Saltatu

4 trikimailu sukaldeko espazioa aprobetxatzeko

Sukaldean ez duzu espazio nahikorik? Orduan, edozein txoko aprobetxatzeko biltegiratze-trikimailu hauei begiratu bat ematea gomendatzen dizugu: toki zailenak ere baliatuko dituzu. Goazen! 

Begiratu arretaz: txikia izanik ere, seguruenik sukaldean baduzu guztiz aprobetxatzen ari ez zaren toki bat baino gehiago. Etxetresna elektrikoen artean txokoren bat, edo hormako hutsuneren bat. Zure sukaldeko edozein espaziori probetxua ateratzeko teknika erraz eta merkeak erakutsiko dizkizugu jarraian. 

1. Horma-antolatzaileak  

 

Ez da arraroa sukaldeko horman hutsune libreak izatea; adibidez, erauzgailua, kearen irteera edo bestelako elementu handien ondoko horman.   

Txoko txiki hauek aprobetxatzeko modu bat horma-antolatzaile txiki eta merkeak jartzea da, irudian ikusten direnak bezalakoak. Behar dituzun gauzak gordetzeko apalak jar ditzakezu, edo kakoak dituzten errailak edo sukaldeko tresnak zintzilikatzeko magnetikoak. Soluzio erraz hauei esker, ia konturatu gabe lortuko duzu espazioa. Hori bai, ahalik eta praktikoena izan dadin, gomendatzen dizugu gehien erabiliko dituzun gauzak sukaldearen alde horretan ipintzea. 

2. Esekitoki ateragarria  

 

Nahiz eta armairuen eta hormaren arteko espazioa ñimiñoa izan, hautsa pilatzea baino helburu hobea bila diezaiokezu; adibidez, hain zuzen hautsa garbitzeko erabiltzen dituzunak gordetzeko: trapuak, mustukak, eskuilak… Nola? Erakusten ari gatzaizkizunaren moduko esekitoki ateragarri batekin. Armairurako pentsatuta egonagatik ere, bikain funtzionatzen du hortik kanpo, eta sukaldeko garbiketarako produktuak esekitzeko soluzio ezin hobea gerta daiteke. 

Erabili behar duzunean, atera besterik ez dago dena zure eskura izateko; bukatzen duzunean, berriz gorde eta ezer ez da bistara egongo. Praktikoa eta merkea da, eta ez da batere nabarmentzen!  

3. Orgatxo osagarria

 

Baduzu sukaldeko altzarien artean espazio librerik? Sarritan, sukalde zahar batean etxetresna elektriko berriak jartzen direnean, zenbait hutsune ez oso erabilgarri eratzen dira. Haiek aprobetxatzeko era praktikoa orgatxo osagarri bat jartzea da, eta bertan behar dituzun gauza guztiak biltzea: kontserba-potoak, botilak, gatzontzia, sukaldeko tresnak…  

Eramangarria denez, zure beharren arabera erraz atera eta gorde dezakezu, eta horrela ez zara ibili beharko malabarak egiten gauzak gordetzeko. Gainera, ez baduzu nahi orgatxoa bistan egotea, gortina bat erabil dezakezu estaltzeko. Kasu honetan, 45 cm-ko zabalera duen orgatxo bat erabili dugu, baina IKEA taldean neurri ezberdinetako asko ditugu; beraz, sukaldean daukazun espazio librera hoberen moldatzen dena aurkitu baino besterik ez duzu egin behar.  

4. Koadroak jartzeko apalak 

 

Bai, hala da, koadroak jartzeko apal bat (nahiz eta soilik 12 cm-ko zabalera izan, argazkikoak bezala) oso erabilgarria gerta daiteke sukaldeko espazioa aprobetxatzeko. Nola? Altzari baten atzeko aldean hutsune estu eta garai bat baduzu, apalak jar ditzakezu, eta aulki tolesgarriak gordetzeko euskarri gisa erabili. Erabiltzen ez dituzun aulkiak gordetzea eta sukaldea garbi izatea ahalbidetuko dizun soluzio adimentsua. Ideia bat da hori, baina, horrez gain, pilatzeko horrelako espazio batean sartzen diren erretiluak, mozteko taulak edota sukaldeko beste edozein elementu erabil ditzakezu.   

Zer iruditu zaizkizu trikimailu hauek? Espero dugu erabilgarriak izatea eta, haiei esker, zure sukaldean zentimetro estra batzuk lortzea

Ideia gehiago behar izatekotan, hemen doa Galdetu Alleni programa bereziko bideo bat; bertan, sukalde txiki bat apaintzeko altzari batzuk erakusten dizkizugu, espazio gehiago lortzeko. 

Eta hori ez da dena! Bukaeran, artikulu ugariko sorta berezi bat prestatu dizugu, etxeko gela hau txukuntzen eta aprobetxatzen laguntzeko. 

Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausart zaitez zu ere bai! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.