Nola sortu mahaiaren aurkezpen bikaina
Mahaia ospakizun berezi baterako prestatu nahi duzu baina estilo formalegian erori gabe? Artikulu honetan, mahaia modu original, dotore eta freskoan apaintzeko proposamen bat egingo dizugu. Ez itzazu gal honako oinarrizko gomendio hauek eta inspira zaitez 6 lagunentzako dekorazio-ideia honekin.
Etxean ospakizun bat prestatzen dugunean, gonbidatuak behar bezala hartzea gustatzen zaigu, eta etxean bezala sentiaraztea, ezta? Xehetasunetan erreparatzea gustuko duten pertsonen kasuan, elementu guztiek berebiziko garrantzia dute eta, horregatik, etengabe prestatzen ari gara gonbidatuak harritzeko eta giroa harmonian egoteko modu berriak. Eta, ba al da horretarako modu hoberik, mahaia polit apaintzea baino? Jarraian, mahai bat tonu urdinetan apaintzeko ideia bat prestatu dugu. Ikusi nahi duzu? Goazen, bada!
6 lagunentzako mahai bat prestatzeko elementuak
Lehen aipatu dugun bezala, proposamen hau 6 lagunentzako etxeko otordu baterako prestatua izan da, baina gogoratu: nahi duzun mahaikide kopurura molda daiteke.
Jarraian, mahaia apaintzeko aukeratu ditugun produktu guztiak zerrendatu ditugu. Pixka bat beherago, mahaia prestatzen irakatsiko dizugu, urratsez urrats, eta ondoren, objektu bakoitza aukeratzeko arrazoiak azalduko dizkizugu.
Dekorazio hau imitatzeko, honako hauek beharko dituzu:
- 6 mozteko taula
- 6 plater arrunt, entsalada eta ogia jartzeko
- 6 mahai-tresneria arrunt eta postrerako
- 6 ur-kopa
- 6 ardo-kopa
- Mahai-zapi bat, beste mahai-zapi handi bat sortzeko oihala eta mahai-zapi estu bat
- Liburu zaharrak
- Loreak
- Kandelak
1. Gai nagusia eta koloreak
Edozein estilotako mahai bat apaintzeko lehenengo pausoa kolore-paleta bat hautatzea da. Gai zehatz bat ere aukera dezakezu ukitu ezberdin eta dibertigarriagoa emateko. Guk, kasu honetan, irakurzaleentzako otordu bat prestatu dugu.
Gaia eta bazkari bat dela (eta ez afari bat) kontuan hartuz, kolore argiak aukeratu ditugu, hala nola kolore zuri neutroa zeru-urdin koloreko ukituekin, eta elementu natural batzuk ere gehitu ditugu. Horrez gain, sormenezko puntua eman diogu tonu berdinak dituzten zenbait liburu zaharrekin.
2. Mahairako ehun-gaiak
Aukeratu mahaiaren oinarriak finkatuko dituzten ehunak. Mahai-zapiek mahaia babesten dute eta mahai-zapi estuek mahaikide bakoitzaren lekua mugatzen dute.
Lehenengo geruzarako, jarri ia zoruraino heltzen den oihal handi bat. Ondoren, jarri tamaina arrunteko mahai-zapi bat. Azkenik, ipini aukeratu duzun koloreko mahai-zapi estuak, tonuen arteko kontrastea egiteko.
Formalegia iruditzen zaizu? Hala bada, ahaztu lehenengo geruzaz, eta mahaiak aire gehiago eta itxura informalagoa izango du. Era batera edo bestera, emaitza paregabea izango da.
3. Baxera eta mahai-tresnak
Jarraian, "mahaiaren bihotza" deritzogun horri buruz arituko gara. Puntu honetarako, argi eta garbi izan behar duzu zerbitzatuko duzun menua eta, horretan oinarrituta, jakietara hobeto egokitzen diren platerak aukeratu.
Kasu honetan, oinarritik hasiko gara (guk zurezko mozteko taula bat aukeratu dugu, kontrastea sortzeko). Ondoren, jarri plater nagusia, entsaladarako platera, zoparako kaikua eta mahai-tresnak (arrunta zein postrekoa).
Ukitu eder eta pertsonala emateko, bildu oihalezko ezpainzapiak liburu baten orrialdean mahaikide-txartel gisa, eta gehitu adartxo bat.
4. Ardo-kopak eta edalontziak
Plater bakoitzaren osagarriak aukeratzeak kezkatzen zaitu? Gure ustez, pertsona bakoitzak bere gustuen arabera aukeratu behar du; beraz, ahatz ezazu arrainarekin ardo zuria hartu behar dela eta haragiarekin ardo beltza zehazten duen aspaldiko araua. Zeure etxean zuk zeuk ezartzen dituzu arauak!
Jarri mahaikide bakoitzari ur-kopa bat, ardo zurirako kopa bat eta ardo beltzerako beste bat. Baten bat nahi ez badute, kendu eta listo!
5. Mahai-apaingarri originala
Mahai-apaingarriekin bete-betean asmatuko duzu mahaiari azken ukitua emateko. Kasu honetan, ideia original, merke-merke eta egiteko erraz bat proposatuko dizugu: liburu zaharrak eta adartxo naturalak.
Etxean dituzun apaingarriak edo lorategiko loreak erabil ditzakezu. Garrantzitsuena mahai-apaingarria oso altua ez izatea da. Mahaian zaudetela, mahaikide guztien aurpegiak ikusi nahi dituzu, ezta? Orekatutako konposizio bat sortzeko, antolatu apaingarriak zenbaki bakoitiko multzoetan. Bukatzeko, gastronomia-esperientzia ez zapuzteko, ahatz itzazu kandela lurrindunak edo usain gogorra duten loreak.
Zer deritzozu? Jarraitu inspirazioa bilatzen eta ikusi mahaia etxeko otorduetarako prestatzeko modu berriak. Gozatu ideien aukeraketa berezi honetaz:
Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausart zaitez zu ere bai! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.