Saltatu

Kaktusak, krasak eta beste landare zukutsu batzuk

Ongi etorri kaktusen eta landare zukutsuen mundu zoragarrira! Baina nondik hasi ez badakizu, landare hauek zer zainketa behar dituzten eta apaingarri gisa ahalik eta etekin handiena nola atera ulertzen lagunduko dizugu.

Kaktusak, krasak eta beste landare zukutsu batzuk mahai zahar batean, urre-koloreko loreontziekin

Kaktusa

Kaktusak landare zukutsuen familiakoak dira. Duten zurtoin lodiak bereizten ditu, ura metatzeko ahalmen handiarekin; beraz, neurriz ureztatu behar dituzu. Tamaina eta espezie desberdinetako kaktusak aukera ditzakezu konposizio original eta harmoniatsua sortzeko.

Arantzak dituzten kaktusen xehetasuna

Kaktusen zainketak

Hauek dira kaktusek behar dituzten oinarrizko zainketak:

  • Ura: neurriz ureztatu (egiaztatu substratuaren hezetasuna ureztatu aurretik). Gogoratu kaktusak mantso hazten direla; beraz, ez saiatu gehiegi ureztatzen ureztatze faltagatik hazten ez direla uste baduzu.
  • Eguzkia: jarri eguzkiaren zuzeneko argia duen leku batean.
  • Tenperatura: gutxieneko tenperatura 12 ºC baino baxuagoa ez izatea komeni da.
  • Beste zainketa batzuk: barnean eduki eta aire-korronteak saihestu.

 

Aholkua: kaktusek arantzak izan ohi dituzte. Erabili lorezaintzarako eskularruak hartzeko.

Krasak eta beste landare zukutsu batzuk

Krasak lorezaintzaren munduan hasteko ezin hobeak diren landare zukutsuak dira, behar duten zainketa gutxiagatik. Kaktusek ura zurtoinean metatzen dute; krasek, ostera, betibizien edo jadeko zuhaitzen gisa, zurtoinean zein hostoetan metatzen dute.

Landare zukutsu baten hostoen xehetasuna

Krasen eta beste landare zukutsu batzuen zainketak

Hauek dira landare zukutsuek behar dituzten oinarrizko zainketak:

  • Ura: neurriz ureztatu (egiaztatu substratuaren hezetasuna ureztatu aurretik).
  • Eguzkia: jarri eguzkiaren zuzeneko argia duen leku batean.
  • Tenperatura: gutxieneko tenperatura 12 ºC baino baxuagoa ez izatea komeni da.
  • Beste zainketa batzuk: barnean eduki eta aire-korronteak saihestu. Kalanchoe espeziea kanpoan ere koka daiteke.

 

Aholkua: krasak eta landare zukutsuak sentikorrak dira loreontzia aldatzean. Ez birlandatu oso maiz.

Sansebierak eta aloe vera

Sansebierak, "drakaenak", "musker-buztanak" edo "amaginarrebaren mihiak" izenaz ere ezagunak, Hego Afrikako eta Asiako jatorrizko landare zukutsuak dira. Landare hauek airearen kalitatea hobetzen dute gauez. Bestalde, sentikorrak dira gehiegizko ureztatzeari. Loreontzian ur gehiegi dagoenean, baliteke sustraietara oxigeno gutxiago heltzea, eta horrek landareari kalte egin diezaioke.

Aloe vera landare baten hostoen xehetasuna

Aloe vera eta sansebieraren zainketak

Hauek dira sansebierak eta aloe verak behar dituzten oinarrizko zainketak:

  • Ura: neurriz ureztatu (egiaztatu substratuaren hezetasuna ureztatu aurretik).
  • Eguzkia:
    • Sansebierak: eduki leku argitsu batean, baina eguzkitik gerizatuta.
    • Aloe vera: eduki eguzki-argitan.
  • Gutxieneko tenperatura:
    • Sansebierak: 15 °C
    • Aloe vera: 12 °C.
  • Beste zainketa batzuk: barnean eduki.

Dekorazio-artikuluak, landare zukutsu eta kaktus artifizialak

Kaktusek eta landare zukutsuek, oro har, ez dute zainketa handirik behar. Hala ere, haien zainketak burutzea kostatuko zaizula uste baduzu, dekorazio-aukera artifizial oso errealistak dituzu.

Zure kaktusentzako loreontzi perfektuak

Osatu zure kaktusak eta landare zukutsuak zure dekorazio-konposizioa harmonizatzen duten loreontzien koordinazioarekin. Hiru aukera hauek proposatzen dizkizugu, baina gure loreontzien sailean kolore, testura eta material ugari dituzu aukeran.

Urre-kolorea ez da inoiz modatik pasatzen, eta erromantizismoa ematen dio gure eguneroko bizitzari. Konbinatu hainbat neurritako loreontziak, eta sortu zeure kaktusen eta landare zukutsuen konposizioa.
Loreontzi hauek zementuzkoak dirudite, baina, berez, plastiko birziklatuzkoak dira, arina den eta ingurumenean eragin txikia duen material bat. Oso pisu gutxi dute eta denbora asko irauten dute!
Loreontzi hauek eskuz egiten dira, beste produktu batzuen ekoizpenean soberan dagoen banbua erabiliz. Baliabide naturalak erabiltzeko modu adimenduna zure etxerako elementu berri eta esklusiboak sortzeko.

Ezagutzen dituzu etxean kaktusak izateak dakartzan onurak?

Seguru asko, noizbait entzungo zenuen kaktusak gai direla gailu elektronikoen uhin elektromagnetikoak xurgatzeko, hala nola ordenagailuenak. Egia esan, mito bat da, eta "ordenagailuko kaktusek" ez dute zentzu horretan propietate onuragarririk. Baina bai eragina dutela gure ongizatean eta gogo-aldartean, bai etxean bai bulegoan. Beraz, kaktusekin apaindu eta onura horiek guztiak esperimentatzen hastera animatzen zaitugu.

Haurrentzako lorezaintza-jokoa, landare zukutsuen aldaxkekin

Haurrentzako jolas honekin, etxeko txikiek lorezaintzarako tarte batez gozatuko dute eta landareak zaintzeak dakarren erantzukizuna ezagutuko dute. Dakigun bezala, landare zukutsuek ez dute zainketa handirik behar; beraz, despisteren bat izanez gero eta noizean behin ureztatzeaz ahaztuz gero, segur aski ez da ezer gertatuko.

Zer ditu haurrentzako lorezaintza-joko honek?

Landare bat, loreontzi bat (6 cm-ko diametroa) eta lur-pakete bat barne.

Landare zukutsua landatzeko jarraibideak:

  • 1. urratsa: jarri lur-paketea edalontzi batean, gehitu 50 ml ur eta utzi ura xurgatzen.
  • 2. urratsa: pasatu edalontzian sortu den lurra loreontzi batera.
  • 3. urratsa: landatu landare zukutsua.

Ikus dezakezunez, landare zukutsuek eta kaktusek ez dute zainketa handirik behar; beraz, landareen eta lorezaintzaren munduan hasteko hautagai ezin hobeak dira.

Gainera, udan eta neguan izaten diren tenperatura-aldaketen aurrean nahiko erresistenteak dira. Hori bai, urtaro horietan muturreko tenperaturak izaten diren lekuetan bizi bazara, zure landare zukutsuak eta kaktusak beti barruan izatea gomendatzen dizugu.

Kaktus-motak

Barruko kaktus-mota guztiak honela sailkatzen ditugu:

Loredun kaktusak

Kaktus-mota asko udaberrian loratzen dira, tenperatura eta eguzki-orduak igotzearekin batera. Existitzen diren loredun kaktusetan genero hauek daude:

Echinopsis

Echinopsis kaktus-generoa jatorriz Hego Amerikakoa da eta 150 espezie baino gehiago ditu. Loreak (tronpeta formakoak eta kolore horixkak, arrosak eta zuriak dituztenak) oso apaingarriak dira eta espezie osoko handienetakoak dira.

Rebutia

Rebutia generoa jatorriz Hego Amerikako mendebaldeko eta hegoaldeko lurraldeetakoa da. Bere taxonomiak 40 espezie ezagun baino gehiago ditu, eta erraz ugaltzen dira hazi asko ekoizten dituztelako. Horregatik, Rebutia Cactaceae familiako lorezaintzan gehien erabiltzen den loredun generoa da.

Astrophytum

Kaktus-mota honek Mexikon eta Estatu Batuetako hegoaldean du jatorria, eta 6 espezie ditu. Etimologikoki, haren izenak "izar-formako landarea" esan nahi du, espezie batzuek 5 puntako izar-forma baitute. Loraketa kaktusaren goiko muturrean gertatu ohi da, eta lore bakarra hazi ohi da denboraldi bakoitzean.

Tephrocactus

Tephrocactus Argentinan jatorria duten 15 espezie baino gehiago dituen kaktus-genero bat da. Izenaren etimologiak "tephra" hitz grekoari egiten dio erreferentzia, "errauts" esan nahi baitu, loredun kaktus mota horren koloreari erreferentzia eginez.

Cactus euphorbia

Euphorbiaceae berez familia bat den arren, Cactaceae familiatik ezberdina (kaktus guztiak biltzen dituena), egia da lorezaintzan Euphorbia generoa Cactus Euphorbia izenez aipatzen dugula beti, bi familien arteko antzekotasun morfologiko guztiengatik. Euphorbia generoa oso konplexua eta zabala da, 2.000 espezie baino gehiago baititu.

Genero hori eskualde tropikaletan eta subtropikaletan zehar hedatzen da, Afrikan zein Amerikan.

Kaktus txikiak

Kaktus txikiei buruz ari garenean, edozein kaktus txikiri buruz ari gara, noski: ernetzez edo aldaxkaz erreproduzitzen hasi zenetik denbora gutxi igaro delako zein bere generoaren ezaugarri morfologikoek zehazten dituztelako kaktusaren neurriak. Beste aukera bat kaktusaren hazkundea gelditzera behartzea da, oso neurri txikiko loreontziak erabiliz, espazio faltagatik sustraien hazkuntza eragozteko.

Kaktus txikiak dekorazio-elementu arrunta dira mundu osoko bulegoetan, erradiazioak xurgatzen dituzten mito faltsu bat baitago. Kontua da ez dagoela kaktusen onura hori frogatzen duen azterlanik. Hala ere, ez da inolaz ere gezurra kaktus txikiak apaingarri bikainak direla.

Kaktus artifizialak

Ba al zenekien kaktusak dekorazioan joera direla? Horregatik, kaktusekin apaintzeko aukera ugari daude: landare berezi hauen irudiak dituzten dekorazio-xaflak, kaktus-formako zeramikazko irudiak eta, jakina, kaktus artifizialak.

Landare artifizialen FEJKA seriean, kaktus artifizial oso errealistak eta politak aurkituko dituzu. Haien artean konbinatu eta kaktusen zein landare zukutsuen konposizio polit bat sor dezakezu. Onena da artifizialak direnez, zure etxeko edozein txokotan jarri ahal izango dituzula, zuk duzun zuzeneko argi-kantitatea kontuan hartu gabe.

Landare zukutsuen motak

Landare zukutsuak mamitsuak dira, eta apaingarri gisa asko erabiltzen dira, bai bulegoetan bai etxean. Izan ere, zehatzak izateko, kaktusak landare zukutsuen familiaren barruan egongo lirateke. Askotan, modu desegokian erabiltzen ditugu sinonimo gisa krasak eta landare zukutsuak.

Etimologikoki, landare-familia honek latinezko "succulentus" terminoaren izena hartzen du, "zukutsua" esan nahi duena. Hain zuzen ere, horrela deitu zituzten ura zurtoinean, hostoetan eta sustraietan metatzeko duten gaitasunagatik. Egokitze-mekanismo horri esker, bero handiko egoeretan bizi daitezke.

Landare zukutsuak hainbat motatakoak izan daitezke; horien artean, genero eta familia hauek nabarmentzen ditugu:

Krasak

Krasak, berez, krasulazeoak izeneko landare-familia dira. 1.400 bat krasen espezie daude, 25 generotan banatuta.

Kalanchoe

Kalanchoe jatorriz Europan, Asian eta Afrikako iparraldean dagoen landare zukutsuen genero bat da, krasulazeoen familiakoa eta basa-egoeran hazten dena. Bere loreen kolorea aldatu egin daiteke tonu apaletatik (zuriak eta horiak) tonu bizienetara (gorriak eta fuksiak).

Kalanchoeen zainketei dagokienez, landare zukutsu hauek eguzkitan egon behar dute, eta gutxienez 12 ºC-ko tenperatura izan behar dute. Gainera, landare hauek oso sentikorrak dira, bai ureztatze faltagatik bai gehiegi hartzeagatik; beraz, oso ondo kontrolatu beharko duzu substratuaren hidratazioa, sustraiak usteldu edo zimeldu egin ez daitezen. Loreak dituzten landare zaporetsuen mota honek 125 espezie inguru ditu, eta apaingarri gisa asko erabiltzen dira lore-sorta politengatik.

Jadeko zuhaitz txikiak edo jadeko landareak

Crassula ovata jadeko zuhaitza edo jadeko landarearen izen zientifikoa da. Mota honetako hosto iraunkorreko landareak Mozambikekoak eta Hego Afrikakoak dira. Bertan, leku harritsuetan hazten dira, neguan euri intentsiboko tarteekin.

Krasen familiako zuhaixka honek hostoen kolore berde biziagatik hartzen du izena, jadea gogorarazten duena. Heldua den jadeko zuhaitz batek 2 metroko altuera har dezake, nahiz eta sarritan askoz txikiagoak aurkitu.

Betibiziak

Betibiziak, Sempervivum, 30 espezie baino gehiago biltzen dituen krasa-generoa dira. Landare zukutsu hauek Kanariar Uharteetan, Iberiar penintsulako eta Europa kaukasiarreko mendietan dute jatorria. 

Haren izen berezia "Semper vivus" latinetik dator, "beti bizi". Muturreko baldintzen aurrean duen erresistentziari eta izaera iraunkorrari erreferentzia argia.

Loratu ahal izateko, betibiziak hazi egin behar izaten dute lehenik hainbat urtez. Horregatik ikusten ditugu lorerik gabe landare zukutsu hauek gehienetan.

Echeveriak

Echeveria landareak, berriz ere, Crassulaceae familiako genero bat dira. "Alabastrozko arrosak" ere deitzen zaie. Genero honek 393 espezie ditu, eta Estatu Batuetako, Mexikoko, Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako zona idorretan du jatorria.

Echeveria landarearen ezaugarri nagusia hostoek erroseta bat osatzen dutela da, tonu berdean eta puntak kolore laranja, arrosa antzerako edo gorrixkarekin. Krasa-genero hau ez da hain sentikorra hotzarekiko, eta, beraz, izozteak eta eguzki-falta jasan ditzakete. Horregatik, munduko ia edozein lekutan landare zukutsuen genero hau aurki dezakegu lorategiak apaintzen.


Noiz eta nola birlandatu kaktusak

Kaktusak eta, oro har, landare zukutsuak sentikorrak dira loreontzien aldaketei. Horregatik, oso garrantzitsua da unerik egokienean eta prozedura zuzena erabiliz egitea.

  1. Kaktusak eta landare zukutsuak birlandatzeko unerik onena udaldia da (udaberritik udara). Ez dizugu gomendatzen urteko sasoirik hotzenetan egitea; izan ere, prozesuan sustrairen bat hondatzen bada, baliteke zure kaktusak gehiegizko hezetasunagatik usteltzea.
  2. Aukeratu aldatu behar duzuna baino handixeagoa den loreontzi bat. Hala ere, ez aukeratu askoz handiagoa den loreontzi bat. Ingurune hezeegia sor liteke, zure kaktusari edo landare zukutsuari kalte eginez.
  3. Kaktusei dagokienez, erabili lorezaintzarako eskularruak, ez ziztatzeko.
  4. Bete loreontziaren oinarria legarrez edo bestelako harri txikiz, gehiegizko ura drainatzen laguntzeko. Oinarri horren gainean, erabili kaktusentzako substratu berezi bat.
  5. Saiatu jatorrizko loreontzian geratzen zen kaktusaren edo landare zukutsuaren zati berbera lurperatzen.

Kaktusak zaintzeko gakoak: argi asko eta ur gutxi

Kaktusen, krasen eta, oro har, landare zukutsu guztien ezaugarriak sakonago ezagutzen lagundu dizugula espero dugu. Azken finean, jakin beharreko bakarra, oso erraz zaintzen diren landareak direla da: argi naturala eta ur pixka bat behar dute 7-10 egunean behin. Gogoan izan hobe dela motz geratzea, ur faltagatik, gehiegi ureztatzea baino; izan ere, ura gordetzeko mekanismoak dituzten landareak dira, eta lehorte-aldi luzeak jasan ditzakete.

Ah, eta zure abesti gogokoenak noizean behin jarri nahi badizkiezu, ongi etorria hori ere!