Eduki nagusira joan

Seguridad infantil en IKEA

IKEA taldean, bezeroen segurtasuna da gure lehentasuna, batez ere planetako pertsonarik garrantzitsuenei buruz ari garenean: umeak! Hori dela eta, IKEA taldeak garrantzia handia ematen dio produktuen segurtasunari. Gure ustez, umeek espazio segurua izan behar dute etxean.

Ezagutzak eraikitzea

IKEA taldean ondo-ondo ezagutu nahi ditugu munduko leku guztietako umeak, beren garapena eta haien beharrak. Ezagutza hori gureganatzen dugun bitartean, produktu dibertigarriak eta aldi berean seguruak ekoizten ditugu.

Uste dugu ondo jakin behar dugula bezeroek nola erabiltzen dituzten haurrentzako produktuak etxean. Hori dela eta, hainbat sistema ditugu bezeroek kalitateari eta segurtasunari buruz duten iritzia jasotzeko. Guretzat oso garrantzitsua da bezeroek hautemandako arriskuak ezagutzea, bai posibleak bai errealak. Produktu seguruak eskaintzeaz gain, bezeroak seguru sentiarazi nahi ditugu. Bezeroak mundu osoan zehar sakabanatuta daudenez, ikasi dugu zer nolako eragina duen kulturak gure produktuen erabileran eta horiekin esperimentatzeko moduan.

Batzuetan, etxeko txikienen laguntza ere eskertzen dugu produktuak garatzeko orduan. Tailerretan parte hartzera gonbidatzen ditugu, eta aukera ematen diegu gure produktuekin jolasteko. Bezero zorrotzenen iritzia zuzenean jasotzea oso lagungarria da guretzat, izan ere, ekarpen garrantzitsua egiten duten beren hausnarketekin.

Geure lana ebaluatzeko eta ezagutzak biltzeko, produktu berberak probatzen ditugu bezeroei eskaini aurretik eta ondoren. Azken finean, denok gara IKEA taldeko bezeroak! Horrez gain, ekitaldiak antolatzen ditugu, «Kalitatea ebaluatzeko egunak» deiturikoak.

Egun horietan, haurrentzako produktuez arduratzen den IKEA saileko kolaboratzaileek hainbat arlotako produktu batzuk aukeratzen dituzte. Produktuak bezeroaren ikuspegitik muntatzen eta ebaluatzen dira. Ondoren, produktuaren txosten xehea bidaltzen diote produktu hori garatu duen taldeari. Txosten horren arabera, ekintza-plan bat diseinatzen da, egon litezkeen gorabeherak konpontzeko.

Etorkizuneko lege-eskakizunei buruzko informazioa eskura izate aldera, haurrentzako produktuak estandarizatzeko batzordeetan parte hartzen dugu. Bertan, datuak biltzeko aukera ez ezik, gure ezagutzak partekatzeko aukera dugu. Hala, haurrentzako produktuen arloan estandar berriak sortzen laguntzen dugu.

Zenbait arlotan egitate eta estatistika zientifiko oso zehatzak behar ditugu. Halako kasuetan, asko eskertzen dugu kanpoko laborategien eta ebaluazio-agentzien laguntza.

Ezagutza partekatzea

Umeen garapenari eta beharrei, haurrentzako produktuek bete beharreko baldintzei, osasunari eta segurtasunari buruz ikasten dugun guztia «Haurreskola» izeneko prestakuntzan txertatzen dugu. Hala, etxeko txikientzako produktuak fabrikatzean konfiantza handiagoa dugu, hasieratik bukaerara arte.

Gure «Haurreskola» etxeko txikien beharretan ardaztuta dago, eta IKEA taldearen produktuekin behar horiei modu seguru eta jostagarrian erantzuteko moduetan. Era berean, aurretik egin ditugun akatsetatik ikasitakoa partekatzeko bidea ere bada, eta gogorarazten digu beti dagoela hobetzeko aukerarik.

«Haurreskola»-ri esker, bermatzen dugu IKEA taldearen barruan haurrentzako produktuekin lan egiten duten pertsona guztiek jasotzen dutela informazioa, horien artean garatzaileek, hornitzaileek eta salmenta saileko kolaboratzaileek.

Arriskuen ebaluazioa

Segurtasuna oinarrizkoa da umeentzako produktuen garapenean. Fase guztietan segurtasuna erdigunean kokatzeko, arriskuak ebaluatzeko prozesua sortu dugu, «Segurtasunaren aldeko diseinua» izenekoa; prozesu horrek garrantzia handia du produktuaren garapenean. Zirriborroa egiten denetik, prototipoaren fasetik igarota, eta azken produktua izan arte, adituen talde batek produktuaren segurtasuna kolokan jarri dezaketen arriskuak identifikatzen eta ebaluatzen ditu. Ebaluazio horren arabera, neurriak hartzen ditugu arrisku oro ezabatzeko. Beharrezkoa denean, probak egiteko metodo propioak sortzen ditugu produktu mota jakin batzuetarako, kalitatea bermatze aldera.

Baldintzak

Gure produktuak salgai dauden herrialdeetako segurtasun araudi aplikagarriak betetzeko diseinatu eta probatu dira. Umeentzako produktuen kasuan, lege-eskakizunetatik harago goaz. Adibidez, kaltegarriak izan daitezkeen edo osasun arazoak eragin ditzaketen substantzia kimiko guztiak kentzen ditugu. Halaber, gure produktuetan kantzerigenotzat hartu diren koloragarriak erabiltzea debekatu dugu, jakin dakigulako gai kimikoek haurrengan eragin handiagoa dutela helduengan baino.

Umeentzako produktu guztiei probak egiten dizkiegu Suedian dugun laborategi baimendunean, bai eta mundu osoko beste laborategi eta institutu independente baimendun batzuetan ere. Gainera, produktuei aldizkako probak egiten zaizkie bizi-balioan zehar, oraindik kalitate eta segurtasun baldintza guztiak betetzen dituztela bermatze aldera.