta dena prest!
Kuiatxoa, azenarioa edo kuia bezalako barazkiak soberan badituzu, pureak egin ditzakezu. Nahikoa da egostea (egosita ez badaude) eta oliba olio birjina estra eta tipula pixka batekin olio errea egitea, zapore handiagoa izan dezaten, dagokion ur-kantitatea, nahi den gatza eta espeziak gehitzea, eta ekin irabiatzeari! Osasungarria, gozo-gozoa eta oso azkarra.
3. Haragi-bolak
Azkenik, baina garrantzitsua berdin ere, etxeko haragi-bola goxo-goxoak! Ohikoak haragizkoak badira ere, egia esan arrainaz edo lekaleez ere egin ditzakezu.
Aukeratu nahi duzuna, eta hau bakarrik egin beharko duzu: nahastu haragia, arraina edo lekaleak (aurretik txiki moztutakoak) katilu batean, bi arrautzarekin, intxaur moskatuarekin eta perrexil freskoarekin. Tipula eta baratxuri txikitua ere bota ditzakezu, gordinik edo sueztituta.
Ore homogeneoa lortutakoan, egin bolatxoak, nahi duzun tamainakoak, eta prestatu zartaginean oliba oliotan, edo labean 180 º-tan, 20 minutuz gutxi gorabehera, beroa goian eta behean jarrita. Horrelaxe jan ditzakezu, edo etxeko saltsa gozoren batez lagundu, aurreko errezetan egin duguna bezalakoren batekin. Zuk aukeratu!
Apuntatu duzu? IKEA taldeak espero du Gabon zoriontsuak igaroko dituzula eta ez duzula mokadu bat ere xahutuko. Gainera, hona hemen artikulu batzuk, interesgarriak izan dakizkizukeen janaria ahal beste aprobetxatzeko beste gomendio eta errezeta batzuekin.
Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.