Eduki nagusira joan

IKEA-rekin janaria prestatu: barazki-bolak jogurt saltsa eta erremolatxarekin

Haragi bolak edozein janaritan inoiz huts egiten ez duten klasikoak dira! Eta, egokiak aukeratzen badituzu, oso osasuntsuak izan daitezke. Erakutsiko dizugu errezeta osasuntsu honekin, originala eta begetarianoentzat egokia ere badena! Osagai nagusia HUVUDROLL-ak, gure landare-proteinazko barazki-bola berriak, dira. Gure aukerarik jasangarriena da! Idatzi urrats guztiak eta gozatu barazki-bola zoragarri batzuen zaporeaz etxean, gaian aditua den gure chef baten eskutik.

Gaur jateko #CocinaConIKEA-n... landare-proteinazko barazki-bolak jogurt saltsarekin, erremolatxarekin eta cherry tomate erreekin.

On egin!

 

    Andrea Toneatto, IKEA-ko chef-a

    Ezagutu gure chef-a

     

    Andrea Toneatto aurkezten dizugu, landare-proteinazko barazki-bolen errezeta gozo hau egiteaz arduratzen den sukaldaria.

    Andrea sukaldaritzaren eta ondo jatearen zale amorratua da (konbinaziorik onena da, noski). Izan ere, hain handia da bere grina, Milango ostalaritza-eskolan sukaldari titulua lortu baitzuen. Mamma mia! Hori dela eta, Andreak erabaki du ohiz kanpoko errezeta honekin gu harritzea, haragi bola tradizionalak benetako esperientzia gastronomiko bihurtzeko, eta gainera oso osasungarria da! Gogorik al duzu?

    HUVUDROLL-ak dastatu nahi dituzu? Zatoz gure jatetxera eta hor bertan dastatu! Gustatzen bazaizkizu eta etxean prestatu nahi badituzu, gogoratu gure denda suediarrean aurkituko dituzula, era askotako beste produktuekin batera.

    Lortu profesionalen plater hau ia ahaleginik egin gabe! Bere zapore izugarriak txundituko zaitu. Mauka-mauka!

    Zailtasuna: oso erraza

    Prestatzeko denbora: 30 min.

    Itxarote-denbora: 120 min.

    Osagaiak 4 mahaikiderentzat

     

    • 1 poltsa HUVUDROLL landare-proteinazko barazki-bola
    • 30 ml oliba-olio estra birjina
    • Gatz xehea
    • Saltsa egiteko:
      • 4 luzoker
      • 500 g jogurt saltsa
      • 1 sorta mendafin
      • 1 g piperbeltz beltza
      • 2 lima
      • 1 baratxuri-ale
    • Hornigaia egiteko:
      • 1 sorta albaka fresko
      • 4 erremolatxa
      • 32 cherry tomate
      • 5 g ezkata-gatza

    Prestatzeko modua

     

    Lehenik eta behin, labean prestatuko dugu hornigaia. Labekatzeko denbora aprobetxa dezakezu gainerako errezeta prestatzeko.

    Jarraitu urrats hauek:

    • Berotu labea aurretik 200°ºC-an.
    • Nahi dugun tenperatura lortu ondoren, jarri cherry tomateak erretiluan, utzi 15 bat minutuz erretzen eta gorde geroko.
    • Orain erremolatxaren txanda da. Hartu bakoitza banan-banan eta bildu aluminiozko paperarekin.

    Chef-aren aholkua: gogoratu emaitza ezin hobea izateko, alde distiratsua buruz behera geratu behar dela, eta alde matea ahoz gora.

    • Jarri bildutako 4 erremolatxak eta utzi ordubetez gutxi gorabehera lehengo tenperatura berean erretzen (200 ºC). Prest daudenean, gorde geroko.

    Saltsa prestatzeko:

     

    Gure barazki-bolen saltsarako, Andreak jogurt-saltsaren aldeko apustua egitea proposatzen digu. Idatzi nola egiten duen:

    • Zuritu luzoker guztiak eta birrindu. Bota itzazu orain iragazki batean eta gazitu.
    • Utzi xukatzen 30 bat minutuz eta, denbora hori igaro ondoren, ondo lehortu sukaldeko zapi baten laguntzarekin.
    • Birrindu baratxuri-alea.
    • Katilu batean, nahasi saltsaren osagai guztiak: luzoker xukatua, jogurt grekoa, baratxuri birrindua, 2 lima zukutuak, mendafina eta piperbeltza. Utzi jalkitzen.

    Hornigaiaren olioa prestatzeko:

     

    • Albaka-olioa egiteko: bota olioa eta albaka-sorta irabiagailuaren ontzira eta txikitu dena ondo hostoen zatitxo guztiak desagertu arte. Utzi jalkitzen.
    • Chef-aren aholkua:: gorde albaka fresko pixka bat azkenengo apainketarako.
    Osagaien zaporea indartzeko, gomendatzen dizut jogurt-saltsa, erremolatxa eta cherry tomateak aurrerapen handiarekin prest uztea. Aurreko egunean bada, ondo baino hobeto!

    Andrea Toneatto

    Zerbitzatzeko modua

     

    Landare-proteinazko barazki-bolak kozinatzeko eta zerbitzatzeko unea heldu da!

     

    • Kozinatu barazki-bolak labean 10-12 minutu bitartean 200 ºC-an.
    • Moztu erremolatxa erreak erditik.
    • Ondu platera lehen prestatu dugun olioarekin, gatzarekin eta piperbeltz beltz apur batekin (kopurua gustura, noski).
    • Gogoratzen zara lehen gorde duzun albakaz? Erabiltzeko unea da, barazki-bola gozo-gozo hauek zerbitzatzeko. Kokatu platerean eta kito!
    • Zerbitzatzeko beste aukeraren bat nahi baduzu: broxetak egin ditzakezu barazki-bolekin, eta saltsa zuzenean gainean jarri. Bikain geratuko da!

    Errezeta honetarako ditugun aukerak

     

    Ez duzu gustuko osagarriren bat edo zerbait aldatu nahi duzu? Andreak aukera batzuk eman dizkigu plater honetaz gozatzeko hornigai ezberdinekin:

     

    1. Ordezkatu erremolatxa eta cherry tomateak kalabaza erre gozoarekin.
    2. Salteatu erremolatxaren hosto berdinak baratxuri eta mahaspasekin.
    3. Jarri hornigai moduan baby azenario erreak. Barazki gozoak direnez, bikain geratuko dira barazki-bolen espeziekin.

    Errezeta hau beganoentzat egokitu nahi duzu? Aldatu jogurt grekoa landare-jatorria duen batekin, plater begetariano hau % 100 aukera beganoa izateko.

    Nola zerbitzatu barazki-bolak estiloarekin

     

    Jatetxe profesional baten antzerako emaitza nahi baduzu, zerbitzatzeko modua funtsezkoa da maisutasunezko ukitua lortzeko. Beraz, apainketa gastronomikoko ñabardura batzuk emango dizkizugu zure barazki-boletarako (edo modu berezian aurkeztu nahi duzun beste edozein plateretarako)!

    Plater hau kolorez beteta dagoenez, erremolatxaren morea, tomatearen gorri bizia edo hostoen berdea direla eta, kolore neutroko plater eta erretiluekin jolastea gomendatzen dizugu (zuria edo grisa, adibidez), baina urdin iluna edo antzerako beste kolore bizi bat ere ondo gera dakioke.

    Eta gainontzeko mahaiaren dekorazioa ere garrantzitsua da bukaerako emaitzarako. Gomendatzen dizugu itxura naturalaren alde egitea, garbitasuna eta % 100 etxean egindako zerbait jaten ari garen sentsazioa transmititzen dituena. Horrek beti arrakasta izaten du! Hori lortzeko, kristalezko tresneria (ur pitxerra, edalontziak, erretiluren bat...) eta tonu gordineko ehunak (oihalezko ezpainzapiak) ezin hobeak dira. A! Eta taularen bat edo beste osagarriren bat jarri behar baduzu, aukeratu zura, primeran joango zaio eta.

    Konbinatu zure barazki-bola zoragarrien zapore guztia mahai eder batekin. Mahaikideen esperientzia indartuko duzu!

    Zergatik dira hain bereziak barazki-bola hauek?

     

    Gure HUVUDROLL landare-proteinazko barazki-bolen sorta berria plater ezin hobea dira, bai haragia maite dutenentzat, bai barazki eta frutan oinarritutako dieta hautatzen dutenentzat. Izan ere, osagai begetalez bakarrik eginda daude (ilar-proteina, oloa, tipula, sagarra eta patata), baina beren testurak eta zaporeak ez dute zertan betiko haragi-bolenei inbidia izan.

    Eta kito? Ez! Ez gaude bakarrik amarru ezin hobe bati buruz hitz egiten, barazki-bola horien atzean askoz gehiago dago. Beren sekretu nagusia ezagutu nahi duzu?

    2030erako kliman eragin positiboa izateko dugun asmoari jarraituz, beste urrats bat ematea erabaki dugu, elikaduran gure karbono-aztarna murriztuta. Izan ere, berotegi-efektuko gasen emisio globalen ia % 15 abeltzaintzatik dator. Hori bazenekien? Gainera, gure dietako haragia eta esnekiak murriztuz gero, gutako bakoitzak % 73ra arte murriztu dezake bere karbono-aztarna. Pentsatzeko ematen du, ezta?

    HUVUDROLL barazki-bolekin lortu dugu ingurumenarekin errespetutsuagoak izatea (% 4ko klima-aztarna daukate bakarrik) eta modu jasangarriagoan jatea, hain gustuko ditugun zapore horiei uko egin gabe. Eta merke! Ez dugu nahi iraunkortasuna pertsona gutxi batzuen luxua izatea, baizik eta mundu guztiarentzako aukera bideragarria izatea.

    «IKEA-n, 1.000 milioi haragi-bola saltzen ditugu urtero (...) Salmenta horien % 20 inguru landare-proteinazko bolen salmenta bihurtzea lortuko bagenu, gure klima-aztarnaren % 8 inguru murriztuko genuke, IKEA-ren elikagai-negozioari dagokionez», dio Sharla Halvorsonek, IKEA-ko mundu mailako Osasuna eta Elikagaien Jasangarritasuna saileko zuzendariak.

    Beraz, badakizu, zatoz gure denda suediarrera edo jatetxera eta dastatu HUVUDROLL barazki-bolak!

    Ideia gehiago nahi dituzu? Gehitu hauek zure errezeta-liburuan:

    Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.