Saltatu

Ikasi al dezaket lo seko egiten?

Bai, ikas dezakezu! Loa jada ez da lehen bezain misteriotsua eta aukera mugagabeak dituzu zure neurrira egindako lo-ingurune bat sortzeko.

Gizon bizardun bat hankak gurutzatuta dago eserita, meditazio-jarreran, gela lasai batean eta kamerari bizkarra emanez.
Gizon bizardun bat hankak gurutzatuta dago eserita, meditazio-jarreran, gela lasai batean eta kamerari bizkarra emanez.

Ohitura hobeek lo hobe batera garamatzate

Kirola egitea ona da lo egiteko, ezta? Hala da. Besteak beste, kirolak adenosina izeneko gai kimiko bat sortzen du garunean. Substantzia on horrek nekatuta sentiarazteaz gain, lo sakonagoa ere bultzatzen du. Ongi sentiarazten gaituzten hormonak edo alaiago egiten gaituen endorfina ere askatzen ditu kirola egiteak. Hala ere, gogoratu ez dela kirolik egin behar ohera joan baino lehen. Ziurrenik, oso urduri egongo zara eta kosta egingo zaizu loa hartzea.

Ez joan ohera mugikorrarekin

Beste ohitura batzuek negatiboki eragin diezaiokete loari. Esaterako, kafeak, alkoholak, tabakoak edo ohean mugikorra edo ordenagailu eramangarria erabiltzeak.

Gailu mugikorrek eta ordenagailu eramangarriek ematen duten argia da arazo nagusia. Argi urdinak gorputza engainatzen du eta esnatzeko ordua dela sinestarazten dio; ondorioz, zailagoa da lo hartzea. Argi artifizial horrek (edo edozein argi motak) melatoninaren isurketa eteten du, zeina nekea sortzeko eginda dagoen.

Zer gertatzen da kafearekin? Eta erretzearekin?

Jakina da kafearen kafeinak loa zailtzen duela. Arratsaldean kafe bakar bat hartzea nahikoa izan daiteke lo hartzea ezinezkoa izateko. Alkoholak, aldiz, gorputza erlaxatu eta nerbio-sistema moteltzen du. Ondo, ezta? Ba, ez. Izan ere, gorputzak alkoholaren ondorio negatiboei aurre egiten igaroko du gau osoa. Beraz, atseden hartzeko aukera izan beharrean, lan egin beharko du. Alkoholak eztarriko giharrak ere erlaxatzen dituenez, zurrungak egiteko joera handiagoa izango duzu.

Horretaz gain, erretzaileei gehiago kostatzen zaie lo hartzea eta lo egotea. Tabakoaren nikotinak hainbat modutan eragiten dio gorputzari. Alkoholarekin gertatzen den bezala, gorputza ezin da guztiz erlaxatu.


Loa hobetzeko sei urrats

Gaueko loaren kalitatean eragin nabarmena duten eta, ondorioz, hurrengo eguneko energian, osasunean eta zoriontasunean eragiten duten 6 faktore daude.

1. urratsa

Lehenenik eta behin, erosotasuna da gauzarik garrantzitsuena. Lastaira eroso bat, lo egiteko jarrerara egokitzen den burukoa eta edredoi egokia nahitaezkoak dira ondo lo egiteko. Ohe gogor edo leun bat izatearen erabakia lo egiteko jarreren arabera hartu behar da. Burukoa aukeratzea ere oso erabaki pertsonala da. Burukoak zure gustukoa izan behar du, baina, horretaz gain, bat etorri behar du lo egiteko jarrerekin eta lastairarekin.

2. urratsa

Argia da kontuan hartzeko bigarren faktorea. Ahal den neurrian, gelak ahalik eta ilunen egon behar du; hori esatea erraza da, baina egitea zaila baino zailagoa. Errezel ilun eta sendoek argi naturala eta kaleko argiak kanpoan mantentzen lagun diezazukete. Beste ezerk ez badu funtzionatzen, erabili mozorro bat begietarako. Kontuan hartu beharreko beste gauza bat argiaren kolorea da. Kolore beroak egokiak dira lo hartzeko prest zauden momenturako. Argiaren intentsitatea aldatzeko aukera ematen duten bonbilla doigarriak oso inbertsio ona izan daitezke.

3. urratsa

Tenperatura da kontuan hartu beharreko hurrengo faktorea. Gelako tenperaturarik egokiena 16 eta 17° ºC bitartekoa da. Hala ere, egokia da 13 eta 20° ºC bitarteko tenperatura izatea.

4. urratsa

Lo ona izateko sei faktoretan hurrengoa soinua da. Egoera perfektu batean, gela atseden-oasia izan beharko litzateke. Nahi ez diren eta baimenik gabe sartzen diren soinuetatik babesten gaituen eta gaueko lo onean lagun dezaken tokia izan behar du gelak. Hala ere, soinua kanpoan mantentzea erronka handia izan daiteke. Ehunez egindako altzariek, esaterako, errezel eta alfonbra sendoek, gela isolatzen eta bibrazioak murrizten laguntzen digute.

5. urratsa

Bosgarren faktorea airearen kalitatea da. Munduko toki askotan, zaila da etxea kutsaduratik at mantentzea. Halaber, ohean horrenbeste denbora egoten garenez, izugarri garrantzitsua da faktore hau kontuan hartzea lo egiten dugun eremuetan. Erabilgarri izan daiteke haizagailu bat, aire girotua, aire-garbigailu bat edo landare berdeak (ahal dela aloe vera edo zinta-belarra) edukitzea. Gainera, garrantzitsua da lo egiteko erabiliko dugun eremuko airea hezeegia ez izatea. Hezetasun gehiegi badago, zailagoa izango da gorputzeko hezetasuna baporatzea eta ez gara eroso egongo beroagatik eta izerdi likinagatik.

6. urratsa

Azkenik, eta oso garrantzitsuak ere bai, koloreak eta altzariak ditugu. Jakingo duzun bezala, koloreek modu askotan eragiten dute gure adimenean. Urdina, horia eta berdea dira erlaxatzeko kolorerik onenak. Eta zein da lo ona izateko kolorerik okerrena? Morea.

Gelako altzariei dagokienez, oso erraza da haiek aukeratzea. Erabili altzari arruntak eta mantendu gela ordenatuta. Gero eta nahaspila gutxiago izan, orduan eta aukera gehiago izango dituzu ondo lo egiteko. Gainera, ondo sentituko zara esnatzean.