Saltatu

3 ideia mahai zuriak dekoratzeko

Ospakizun bat duzu laster eta ez dakizu nola prestatu mahaia? "Dîner en blanc" edo zuriz jantzita afaltzeko fenomenoan inspiratutako hainbat dekorazio-ideia proposatzen dizkizugu. Kontzeptu hori Parisen sortu zen 1980ko hamarkadan, eta, haren arabera, gonbidatu guztiak zuriz jantzita joan behar dira. Aire zabalean egiten da, eta beste berezitasun bat da parte-hartzaile guztiek beren gauzak eramaten dituztela. 

Esan dugun bezala, "dîner en blanc" jaian, dena zuria izateaz gain, gonbidatuek beren gauzak eramaten dituzte. Eta ez gara janariaz bakarrik ari; mahaiaz, eserlekuez eta mahai-tresnez ere ari gara. Izan ere, afaria aire zabalean antolatzen da, piknikak egiteko aukera ematen duen espazio publiko batean, eta, bakoitzak berea daramanez, errazagoa da jende gehiago joatea.

Ekitaldi honetarako, gure proposamena da kontzeptua egokitzea aire zabalean afari zuri bat egiteko, kolore horretako apaingarri eta jantziekin, baina zuk nahi duzun tokian. Ez du zertan izan gaitutako espazio publiko batean, etxean baizik; hau da, terrazan edo lorategian. Ikusiko duzunez, nahiz eta zuk dena prestatu, bakoitzak bere gauzak eramaten duen ildoari jarraituko diogunez, gomendatuko dizkizugun altzariak askoz ere informalagoak eta praktikoagoak dira. 

Aukeratu gau berezi honetan erakutsiko duzun estilo zuria, eta has gaitezen dekorazioarekin! 

1. Bi lagunentzako mahai zuri erromantikoa

 

Bi lagunentzako afari erromantiko bat baldin baduzu buruan, dekorazio zuri hau ezin hobea da horretarako. Mahaia eta aulkiak arinak eta tolesgarriak direnez, hobekien datorkizun tokian muntatu ahal izango duzu: balkoian, portxean, lorategian edo piknikak egiteko gune publiko batean… zuk aukeratu!  

Pertsona berezi horrekin afalduko duzun lekua aukeratu duzunean, hurrengo pausoa dena prestatzea izango da. Kasu honetan, bi lagunentzako zurezko mahai bat eta bi aulki zuri aukeratu ditugu. Dekorazioan kolore hori nagusituko den arren, zurak oso egokia den landa-ukitu bat emango dio bilatzen ari garen estilo erromantikoari.  

Hitzordu intimo bat denez, ez da beharrezkoa mahaia oso handia izatea, helburuetako bat konpainiaz ahalik eta gehien gozatzea baita. Beraz, ez kezkatu espazioarengatik.  

Mahaia eta aulkiak aukeratu ondoren, baxeraren unea iritsi da. Kanpoan bada ere, gure gomendioa da ahalik eta gehien zaintzea eta erabilera bakarreko aukerak ez hartzea, dotorezia kentzeaz gain, ez baitira batere jasangarriak ingurumenerako.  

Jakina, platerek eta mahai-zapiek kolore zuria izango dute protagonista, eta ezin hobeto konbinatuko dira kristalezko kopen eta zilarrezko mahai-tresnen neutraltasunarekin.   

Ez ahaztu dekorazio-xehetasunak! Afari erromantikoa denez, lore batzuek ez dute huts egingo. Zenbait lore fresko edo artifizial jar ditzakezu loreontzi batean, mahaiaren erdian. Kandela bat jartzeak ere ukitu oso berezia emango dio iluntzen hasten denean. Seguruagoa izan dadin, argiontzi batean jartzea gomendatzen dizugu.  

2. Mahai zuri familiarra 

 

Familiako afari bat da? Orduan, hau da zuretzako proposamenik egokiena. Aurrekoan bezala, mahai bat eta aulki praktiko batzuk aukeratu ditugu, alde batetik bestera erraz eraman ahal izango dituzunak, baina mahaia zabalagoa da denak ondo sar zaitezten. Gainera, leku gehiago behar baduzue, horrelako beste mahai bat elkartzea besterik ez da behar.  

Aulkiei dagokienez, oraingoan ez dira tolesgarriak, baina bai pilagarriak; beraz, erabiltzen ez dituzunean ere erraz gorde ahal izango dituzu. Abantaila da, ospakizunetan etxeko txikiek ere parte hartzen badute, askoz seguruagoak eta erosoagoak izango direla haientzat.  

Kanpoko kuxinak edo bizkarraldeak ere jar ditzakezu, afalorduan askoz ere gusturago egon zaitezten. Egin tonu zurien edo zuri hautsien alde, eta ez kezkatu erraz zikin daitezkeelako, zorro ateragarriak eta garbigarriak baitituzte, beti txukun eduki ditzazun.  

Baxerari dagokionez, berriz ere, aukeratu kolore zuriak plateretarako, eta egokitu dastatuko duzuen janari motari. Mokadutxo-afari bat baldin bada eta errazioak eta platerak konpartituko badituzue, nahikoa izango da bakoitzak bere plater indibiduala edukitzea, eta horrela, lekua aurreztuko duzue. Lehenengoa, bigarrena eta banakako postrea badituzue, plater guztiak jarri beharko dituzu. 

Eta dekorazioari dagokionez, ideia sinple eta oso ikusgarria da  ezpain-zapiak (zuriak, noski) kordel batekin eta loretxo batzuekin biribiltzea. Familiako kide bakoitzaren izena adierazten duen txartel bat ere sar dezakezu. Horrela bakoitzak berari egokitutako tokia edukiko du hasieratik.  

3. Ospakizun-mahai zuria

 

Azkenik, afaria lagunekin egiten bada eta aurreko kasuetan baino jai-girotsuagoa bada, dekorazio berezi bat proposatzen dizugu. Argazkian ikusten dituzun material hautatuen eta linea soilen konbinazioa ezin hobea da afari informal baterako, non dibertsioa protagonista nagusia izango baita.  

Aulkiak eta mahaia tolesgarriak dira; beraz, erraz jarri ahal izango dituzu nahi duzun tokian, eta gonbidatuen arabera behar dituzunak gehitu. Hori argi eduki ondoren, mahaia jai-elementuekin pertsonalizatzeko unea helduko da, gonbidatu guztiak harrituko dituen efektu bat lortzeko.  

Mahaiaren xehetasunei dagokienez, kasu honetan, emaitza dotorea izatea nahi baduzu ere, efektu alaia lehenetsi behar duzu. Hori dela eta, mahai-zapi zuri bakunak aukeratzea gomendatzen dizugu, mahaia gehiegi kargatuko duten brodatu sofistikaturik gabe. Baxera ere bakuna da, eta, nabarmentzen diren puntu gisa, zenbait lore, mahaiaren gainean modu informalean banatuak. Argi-ukitu bat ere jar dezakezu, argi-girlanda apaingarriekin, mahai-zapiaren gainean edo kristalezko pitxer baten barruan kokatuz.  

Azkenik, jakin behar duzu "dîner en blanc" tradizional bat su artifizialekin amaitzen delaHauek afariaren amaiera adierazten dute eta aulkiak gorde eta etxera itzultzeko seinalea dira. Hori eskala txikian egiteko, une hau goratzen duten bengala txikiak erabil ditzakezu. Jakina, ohitura horri guztiz jarraitu nahi ez izateak ez du esan nahi ospakizuna amaitu denik, baizik eta afaria amaitu eta kopa bat lasaiago hartzeko ordua hasiko dela.  

Ideia gehiago behar dituzu beste ekitaldi batzuetarako? Hemen dituzu mahaien dekorazioari buruzko artikulu interesgarri batzuk.  

Izugarri atsegin dugu bezeroek gure produktuak sormenez erabiltzea. Ausartu zaitez zu ere! Baina kontuan izan behar duzu IKEA taldeko produktuetan aldaketak eginez gero ezin izango ditugula berriz saldu edo hasieran zuten erabilerarako erabili; beraz, IKEA taldeko berme komertzialak eta itzultzeko eskubidea indargabetzen dira.