Eduki nagusira joan

Nola antolatu etxean haurrekin berrogeialdian

Badakigu bai handiek bai txikiek oso gustura emango zenuketela eguna pijama jantzita, baina, seme-alabak itxialdira egokitzea nahi baduzu eta eskola birtualak, etxeko lanak eta telelana uztartu nahi badituzu, lehenik, etxeko eguneroko errutina antolatu behar duzu. Jabetzen gara etxe bakoitza desberdina dela eta teoria errealitatea baino errazagoa dela, baina lagundu nahi dizugu, eta egun hauetarako aholku erraz batzuk eman. Ea erabilgarriak zaizkizun!

Umeek ez dute eskolarik, eta etxean denok batera egon behar dugu egun osoan. Adituen aburuz, garrantzitsua da familia osoak ohikoen antzeko errutinak izatea. Etxe guztiek ezin izango dute hori bete, lan-egoera zein den, baina, ahal den neurrian, saiatu seme-alabak betiko orduan esnatzen eta oheratzen. Horrela, ez zaie loa nahasiko, modu naturalagoan onartuko dute egoera, eta eskolara itzuli behar izatean ez dute arazorik izango.

Zure lanak horretarako aukera ematen badizu, gosaldu haiekin, familian. Tarte horretan, eguna haiekin batera planifika dezakezu, osasuntsu jatearen garrantziaz ohartarazi, edo etxeko zeregin batzuk denen artean banatu. Une egokia da seme-alabekin hitz egiteko, normalean ez baituzue denborarik izaten!

Eta, ondo gosaldu ondoren, hortzak garbitu, apaindu, jantzi, eta lanera!

Eskolak etxean

Etxetik lan egin behar baduzu, tarte hori erabili behar lukete seme-alabek etxeko lanak egiteko, ikasteko edo apur bat irakurtzeko. Txikiagoak badira, eskulanak egin ditzakete, edo marraztu eta margotu, edo ebakigarriekin lan egin.

Hona hemen material errazak erabiliz haurrak entretenitzeko egin ditzakezun zenbait jarduera!

Ez ahaztu goiz-erdian tarte bat hartzeaz! Lanetik atseden hartzen lagunduko dizu, eta seme-alabak ere pozik egongo dira arreta handiagoa jasoko dutelako. Hartu mokadu bat: fruta, fruitu lehor batzuk edo jogurt bat… Gogoan izan une honetan garrantzitsua dela dieta askotarikoa izatea, baina osasungarria. Umeek ez dute normalean bezainbeste energia erabiliko, eta ez lituzkete azukreetan aberatsak diren elikagai edo karbohidrato gehiegi hartu behar, ez gizentzeko.

Bazkaltzeko ordua ere oso une egokia da gauzak elkarrekin egiteko. Eguneko errezeta prestatzen lagun diezazukete seme-alabek, edo zuk janaria prestatzen duzun bitartean mahaia jartzen. Denborarik ez baduzu eta ordubete barru berriz ere lanean jarri behar baduzu, aurreko egunean edo asteburuan utz dezakezu janari prest, tuperretan sartuta. Ezaguna egiten zaizu batch cooking? Ezagutu hemen asteko menua planifikatzeko modako kontzeptu berri hau!

Arratsaldez, eskolaz kanpoko jarduerak

Batzuetan arratsaldeak luze egiten dira umeak etxean badaude, eta are luzeagoak telelanean aritu behar baduzu, baina, esan bezala, saia gaitezen ohiko errutinei eusten!

Bazkaldu, sukaldea jaso eta tarte batez atseden hartu ondoren, normalean bezala, baliteke ume batzuek oraindik eskola birtualak izatea edo etxeko lanak egin behar izatea. Hala ez bada, hainbat eratara lagun diezaiekegu aktibo mantentzen; esaterako, idazketa hobetzeko jardueretarako liburuak, matematikako liburuxkak edo ariketa desberdinak biltzen dituzten oporretako liburu klasikoak, adimena aktibo mantentzeko. Beste aukera bat: puzzleak eta buru-hausgarriak egitea. Interaktiboak ere izan daitezke, tabletan edo ordenagailuan egiteko. Eguneroko bat idazten ere has daitezke, edo, sormena pizteko, idazlanak egiteko edo ipuin edo istorioak idazteko eska diezaiekegu.

Arratsaldeko lehenengo orduak ezin hobeak dira eskolaz kanpoko jarduerak etxean egiteko, ohitura eta gaitasuna gal ez dezaten. Adibidez, instrumenturen bat jotzen badute, ordubete eman dezakete entseatzen; hizkuntzaren bat praktikatzen; podcastetan audio batzuk entzuten; edo horretarako jarduera-liburu batzuekin lanean. Eta ez dezagun ahaztu ariketa fisikoa! Ezin izango dute futbolean edo saskibaloian aritu, baina ariketa fisikoko saioren bat egin dezakezue etxean guztiek batera, bideotutorialen bat erabilita.

Bi orduko aisialdia familian

Lan-ordutegiak ordenagailua itzaltzeko aukera ematen dizunean, askaria egin dezakezue, eta hurrengo bi orduetan zer egingo duzuen elkarrekin erabaki. Ideia batzuk:

  • Mahai-jolasak familian
  • Haurrentzako yoga-eskola bat
  • Familiako argazkien albumak ordenatu
  • Postre gozo errazen bat prestatu: bizkotxo bat, galletak, pastel bat…
  • Landareak, lorategia edo baratzea zaintzen erakustea, halakoren bat baldin baduzue.
  • Haien armairuak eta logelak elkarrekin antolatu.
  • Guztiek batera filmen bat ikusi
  • Haien jostailuak antolatzea eta garbiketa egitea
  • Lagunekin edo senideekin bideodeiren bat egin
  • 20:00etan, txalo egin balkoian, edo bizilagunekin ikusi-makusian aritzea

Goiz ohera! 

Eskolarik ez dagoela-eta umeek ohera joan ordez telebista ikusten geratu nahiko dute, baina haiek ohiko orduan oheratzen saiatu behar duzu. Utz iezaiezu asteburuko ordutegia soilik aldatzen! Horrela, etxean emango dituzten asteak normaltasun handiagoz pasatuko dira, eta behar bezainbeste hartu ahal izango dute atseden, eskola birtualei edo zereginei aurre egiten jarraitzeko.

Egunari amaiera emateko, liburu bat irakur diezaiekezu, edo bizipenak kontatu, nola zureak hala aitona-amonenak. Egun hauetan, hitz egin gehiago seme-alabekin eta partekatu une paregabeak!

Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.