Saltatu

9 gomendio urtarrileko aldapa etxetik gainditzeko

Aurten gerrikoa estutu behar izan dugu behin baino gehiagotan. Horregatik, zuhurrak izan gara eta gomendio praktiko eta erabilgarrien zerrenda bat egin dugu, oraintxe aplikatzen hasteko modukoak, urtarrileko aldapa beldurgarriari hobeto aurre egiteko eta hura gainditzeko. Zer iruditzen zaizu?

Ezagutu etxean aurrezten jakiteko dituzun aukera guztiak, hilabete hau ez dadin izan dirudien bezain gogorra. 

Ea bada! 

1. Errepasatu zure gastuak eta kendu beharrezkoak ez direnak 

Dirua aurrezten hasteko lehen urratsa erraz askoa da: egin hilabete bakoitzeko gastu finkoen zerrenda. Horrela, garbiago ikusiko dugu zertan gastatzen dugun dirua eta hori murrizterik badagoen (adibidez, baliteke zure Interneteko tarifa bat ez etortzea gastatzen duzunarekin, eta aukera izatea tarifa ekonomikoago batera aldatzeko, edo gainetik ken dezakezun programa edo aplikazioren bateko harpidedun izatea).

Behin zenbateko hori dakigunean, ikusiko dugu zenbat diru gelditzen zaigun. Gomendagarriena da azken zati horretatik zenbateko jakin bat aurrezteko erabiltzea, eta beste zati bat aldizkako gastuetarako, sortu daitezkeela uste dugun horietara; adibidez, afari edo ustekaberen baterako, hala nola matxura bat. Zure gastuak eta diru-sarrerak hasieratik erregulatzen eta kontrolatzen badituzu, askoz errazagoa izango zaizu aurreztea.  

2. Garbitu eta aireztatu etxea hoztu gabe  

Etxe barruan trikimailu batzuk erabil ditzakegu etxean dirua erraz aurrezteko. Orain azalduko dizuguna bezalako txikikeriekin, zure fakturetako gastuak murriztu ahalko dituzu; adibidez, berokuntzarena.

Zer gertatzen da hotz handieneko hilabeteetan etxea aireztatzean? Azkar hozten dela igartzen duzu? Hori gertatzen denean, akatsa egiten dugu eta berogailua topera jartzen dugu etxeko tenperatura berreskuratzeko. Kontadorea izugarri igotzen da, eta, ondorioz, hurrengo hilean argindarraren edo berokuntzaren faktura igo egiten da. Hori da nahi ez duguna!

Orduan, nola aireztatuko dugu etxea garbitzeko eta egurasteko, are gehiago orain, etxeko higienea osasunerako hain beharrezkoa eta garrantzitsua den honetan? Irtenbidea erraza da: ireki leihoak 10 minutuz gehienez. Hain zuzen, 5 eta 10 minutu artean bakarrik irekita uztea gomendatzen dute. Ez gehiago. Gainera, gelaz gela egin behar da (etxea are gehiago hoztuko duten haize-korronterik ez sortzeko) eta berogailua itzalita edo baxu-baxu jarrita (beharrik gabe ez gastatzeko). 

3. Ehun-gaiak erabili 

Etxean giro goxo eta epela mantentzeko fakturak igo gabe, etxea neguan goxo mantentzeko aukera oinarrizkoenetako bat (eta ekonomikoa) da ehun-gaiekin dekoratzea.

Tapaki goxoen sorta bat prest eduki, edozein unetan estaltzeko eta hotzetik babesteko, baina, horrez gain, beste trikimailu batzuk gomendatzen dizkizugu. Besteak beste, gortina lodiak, artilezko alfonbrak eta lanpasak isolatzaile termikoak dira, beroa mantentzen lagunduko digutenak, leihoak irekita badaude ere. Material sintetikoz egindako altzariak badituzu (hotzagoak dira), ehun-gaien batekin estal ditzakezu; adibidez, aulkiak kuxinen batekin edo sofa tapakiren batekin.  

4. Berrikusi kontsumo elektriko handieneko orduak 

Badakizu ez duzula berdin gastatzen garbigailua goizez edo gauez jarrita? Etxetresna elektrikoak eta gailuak erabiltzen dituzun orduaren arabera, argindarra garestiagoa edo merkeagoa da.

Oro har, argia garestiagoa da egunaren erdiko orduetan (12:00etatik 22:00etara, gutxi gorabehera), normalean etxean jarduera gehiago dagoenean.

Zure fakturetan gastua murriztu dezakezun jakiteko, gomendatzen dizugu kontratatutako tarifa errepasatzea, eta duzun ordu-bereizketaz informatzea, hau da, gorabehera horiek dauden orduez. Horrela erabaki ahalko duzu noiz komeni zaizun lan jakin batzuk egitea, adibidez, ontzi-garbigailua edo garbigailua jartzea, edo hilabete honetan lehorgailurik erabili nahi ez duzun eta nahiago duzun esekitoki praktiko bat erabili, hilaren bukaeran sos batzuk aurrezteko.

A! Eta, aukera baduzu, gogoratu beti zure etxetresna elektrikoen kontsumo txikiko programak erabiltzea; izan ere, apur bat luzeagoak badira ere, kontsumo elektrikoa murrizten lagunduko dizute.  

Ez galdu sukaldean aurrezteko moduei buruzko bideo hau!

5. Itzali erabiltzen ez dituzun gailuak 

Erregletak 24 orduz piztuta dituzun horietakoa bazara, jakizu dirua galtzen ari zarela konturatu gabe.

Erregletek edo lapurrek gailu ugari konektatzen dituzte eta oso erosoak dira dena leku bakarrean edukitzeko eta gure kontsumoa kontrolatzeko, baina badakizu nola eragiten dien fakturei horiek gaizki erabiltzeak?

Gailuak, adibidez, telebistak edo ordenagailuak standby moduan utzita ere, piztuta gelditzen den argitxo horrek esan nahi du argindar pixka bat kontsumitzen jarraitzen duela. Beraz, aukera duzun guztietan, itzali pilotu horiek. Hilean-hilean dirua aurreztuko duzu eta, gainera, keinu handi bat egingo duzu ingurumenaren alde. 

6. Ez erori merkealdiaren tentazioan, behar ez baduzu 

Badakigu tentagarriak direla oso, eta, askotan, benetan etekina atera diezaiekegu. Hala ere, zure helburua urtarrileko aldapa gainditzea bada, bete borondate indarrez eta ez erori deskontuen tentazioan. Izan ere, urtarrilean etengabe kontsumitzera bultzatzen gaituzte, nahiz eta jakin gauza batzuk benetan ez ditugula behar.

Horregatik, gomendatzen dizugu erosi nahiko zenituzkeen gauzak zerrendatzea eta beharrezkoak diren erabakitzea, edo egiaz aprobetxatuko dituzun gauzak diren edo aurrerago eros ditzakezun.

Zergatik ez baliatu aukera armairua berrantolatzeko? Batzuetan, ez gara konturatzen dugun guztiaz gaizki gordeta edo ezkutuan badago. Ziur zure arroparen bat ahaztuta zenuela bidegabeki!  

7. Egin asteko bazkarien plangintza 

Dirua aurrezteko eta urtarrileko aldapari aurre hobeto egiteko beste teknika bat da bazkarien plangintza egitea, bai etxean bai lanean jaten baduzu ere! Ondo antolatuz gero eta 5-7 egunean behin goiz edo arratsalde bat gordetzen baduzu zure asteko menua prestatzeko errezeta errazak prestatzeko, gutxiago egongo zara sukaldean, hobeto jango duzu eta denbora eta dirua aurreztuko duzu. Aparta da!

Sasoiko produktuak bilatzea eta erostea da beste gomendio bat. Besteak baino apur bat merkeago egongo dira eta, beraz, apur bat gutxiago gastatuko duzu. Janarekin aurrezteko beste gomendio on bat da gure amonen errezetak berreskuratzea, aditu handiak baitziren jana aprobetxatzen. Ez dago haien eltzeko tradizional bat bezalakorik!

Azkenik, trikimailu bat zentimo batzuk gehiago aurrezteko eta kontsumo arduratsuagoa izateko. Erostera irteten zaren bakoitzean, gomendatzen dizugu zeure oihalezko poltsaren bat edo erosketa-orgatxoa eramatea. Ez duzu dirurik gastatuko plastikozko poltsetan eta ingurumenari lagunduko diozu. Gainera, ederrak dira! 

8. Alternatibaren bat bilatu

Hilabete honetan sakrifizioren bat egin beharko duzun arren, ziur zure errutinekin jarraitzeko aukeraren bat topatuko duzula, etxetik ere bai.

Hain zuzen, aurten garbi gelditu da posible dela etxean bertan kirola egitea. Beraz, ohiko gimnasioan baja eman behar izan baduzu, ez egin uko ariketa fisikoa bezalako ohitura garrantzitsu bati. Ez duzu ekipamendu teknikorik erosi behar, Interneten ariketa mordoa baitago etxean egiteko, ezer gehigarririk gabe. Horretarako, egongelan leku bat prestatzea gomendatzen dizugu, bertan izango baita errazen, eta prestatu oinarrizko gauza batzuk: adibidez, eskuoihal txiki bat, hidratatzeko ur fresko apur bat botila edo pitxer batean eta kito!  

9. Egin kalitatezko etxeko planak

Gure azken gomendioa aurrekoarekin apur bat lotuta dago; izan ere, aurrekontuagatik etxetik kanpoko planak saihestu behar badituzu, ez duzu zertan kezkatu! Aukera asko dituzu etxean egiteko, kanpoaldearen falta sumatu beharrik gabe. Gainera, goxoago eta seguruago egongo zara.

Adibidez, mahai-jokoetan aritzeko arratsalde bat antola dezakezu, plan ederra baita lagunekin eta familiarekin barre egiteko. Bazkari edo afari tematiko bat ere egin dezakezu, eta platerak zerorrek edo lagunduta prestatu ditzakezu, enkargatuta baino askoz merkeago, adibidez. Gainera, oso dibertigarria da! Eta, nola ez? Etxeko planen erregea, zure saga gustukoenaren maratoi-egun bat, krispetez (osasuntsuagoak eta ekonomikoagoak zartaginean eginez gero), txokolate beroaz eta zure sofaren erosotasunaz gozatzeko. Ez du itxura txarrik... 

Zer iruditzen zaizu? Jarraitu gomendio hauei, eta ikusiko duzu urtarrila askoz arinagoa izango zaizula. Hain zuzen, gomendio horietako askok egunerokoan balio izango dizute, edozein hilabete dela ere. Aplikatu eta ikusiko duzu, apurka-apurka ohartuko zara gutxiago gastatzen duzula, denbora aurrezten duzula eta, askotan, bizitza jasangarriagoa duzula.

Aurrezteko ideia gehiago nahi dituzu? Ez galdu artikulu hauek!  

Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.