Saltatu

Hemen dira energia-etiketa berriak

Aldatu egingo dira energia-etiketak, argiagoak izan daitezen

Energia-etiketak kontsumitzaileentzako erreferentzia izan dira azken 20 urte pasatxo hauetan. Denok hartzen dugu kontuan adierazle hori. Hala ere, denboraren poderioz, gaur egungo eskala (A+++ eskalatik G eskalara artekoa) gardentasuna galduz joan da. Kontsumitzaileari produktu efizienteenak aukeratzen laguntzen jarraitzeko, Europar Batasunak produktuen efizientzia-eskakizunak sendotzea erabaki du, eta Atik Grako eskalara itzultzea, ikusi ohi genituen + ikurrak kenduta. Etiketak aldatzeko aldian zehar, produktuek bi etiketak izango dituzte, gaur egungoa eta berria.  

Zer da energia-etiketa?

Ezinbesteko tresna da kontsumitzaileek etxetresna elektrikoen efizientzia hobeto ulertu eta alderatzeko (besteak beste, hozkailu, telebista, garbigailu eta ontzi-garbigailuena). Etxetresnak hainbat alderdi kontuan hartuta aukeratzea ahalbidetzen du, eta, horrez gain, argindarraren fakturan aurreztea. A energia-klaseko etxetresnek kontsumitzen dute gutxien, eta, ondorioz, haiek errespetatzen dute gehien ingurumena. G klasekoak dabiltza okerren bi alderdi horietan. 

Zergatik sortu da beste etiketa bat?

Kontsumitzaileei egindako inkesta baten arabera, etiketen egungo eskalak eraginkortasuna galdu du denboraren poderioz. Kontua da etxetresna elektroniko gehienak goragoko klaseetan kokatzen direla (A+, A++, A+++), eta beheragoko klaseak hutsik geratzen direla, hain efizienteak ez diren etxetresna elektrikoak merkatutik kendu baitira pixkanaka. Arazo hori konpontzeko, Europar Batasunak energia-etiketak berrikusi ditu, eta bezeroaren beharren arabera optimizatu: aldatu egingo da etiketaren eskala, eta, + duten eskalak desagertu egingo direnez, A-G sailkapen bat baino ez da egongo. Hasieran, goragoko klaseak (A eta B) hutsik egongo dira, fabrikatzaileek produktu eraginkorragoak sor ditzaten bultzatzeko.

Nolakoa da etiketa berria?

Produktu guztietarako energia-eskala berriaz gain (A-G), goiko eskuin-ertzean QR kode bat egongo da, Europako Batzordean sartu ahal izateko (EPREL); bertan aurkituko duzu aldaketari buruzko informazio gehiago. Beheko aldean, zenbait piktograma ikusiko dituzu. Piktograma horiek kasuan kasuko produktuaren funtzio zehatzak eta ezaugarri espezifikoak irudikatzen dituzte, ikono-forman.