Eguneroko bizitzan plastiko gutxiago erabiltzeko aholkuak

Eguneroko bizitzan plastiko gutxiago erabiltzeko aholkuak

Eguneroko bizitzan plastiko gutxiago erabiltzeko aholkuak

Itsasoak ez kutsatzeko, etxean erabili eta botatzeko plastiko gutxiago erabiltzeko aholku erraz hauei jarraituta, zure ekarpentxoa egingo duzu!

Egin bat mugimenduarekin; guztiontzat da onuragarria!

Plastiko gutxiago erabiltzeko aholkuak

Plastikoak nonahi daude gure eguneroko bizitzan, erabilera anitz dituzte, eta oso erabilgarriak dira hainbat produktu fabrikatzeko eta biltzeko, baina, behar ez bezala birziklatzen ez direnean, asko eta asko ozeanoetara iristen dira, eta itsasoko ekosistema eta fauna kutsatzen dituzte. Izan ere, kopuruak oso kezkagarriak dira, 8 milioi tona plastiko baino gehiago iristen baitira urtero itsasoetara. Denok egin dezakegu zerbait erabili eta botatzeko plastiko gutxiago erabili eta ingurumen-arazo handi hau saihesteko!

Hona hemen eguneroko bizitzan aplika ditzakezun zenbait aukera plastiko-zabor gutxiago sortzeko.

Aholkuekin hasi aurretik, badakizu zein diren erabili eta botatzeko plastikoak? Hauek dira, besteak beste: erosketa-poltsak; lastotxoak eta nahasteko makilatxoak; erabili eta botatzeko mahai-tresnak eta platerak; belarrietarako kotoi-txotxak; poliestirenozko ontziak, botilak, edalontziak eta estalkiak; puxikei eusteko hagaxkak; zigarro-puntak eta plastiko oxodegradagarrizko produktuak. Ikusten duzunez, toki guztietan daude! Pentsatu erabili eta botatzen dituzun plastikozko produktu horietan guztietan!  

Jakina, gure aholku onena litzateke erabili eta botatzeko plastikorik ez erabiltzea, baina badakigu ez dela hain erraza haiek kolpe batez desagerraraztea. Hala ere, ziurtatzen dizugu erraz-erraz lagun dezakezula itsasoak hondakindegi erraldoian bihur ez daitezen. Has gaitezen!

Plastiko gutxiago erabiltzeko aholkuak

1.- Oihalezko poltsa bat beti zorroan, erosketak egiten dituzunerako

Inoiz pentsatu al duzu plastikozko zenbat poltsa meta ditzakezun etxean egunero? Izan ere, zerbait erosten duzun bakoitzean, ziurrenik poltsa bat emango dizute.

Ez al litzateke erosoagoa eta jasangarriagoa oihalezko zeure poltsa eskura izatea, erosketa guztiak eraman ahal izateko? Horrela, bidean ez zaizu puskatuko, eta inork ez ditu ikusiko barruan daramatzazun produktuak. Sartu bat txukun-txukun tolestuta zorroan, eta zerbait erosi behar duzun bakoitzean erabili ahal izango duzu!

Gogoratu: oihalezko poltsarik ez baduzu, erabili paperezko bat edo berrerabilgarri bat!

Plastiko gutxiago erabiltzeko aholkuak

2.- Aukeratu kristalezko ontziak eta berrerabil itzazu etxean

Gero eta elikagai gehiago datoz kristalezko potoetan. Halako produktuak aukeratzen badituzu, plastiko gutxiago erabiliko duzu, eta, gainera, etxean beste gauza batzuk gordetzeko erabil ditzakezu potoak: irina, arroza, botoiak… Loreontzi-euskarri edo pitxer gisa ere balio dute!

Bestalde, gomendagarria litzateke elikagai prestatu edo izoztu gutxiago kontsumitzea eta elikagai fresko gehiago prestatzea; kristalezko tuperretan gorde ditzakezu. Zure osasunak, poltsikoak eta ingurumenak eskertuko dizute! 

3.- Elikagaiak soltean erosi 

Janaria soltean erosteak uste baino askoz ere abantaila gehiago ditu.

Alde batetik, ez duzu janaria alferrik galduko, behar duzuna soilik eros baitezakezu. Bestetik, ontziratzea ekidingo duzu; etxean duzun kristalezko ontziren bat soilik beharko duzu, hala nola aurreko aholkuan aipatu ditugunen modukoak.

Gainera, solteko produktuak merkeagoak dira, eta, horri esker, tokiko ekonomia handitzen da, inguruko dendetan erosten baituzu!

4.- Zurezko edo altzairu herdoilgaitzezko sukaldeko tresnak

Etxeko gauzak aukeratzerakoan, ahal dela aukeratu zura, banbua edo altzairu herdoilgaitza, besteak beste, askoz ere jasangarriagoak, iraunkorragoak eta merkeagoak direlako. Plastikozkoek ez dituzte oso tenperatura altuak jasaten, eta haietako askok gomendagarria ez den Bisfenol-A (BPA) osagaia dute; hala ere, elikagaiak ukitzen dituzten gure produktu guztiek (esaterako, ontziak, botilak eta sukaldeko tresnak) ez dute produktu kimiko hori.  

5.- Ur-botila berrerabilgarria

Botilako ura ez kontsumitzeko (zeinak milaka tona hondakin sortzen baititu eta haiek itsasora iristen baitira), eraman beti zurekin botila berrerabilgarri bat. Pertsonalizatu egin ahal izango duzu, haren kolorea edo tamaina aukeratu, eta beti eskura izan, bulegoan, gimnasioan edota edozein bidaiatan.

Eguneroko bizitzan plastiko gutxiago erabiltzeko aholkuak

6.- Birziklatu ahal duzun guztietan, baita lanean ere

Hasteko, ez erabili erabilera bakarreko plastikoak, eta, gainera, kontsumitzen dituzun plastiko guztiak behar bezala birziklatu. Etxetik kanpo egiten duzuna ere garrantzitsua da. Pentsatu zenbat ordu ematen dituzun lantokian eta plastikozko ontzietan datozen zenbat produktu erabiltzen dituzun! Eta parkean edo hondartzan zaudenean?

Birziklatu ahal duzun guztietan, produktu eta materialei beste bizitza bat emango baitiezu, itsasoak eta ekosistemak kutsatuko lituzketen hondakin izatera ez iristeko, eta lanpostu berriak sortzeko. Gainera, material birziklatuak erabilita, gutxiago kutsatuko duzu, lehengaiekin produktu bat egiteak kutsatzen duena baino gutxiago.

Plastiko gutxiago erabiltzeko aholkuak

Bideo honetan, etxean birziklatzeko aukerak ere erakutsiko dizkizugu, nahiz eta toki gutxi izan, aitzakiarik izan ez dezazun!

Agian artikulu hau ere interesatuko zaizu: “Nola birziklatu eta ez alferrik galdu janaria, aurrezteaz gain, jasangarriagoa izateko” 

 7. Erosi modu arduratsuagoan!

Begiratu zer produktu edo marka ari diren dagoeneko lanean plastiko gutxiago sortzeko edo gehiago birziklatzeko, eta horien aukera lehenetsi. Pixkanaka, urrats txikiak eginda, zeuk ere lagun diezaiekezu enpresei ekoizteko modua aldatzen eta jasangarriagoak izaten. IKEA-n, plastiko birziklatuz egindako 500 produktu baino gehiago ditugu, eta, 2030erako, erabiltzen ditugun plastiko guztiak material berriztagarri edo birziklatuetatik eratortzea nahi dugu.

Produktu jasangarriak interesatzen bazaizkizu, material berriztagarri edo birziklagarriekin egindako 70 bilduma baino gehiago dauzkagu! Ikus itzazu!

Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.